Sindikatuek diote Bizkaiko arte grafikoetako grebak «erantzun masiboa» izan duela

Sektoreko 1.500 langileak deitu dituzte lanuztera gaurtik ostegunera. Lurraldeko ituna 2011tik dago berritu gabe.

Barakaldon gaur egindako manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Barakaldon gaur egindako manifestazioa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko ekainaren 11
13:10
Entzun

Hiru greba egunetako lehenengoa dute gaur Bizkaiko arte grafikoen sektoreko langileek. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute mobilizaziora, eta nabarmendu dute gaur erantzun «masiboa» izaten ari dela. Bihar eta etzi ere egingo dituzte lanuzteak. Guztira zazpi greba egun egingo dituzte, apirilean protesta molde horri ekin ziotenetik.

Sektorean 1.500 langilek egiten dute lan Bizkaian. Azken lurralde hitzarmena 2011. urtekoa da, eta sindikatuek adierazi dute porrot egin dutela ordutik hori berritzeko egindako saio guztiek. 2023ko ekainean osatu zuten negoziazio mahaia, baina salatu dute patronalak «negoziatzeko borondate falta eta planteamendu atzerakoiak» besterik ez duela erakutsi orain arte egin dituzten bileretan.

Ekainaren 4rako jarri zuten azken bilera, Eusko Jaurlaritzaren Preco lan gatazketarako bitartekaritza zerbitzuan, baina Cebek Bizkaiko patronaleko ordezkaririk ez zen azaldu, eta, sindikatuen arabera, esan zien hurrengo deialdietara ere ez zela joango, baldin eta beren asmoei uko egiten ez bazieten.

Zehazki, patronalak urte honetarako eta 2025erako KPIa gehi puntu erdiko soldata igoera proposatu du, eta %11,5eko eguneratzea 2023an bakarrik aplikatzeko. Sindikatuek, berriz, beharrezkotzat jotzen dute 2011tik, aurreko hitzarmena amaitu zenetik, galdutako erosteko ahalmen guztia errekuperatzea. Horrekin batera, eskaera gehiago egin dituzte, besteak beste, lanaldiarekin eta antzinatasunarekin loturik.

Patronalaren arabera, sindikatuen eskaerak onartzeak «arriskuan jarriko luke sektoreko enpresa askoren lehiakortasuna eta bizirautea». Gogoratu du 2011. urtetik hona arte grafikoetako Bizkaiko enpresen %65 desagertu direla.

Enpresak «geldirik»

Sindikatuek nabarmendu dute gaurko grebak, apirileko lanuzteetan bezala, «erantzun masiboa» izan duela. Adierazi dutenez, sektoreko enpresa erreferentzialak geldirik egon dira: hala nola Cartisa, Grafo, Biolid, Lantegi, Arteos eta Divipa. Mobilizazioak 05:30ean hasi dituzte Ezkerraldeko herrietan. Imprenta Garcinuño «erabat geldirik» egon da, eta Serigrafia Arcosan enpresako langileek grebarekin bat egin dute piketeak bertara joan ondoren. 11:30ean manifestazio jendetsua egin dute Barakaldon.

Lau sindikatuek patronalari eskatu diote bertan behera uzteko negoziazio mahaiko «blokeo jarrera». Eskaera zerrenda bateratua aurkeztu dute, eta horren gainean negoziatzeko eskatu diote Cebeki.

Bihar eta etzi greba eta mobilizazioekin jarraituko dute. Ostegunean, Bilbon, Cebeken egoitzaren aurrean elkarretaratzea egingo dute 09:00etan, eta 11:30ean manifestazioa, Bizkaia Plazatik abiatuta.

Tindategi eta garbitegietako langileak ere protestan

Bizkaiko tindategi eta garbitegietako langileak mobilizatu dira gaur, lurralde hitzarmen bat eskatzeko. Enpresa ituna ez dutenen kasuan, 2009az geroztik iraungita dagoen eta eraginkortasun mugatua duen hitzarmen batek arautzen ditu haien lan baldintzak; besteak beste, soldatak eguneratu gabe dituzte, eta «lanbide arteko gutxienekotik oso azpitik» daude.

 Sindikatuek uste dute sektorean ezinbestekoa dela lurralde hitzarmen bat, bereziki tindategietako langileentzat; azaldu dutenez, azpisektore horretako enpresak oso txikiak dira, eta beharginek zailtasun asko izaten dituzte antolatzeko eta enpresa itunak negoziatzeko. 2018an, lurralde hitzarmena berritzeko beste ahalegin bat egin zuten, baina, pandemia dela eta, elkarrizketak eten zituzten. 

Apirilean, LAB, ELA, CCOO, USO eta UGT sindikatuek erabaki zuten berriro ere negoziazio mahai batera deitzea, eta plataforma bateratu bat aurkeztu zuten beren eskaerekin. Besteak beste, honako hauek proposatu dituzte: soldatak igotzea, lanaldia murriztea, baja guztiak osatzea, plus berriak sortzea edo horien baldintzak eguneratzea, eta subrogazioa bermatzea. Cecobi-Atilavi patronalaren erantzuna oso bestelakoa izan zela azaldu dute. «Langile askoren lan eta bizi baldintzak okertuko lituzkeen hitzarmena nahi dute». Ekainaren 18an bilduko dira berriz, eta espero dute patronalak beste proposamen bat ekartzea, «nahiz eta ez duen horretarako konpromisorik hartu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.