Sindikatu bakarra nahikoa izango da Mahaiak proposamenak onartzeko

Gehiengo sindikala aurka izan arren, Gizarte Elkarrizketarako Mahaia organo gisa sortu du Jaurlaritzak. Otsailean egin nahi du lehen bilera ofiziala, «politika publikoen negoziazioa» sustatzeko xedearekin

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren azken bilkura, CCOO eta UGT itzuli ondoren, iazko irailean. MIKEL ARRAZOLA.
xabier martin
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
ELA eta LAB sindikatuek hamaika aldiz salatu dutena islatu du Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak atzo onartutako Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren dekretuak: sindikatu bakar baten oniritzia nahikoa izango du organo horrek unean uneko erabakiek mahaiaren zigilua izan dezaten. Hau da, mahaiaren oniritzia lortuko dute Jaurlaritzak, Confebaskek eta sindikatu parte hartzaileek egiten dituzten proposameneklan harremanen, enpleguaren, industriaren eta beste hainbat esparruren inguruan, baldin eta sindikatu bakar bat ados badago. Horrek esan nahi du, esaterako, UGTren baietza gai izango dela atal sindikalaren adostasuna bermatzeko, eta Mahaiak politika horiei eman diezaiekeen zilegitasuna errazteko. UGTk %10eko ordezkaritza dauka EAEn.

Beti izango da mugatua, ordea, Gasteizko gobernuaren politikek Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren bidez lor dezaketen zilegitasun soziala, organo horretan ez baitu parte hartuko gehiengo sindikalak. ELAk eta LABek gogor salatu dute Elkarrizketa Sozialerako Mahaia organo iraunkor bilakatzeko proiektua; besteak beste, «gehiengo demokratikoak ez dituelako errespetatzen». Onartutako dekretuak islatzen duenez, ELAk (%40,83) eta LABek (%19), mahaiko kide balira ere, ezingo lukete galarazi organo berriak bere egitea Jaurlaritzaren eta Confebasken proposamenak, betiere CCOOk (%18,77) eta UGTk (%10), edota soilik bietako batek, alde bozkatuko balute. Proposamen horiek «dokumentaturik» geratuko lirateke «mahaiaren azken erabaki gisa».

Horrela esplikatu du Jaurlaritzak dekretua: «Oro har, mahaiaren akordioak eta erabakiak aho batez hartuko dituzte hura osatzen duten aldeek. Hala ere, akordio-proposamen baterako Gobernuko ordezkariak eta enpresa-erakundeko ordezkariak ados badaude, eta sindikatu-erakunderen batek edo batzuek aldeko botoa ematen badute, proposamena Gizarte Elkarrizketarako Mahaiaren azken erabaki gisa dokumentatuta geratu ahalko da, landutako gaiaren inguruan politikak edo jarduketak garatzeko». Argi esanda: UGTk eta CCOOk, elkarrekin edo bakoitzak bere aldetik, gaitasuna izango dute Mahaiaren atal sindikalaren baietza emateko, proiektu bat Mahaiaren labela eskura dezan.

San Jose eta historia

Lan sailburu Maria Jesus San Josek ez zuen horrelako xehetasunik eman, atzo. Haatik, «ardura» eskatu zien sindikatu abertzaleei mahaira itzul daitezen, eta parte har dezaten «akordioak bilatzeko aro berri honetan». «Ez dago aitzakiarik», esan zuen San Josek, dekretu «historikoak» erdietsi duen organoan ez parte hartzeko. Are, etorkizunean, Elkarrizketa Sozialerako Mahai berria lege bihur daitekeela ohartarazi zuen, horrek mahaiko kide ez direnei galerarik ekar diezaiekeen edo ez aipatu gabe.

Mahaiaren eginbeharra izango da lan arloarekin eta negoziazio kolektiboarekin zerikusia duten gaietan «politika publikoen negoziazioa eta itunpetzea sustatzea», Jaurlaritzako Lan Sailak azaldu duenez. Mahaia erakunde gisa sortzen duen dekretua larunbatean da indarrean jartzekoa; orduan, hilabete batean eratuko dute. Baina egun horretako argazkian oso gabezia nabarmenak egongo dira, ELA eta LAB ez direlako han izango.

ELAk, atzo, esan zuen dekretua onartu dutela «euskal demokrazia sindikala neutralizatzeko». Uste du erabakiak hartzeko moduak «ez dituela arau demokratikoak errespetatzen»; «Urkulluren gobernuari oztopo egiten dio egungo gehiengo sindikalak. Horregatik inposatzen du erabakiak hartzeko modu hau». Horiek horrela, lan harremanetarako Euskal Esparruaren aurkako «eraso zuzen» gisa hartu du dekretua.

LABek, berriz, gogorarazi zuen organoak «ez dituela gehiengo sindikalak errespetatzen», eta «oinarrizko arau joko demokratikoak» ere ez. «Politikan pentsaezina litzateke gutxiengoa gehiengoari gailentzea», esan du LABek, eta esparru sindikalean hori gertatzen ari dela dio. LABen arabera, proiektuak ez du lan harremanen Euskal Esparrua eraikitzeko xederik, «ez du bilatzen marko autonomo bat eraikitzea inolako kanpo injerentziarik gabe».

CCOOren itzulera

Erakunde izaerarik gabe ere, azken legealdietan martxan izan da EAEko Elkarrizketa Sozialerako Mahaia. Baina apenas izan duen emaitzarik, eta tirabira asko sortu dira partaideen artean. CCOOk mahaia uztea erabaki zuen apirilean, Jaurlaritzak eta Confebaskek enpleguari buruzko itun bat sinatu ondoren. UGTk ere utzi zuen handik astebetera, eta negoziazio luzeak behar izan zituzten gauzak onbideratzeko. Irailaren hondarrean bueltatu zen CCOO mahaira, organoa sortzeko dekretu onarpenaren atarian.

Urtean bi aldiz batuko da Mahaia, ohiko bileran, eta aldeek adosten dutenean, ezohiko bileran. Lantaldeetan antolatuko da; gaien edo sektoreen araberakoak izango dira taldeak, eta gaiak prestatzea izango dute helburu, kontuan har daitezen eta, hala badagokio, erabakiren bat hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.