Sindikatuek eskatu dute ez onartzeko langile publikoen soldata igotzeko Espainiako dekretua

ELAk, LABek, CCOOk, Steilasek eta ESK-k egin dute eskaera. Salatu dute dekretu hori onartuz gero Espainiako Gobernuaren esku geratuko litzatekeela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoen baldintzak zehazteko eskumena.

LAB, ELA, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuen agerraldia, gaur, ELAren Bilboko egoitzan. BERRIA
LAB, ELA, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuen agerraldia, gaur, ELAren Bilboko egoitzan. BERRIA
iraia vieira gil
2024ko uztailaren 12a
17:30
Entzun

Arazoa ez da soldata zenbat igoko den, zenbateko horri buruzko erabakia nork hartzen duen baizik. Izan ere, ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuen ustez, baldin eta Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiek Espainiako Gobernuak proposatutako errege dekretua onartzen badute, Madrilen esku geratuko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoko langileen soldaten inguruan erabakitzeko ahalmena.

Onartuz gero, oinarrizko araudi bihurtuko da dekretua, eta, ondorioz, sindikatuen arabera, lansariak erregulatzeko aukera «ukatuko» zaie euskal erakunde publikoei. Espainiako Kongresuak hilabeteko epea du gobernuaren dekretuaren inguruan erabakitzeko, baina oraingoz ez dute iragarri bozketa noiz izango den. Bien bitartean, sindikatuek salaketa egin dute, eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten hainbat alderdi hurrengo egunetan bilduko dira egoerari buruz eztabaidatzeko.

Ekainaren 25eko Gobernu Kontseiluan onartu zuen Espainiako Gobernuak zerbitzu publikoetako langileen soldatak %2 igotzeko errege dekretua; sindikatuek, baina, Gasteizen eten nahi dute erabaki hori. Arrazoitu dutenez, Espainiako Gobernuak onartutako neurriak ez ditu asetzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoen beharrak. «Gogoan izan behar dugu ikasturte honetan milaka langile eta herritar atera garela kalera, politika publikoak aldatzeko eskatzera, zerbitzu publikoak indartzea aldarrikatzera, enplegu publikoa egonkortu behar dela plazaratzera, eta langile publikoen lan eta bizi baldintzak hemen erabaki behar direla esatera», azaldu du Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak.

«[Euskal alderdiak] biltzera gonbidatu ditugu, aurrez aurre azaldu nahi baitizkiegu langile publikoen soldatak hemen zehazteko aukerak»

MIREN ZUBIZARRETAELA sindikatuko ordezkaria

Elkarren iritziaren berri jakiteko helburuarekin, sindikatuek bilerak eskatu dizkiete EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko, PPko, Sumarreko eta Voxeko ordezkariei. PPk eta Voxek izan ezik, biltzeko prest daudela helarazi diete gainerako alderdi guztiek. «Aurrez aurre azaldu nahi dizkiegu langile publikoen soldatak hemen zehazteko aukerak», esan du Zubizarretak. Era berean, alderdi horiei eskatu diete behar bezala erabil ditzatela Espainiako Kongresuan dituzten ordezkariak, lansarien inguruko erabakiak Eusko Legebiltzarraren esku gera daitezen. Aurretik ere dekretua aldatzeko zuzenketaren bat egitea proposatu zieten, baina oraingoz ez dute egin.

Grebarik ez oraingoz

Sindikatuek ziurtatu dute mobilizazioekin eta protestekin aurrera jarraituko dutela baldin eta euskal alderdiek errege dekretua onartzen badute Espainiako Kongresuan, eta egoerak sortzen dituen beharren arabera hartuko dutela greba egiteko erabakia. «Gogora dezagun Espainiako Gobernuak errege dekretua onartu zuen egun berean hemen gauden sindikatuok elkarretaratzea egin genuela Gasteizen», esan du Xabier Ugartemendia LABeko bozeramaileak.

Protesta hartan, besteak beste, salatu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoen erosahalmena apaldu egin dela azkeneko hiru urteetan eta Eusko Jaurlaritzak uko egiten diola langile horien baldintzak negoziatzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.