Sindikatu eta eragileen deialdi bateratuak langileen eskubideen alde egin du Baionan

Deialdi bateratua egin dute hainbat sindikatu eta eragilek Lapurdiko hiriburuan. Kulturgileak ere batu dira, beren sektorea urritik hetsita dagoela salatzeko. 

Deialdi bateratua egin dute goizean, Baionan. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko maiatzaren 1a
13:06
Entzun

Ehunka lagun bildu dira goizean Baionan, langileen eskubideen defentsan. CGT, SNUIPP eta LAB sindikatuez gain, Gazte Ekintza kolektibo sortu berria, EBA Egiazko Berdintasunaren Alde, Etorkinekin kolektiboa, Bizi, eta Baionako antzokia okupatu duten kultur eragileak batu dira deialdira. «Atzoko, gaurko eta biharko» langileen batasunera deitu dute, «mundu justu, garbi, sozial, solidario, berdinzale eta feminista» baten alde. 11:00etan abiatu da manifestazioa, lan burtsatik, eta, 10:30ean, Bizi kolektiboak «aberatsen manifestazio» ironikoa ere egin du, aberastasunen metaketa salatzeko. Maulen ere egin dute manifestazio bat.

→ Irakurri gehiago: LABek greba orokor bat egiteko prest dagoela esan du, eta ELAk «eskubide gehiago eta murrizketa gutxiago» aldarrikatu ditu

Iaz, konfinamendu betean egin zuten Maiatzaren 1a, eta balkoietan zintzilikatu zituzten aldarriak. Aurten, berriz atera dira karrikara, eta iragan urtearen bilana egin dute antolatzaileek. Argitxu Dufau LABeko kideak honela adierazi du: «Elkarlanean mobilizatu gara, baina beti ber borrokak defenditzen ditugu. Aurten bereziki zaindu nahi ditugu gazteak, aurre egin behar diotelako prekaritateari. Ekologia ere zaindu nahi dugu, sistema kapitalistak gure amalurra suntsitzen duelako». Salatu du azken hamarkadetan zerbitzu publikoak «suntstiu» dituztela Frantziako agintariek, eta, haren ustez, krisi sanitarioak agerian utzi du «sistema kapitalista bukatu behar» dela. Elise Dillet Biziko kideak sindikatu eta eragileen irakurketa bateratuan ere azpimarratu du krisi sanitarioaren garaian «kapitala azkarki emendatu» dela. Aberastasunen metaketa «guti batzuen esku» geratzen dela salatu dute. 

Gazte Ekintza kolektibo sortu berria deialdi bateratuaren parte izan da. Kolektiboko kidea da Mathilde —ez du abizenik eman nahi izan—, 21 urte ditu, eta gazteen egoeraz aritu da. «Zapalkuntza mota oro desagerrarazi nahi dugu, eta horretarako atera gara kalera. Gazteok krisi sanitarioak sortu krisi sozioekonomikoa pairatuko dugu, eta gure eskubideen defentsan borrokatu beharko dugu». 

Manifestazioan, bestalde, hainbat gaztek banketxeak, asurantza etxeak, etxe agentziak eta bidaia agentziak izan dituzte jomugan. Tindaketak egin dituzte horien aitzindegietan, «langileon etsaia» eta «lan gutiago orgasmo gehiago» gisako mezuak idatziz. Pinturaz beteriko arrautzak ere jaurti dituzte. 

Mugimendu feminista ere elkartu da protestara. Oriane Aiestaran Itaiako kidea honela mintzatu da: «Sektore feminizatuek gogorki pairatu dute krisia, batez ere zaintza lanetan ari direnek. Gure lana da ikusgarritasuna kentzen zaien langile horiei ahotsa ematea». Manifestazio bukaeran, abesbatza feministak hainbat kantu eman ditu, kultur arloko langileekin batera. 

Kultura ere kalean

Urritik hetsirik dago kultur arloa, eta artistak ere karrikara atera dira. Baionako antzokia okupatu dute azken asteetan. Baionako antzokian elkartu dira goizean, eta manifestaziora batu dira, musikan arituz ibilbidean zehar. Kultur arloko langileek gogorki salatu dute langabeziaren erreforma, sektorea are prekarioago eginen baitu, haien erranetan.

→ Irakurri gehiago: Iruñean, UGT eta CCOO elkarrekin manifestatu dira Betetzeko ordua da lelopean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.