Gaur goizean izan da lanbide arteko gutxieneko soldataren igoeraren inguruko bilera, Madrilen. Bertan Espainiako Gobernuko, sindikatuetako eta patronaletako ordezkariek hartu behar zuten parte, baina azkenak ez dira joan, Lan Ministerioarekin harremanak hautsi baitzituzten joan den astean. Hala, UGTk %10eko igoera eskatu du, eta CCOOk, berriz, %8,2 eta %10 artekoa.
Nahiz eta bilerara ez joan, CEOE eta Cepyme patronalek beraien proposamena bidali diote Espainiako Gobernuari. Gutxieneko soldataren igoera %4koa izatea proposatu dute. Bestalde, nekazaritza sektorean, enpresek langileen gizarte segurantzagatik ordaintzen dutena %20 jaistea ere proposatu dute, patronalentzat gutxieneko soldata zabalduen dagoen sektoreetako bat delako. Horrez gain, kontratu publikoetan administrazioak enpresei ordaintzen dietena gutxieneko soldataren igoeraren adina handitzea proposatu dute.
Euskal Herrian, 1.400
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia elkarrizketatu dute gaur Euskadi Irratian, eta iritzi dio gutxieneko soldataren igoerak «Euskal Herriko errealitatea» kontuan hartu beharko duela. Hala, Araba, Bizkai, Gipuzkoan eta Nafarroan gutxieneko soldatak 1.400 eurokoa izan beharko lukeela uste du Lakuntzak. Bestalde, harentzat igoera Madrilen erabakitzea arazo bat da: «Ez daukagu eskumenik horri buruz Euskal Herrian hitz egiteko, eta ondorioa da Madrileko erreferentziak hartzen direla».