Sindikatu nagusiek gutxieneko soldata propioa adosteko eskaera egin diete patronalei

Confebaskekin eta CENekin lanbide arteko akordio bat negoziatzeko eskaria erregistratu dute ELAk eta LABek, eta CCOOk eta UGTk gauza bera egin dute EAEn.

LABeko Oihana Lopetegi, gaur, Lan Harremanen Kontseiluan eskaria erregistratzen. LAB SINDIKATUA
LABeko Oihana Lopetegi, gaur, Lan Harremanen Kontseiluan eskaria erregistratzen. LAB SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2025eko urtarrilaren 14a
12:45
Entzun

Sindikatu nagusiek bat egin dute gutxieneko soldata propioaren alde. Abertzaleek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru) joan den astean iragarri zuten elkarrekin egingo dutela borroka Hego Euskal Herrirako lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat lortzearen alde, bi bidetatik: gutxieneko soldata propio baten aldeko HEL herri ekinaldi legegile bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean eta beste bat Nafarroako Parlamentuan, eta gutxieneko soldata propioa finkatuko duen lanbide arteko akordio bat ere erdietsi nahi dute. ELAk eta LABek gaur erregistratu dituzte Confebask eta CEN patronalekin azken hori negoziatzeko eskariak, eta CCOOk eta UGTk gauza bera egin dute, baina EAEn soilik.

Sindikatu abertzaleek uste dute HELaren bidea eta lanbide arteko akordioarena bateragarriak direla, «ekinaldiak sortutako atxikipenak presio egiten baitie patronalei akordio bat lortzeko, eta akordio bat negoziatzea lagungarri izan baitaiteke legezko aldaketak izan daitezen». CCOOk eta UGTk ez dute iritzi bera, ordea. Azken horretako iturriek BERRIAri adierazi diotenez, «legeak jasotzen dituen bideetatik soilik» egingo dute gutxieneko soldata propioaren alde, hau da, negoziazio mahaiaren bidez.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk LHK Lan Harremanen Kontseiluan tramitatu dute Confebaskekin Gizarte Elkarrizketarako Mahaian esertzeko eskaria. Sindikatu nagusiak 2017an elkartu ziren azken aldiz patronalarekin mahai horretan, EAEn negoziatutako lan hitzarmenak babestea adostu zutenean. Otsailaren 6an biltzea proposatu dute, eta Confebaskek baieztatu du han izango dela.

datuak

1.134

SMIa zenbatekoa den Hegoaldean. Gutxieneko soldata gordina urtean 15.876 eurokoa da: hau da, hilean 1.134 eurokoa hamalau ordainsaritan banatuta, edo 1.323 eurokoa hamabitan banatuta. Nabarmen igo da Pedro Sanchezen agintaldian, hura iritsi aurretik, 2018an, 736 eurorena baitzen. Kopuru horiei gizarte kotizazioak eta errenta zerga kendu behar zaizkie.

1.802

SMICa zenbatekoa den Iparraldean. Urtean 21.622 euroren soldata gordina dago Iparraldean, edo 17.116 eurorena soldata garbian. Hamabi ordainketa egitea denez ohikoa, hilean 1.802 euro gordin dira, eta 1.426 euro garbi.

Sindikatuek diote Hego Euskal Herriko eta Espainiako errealitate sozioekonomikoa ez direla berdinak, eta horri egokitu behar zaiola gutxieneko soldata. Gaur egun hilean 1.134 eurokoa da SMIa; ELAk 1.795 eurorena izatea defendatu du, eta LABek, berriz, 1.600 eurorena izatea. UGTko Dani Gonzalezek, negoziatzeko eskaria erregistratu berritan, adierazi du azken sei urteetan SMIak gora egin izanak ez duela «oztopo» izan behar «Euskadiko errealitatearekin bat datorren gutxieneko soldata bat ezartzeko». CCOOko Fran Osunak, bestalde, lau sindikatuak ados jarri izana goraipatu du: «Uste dut horrek erakusten duela neurriak zer garrantzi duen».

ELAk, gaur bidalitako ohar batean, datuak azpimarratu ditu. «EAEko BPG barne produktu gordina biztanleko 39.547 eurokoa da, eta Nafarroakoa, 37.088 eurokoa; Estatukoa, berriz, 30.968 eurokoa da. Era berean, EAEko batez besteko soldata 32.314 eurokoa da, Nafarroakoa 29.190 eurokoa, eta Estatukoa 26.949».

Gehitu du Eusko Jaurlaritzak 2022ko pobreziari buruzko txostenean onartu zuela nahikotasunez bizi ahal izateko ezinbestekoa dela urtean 19.848 euroren diru sarrerak izatea. Indarrean dagoen gutxieneko soldatak urtean 15.876 euroren diru sarrerak izatea bermatzen du, eta «orain eztabaidatzen ari denaren arabera, 16.576 eurora igoko da 2025ean, agertokirik baikorrenean».

Mahai propio bat

LABek gogoratu du aspalditik dabiltzala gutxieneko soldata hemen zehaztearen alde borrokan, eta Confebask eta CEN patronalek orain arte izandako «borondate falta» gaitzetsi du. Bai LABek eta bai ELAK adierazi dute patronalek benetan negoziatzeko borondatea izan dezaten ezinbestekoa dela Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak akordio horren aldeko jarrera aktiboa izatea, eta enpresarien elkarteei presio egitea.

Eusko Jaurlaritzak esan zuen prest dagoela beharrezkoa den guztia egiteko eskaerari bide emate aldera, eta Igor Arroyo LABeko koordinatzaile nagusiak atzo esan zuenez, gaur egun soldataren pilota patronalaren teilatuan dago, eta hura da «oztopo bakarra».

Dena den, ikusteko dago zein izango den negoziatzeko esparrurik egokiena. Arroyok zehaztu zuen Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuarekin bildu zirenean hark onartu ziela Elkarrizketa Sozialeko mahaia ez zela aproposa. ELAk eta LABek ez diote zilegitasunik ematen mahai horri, eta, diotenez, horregatik esan zien Torresek gutxieneko soldata propioaren gaia jorratzeko «mahai propio» bat osatu beharko litzatekeela.

Madrilen bihar elkartuko dira smi-a 1.184 eurora igotzeko

Espainiako Lan Ministerioak 50 euro igo nahi du gutxieneko soldata. Proposamen hori esku artean duela, bihar elkartuko da CCOO eta UGT sindikatuetako eta CEOE eta Cepyme patronaletako ordezkariekin. Onartuz gero, SMIa hilean 1.184 eurokoa bihurtuko litzateke Hego Euskal Herrian aurtengo urtarrilaren 1etik hasita, atzeraeraginezko izaerarekin.

 

Eragileekin bildu aurretik, goizean, Yolanda Diaz ministroak adituek gaiari buruz osatutako txostena aurkeztuko du. Han bi aukera jasotzen dira: SMIa %3,4 igotzea, edo, gobernuak nahi duen moduan, %4,4 igotzea. Helburua da soldata hori jasotzen dutenek erosahalmenik ez galtzea, hau da, batez besteko soldataren %60 jasotzea.

 

Itxura guztien arabera, ordea, zaila izango da enpresariek gobernuaren asmoak onartzea. Bi patronalek neurriaren aurkako adierazpenak egin dituzte azken orduetan. Dena den, iaz ere haien babesik gabe onartu zuten gutxiengo soldata %5 igotzea.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.