Lan istripuen ardura enpresen eta patronalen gain jarri dute sindikatuek. Gaur, apirilaren 28an, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, sindikatuak kalera atera dira Hego Euskal Herrian, lan istripuen kopuru handia eta prebentzio falta salatzeko. Enpresaburuek absentismoan jarri nahi dute arreta, baina sindikatuek irmo gaitzetsi dute patronalaren jarrera hori.
Mobilizaziorik ikusgarriena Iruñeko Sarasate pasealekuan egin dute LABek, ESK-k, Steilasek, EHNEk, Etxaldek eta CGTk. Hego Euskal Herrian 64 langile hil ziren lanean iaz, eta haien gorpuak irudikatu dituzte Foruen Monumentuaren aurrean, Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte lelopean. Ehorztetxe bateko langileak irudikatzen zituzten batzuek itxi dituzte hildakoen poltsak.

Donostian, berriz, 64 zenbakia erakusten zuen mosaiko bat osatu dute aterki beltzez, lan osasunaren errealitatea agerrarazteko. Inko Iriarte LABeko lan osasuneko arduradunak azpimarratu du «kopuru ikaragarria» dela, eta gaineratu gobernuek ofizialki 102.000 istripu traumatiko aitortu dituztela. Sindikatuaren aburuz, gaixotasun profesionalak ez dira onartzen, eta enpresek, «mutualitateen bidez», lan arriskuen errealitatea ezkutatu dezakete.
ELAk, berriz, Bilbon egin du ekitaldia, eta «patronalaren zekenkeria» gaitzetsi du. Sindikatuak salatu du lan istripurik larrienek zerikusia dutela prekaritatearekin, kontratuaren lehen bi hilabeteetan izaten baitira istripuen erdiak. Pello Igeregi Lan Osasuneko arduradunak gogor egin du enpresaburuen kontra: «Langile klaseak patronal kriminal eta sadiko bat pairatzen du, hark langileen biziaren kontra egiten baitu, eta, gainera, bere biktimak kriminalizatu. Absentismoaz hitz egitea erabat iraingarria da. Enpresen utzikeriak 70.000 kaltetu zuzen eragiten dituen honetan, hori da eztabaida?».

CCOOk batzarra egin du Bilbon, eta 12:00etan manifestazioa egin du, Confebasken egoitzatik abiatuta. Sindikatuak enpresetako prebentzio falta gaitzetsi du, eta mutualitateen «jokabide penagarria». UGTk ere elkarretaratzea egin du Bizkaiko hiriburuan, Plaza Eliptikoan. Prebentzio neurriak eskatu ditu, eta gogorarazi lan istripuak izatea ezin dela normaltzat jo.
