Sindikatu abertzaleek Hego Euskal Herrirako lanbide arteko gutxieneko soldataren mahaia berpiztu nahi dute. Iragan otsailaren 6an Confebaskek uko egin zion negoziatzeari, baina sindikatuek beste aukera bat eman nahi diote, eta martxoaren 20rako egin dute hurrengo deialdia. Data horren aurretik bilerak eskatu dituzte Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta lehendakariordearekin, patronala presionatu dezaten, eta negoziatzera behartu. Bien bitartean, Herri Ekimen Legegilea hauspotzeko konpromisoa hartu dute.
ELAk eta LABek haien arteko gatazkak albo batera utzi eta berriz ere eskuz esku jardungo dute eskaera zehatz baten alde. Bada zerbait, auziak gutxienez urte osoa iraungo baitu. Alboan izango dituzte ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde, eta sei sindikatuek agerraldi bateratua egin dute gutxieneko soldata ezartzeko mahaira berriz deitzeko. Are gehiago, esan dute «eskaintza bateratu eta sendoa» aurkeztuko dutela, baina ez dute kopururik zehaztu. Aurreko bileran sindikatu bakoitzak bere proposamen propioa aurkeztu zuen.
«Eskaera oso oinarrizkoa da, eta Confebasken ezezkoa onartezina da. Gainera, diskurtso erasokorra, neoliberala eta autoritarioa darabil, eta atea itxi nahi dio soldata lortzeko aukerari»IGOR ARROYOLABeko koordinatzaile orokorra
Martxoaren 20an egingo dute bilera, Lan Harremanen Kontseiluan. CCOOk eta UGTk baieztatu dute bilera horretara joango direla. Bi sindikatuek eskaera orokorraren alde egin izan dute, baina xehetasunetan murgiltzean sindikatu abertzaleek urrun ikusten dituzte, Nafarroan bereziki. Bertan, otsailaren 11n bikura bat egin zen gutxieneko soldataz hitz egiteko, baina CEN, CCOO eta UGT ez ziren joan. Aurki beste bilera batera deituko dute.
Zalantza gehiago sortu ditu Confebasken erreakzioak, hala onartu du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak: «Eskaera oso oinarrizkoa da, eta Confebasken ezezkoa onartezina da. Haren diskurtsoa erasokorra, neoliberala eta autoritarioa da, eta atea itxi nahi dio soldata lortzeko aukerari».
Eta nola aldarazi nahi dute iritziz? Jaurlaritzaren bitartez. Mikel Torres lehendakariordeak onartu zuen Confebasken jarrerak atsekabea sortu ziola, eta atsekabe hori neurri bilaka dadin nahi dute. Bilera eskaera ofiziala egingo diote, baita Imanol Pradales lehendakariari ere. «Ezin diote bigarren aukera honi ihes egiten utzi», nabarmendu du Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkari nagusiaren albokoak: «Ezin dute patronala esertzera behartu, baina badaude moduak haiek mahaira hurbilarazteko».
«Jaurlaritzak ezin du patronala negoziatzera behartu, baina badaude moduak mahaira hurbilarazteko. Ezin dio bigarren aukera honi ihes egiten utzi»
AINHOA MUÑOAELAko idazkari nagusiaren albokoa
Sindikatuek onartu dute Confebasken ezezkoak ez duela ezer aldatu haien eta erakunde publikoen arteko harremanean. «Babes sozial, politiko, ekonomiko, logistiko eta mediatikoa ematen diete oraindik», salatu du Arroyok: «Atsekabea adieraztea ez da nahikoa, jarrera aktiboa izan behar dute». Gaineratu dutenez, gutxieneko soldata legez ezartzea ezinezkoa den argudioa ez da egia, eta lanbide arteko akordio baten bitartez lor daiteke eskumen hori. Sindikatuek, halaber, aurreratu dute interpelazio zuzena egingo dietela Arabako (SEA), Bizkaiko (CEBEK) eta Gipuzkoako (ADEGI) enpresarien elkarteei, eta Confebasken jarrerarekin bat egiten duten argitzeko eskatuko dietela.
Ez dute grebarik aipatu
Bien bitartean, eskaera sozializatzen jarraituko dute, eta sindikatuen asmoa da Herri Ekimen Legegilea (HEL) indartzea. Hego Euskal Herriko erakundeek gutxieneko soldata ezartzeko ahalmen juridikoa lortzeko prozesua has dezatela behartu nahi dute. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan eskaerak egin zituzten urtarrilaren 8an, eta haien oniritzia baino ez da falta sinadura bilketan erabiliko dituzten milaka koaderno ofizialak zabaltzeko. Lau hilabeteko epea izango dute sinadurak biltzeko, eta, uda tartean izanda, litekeena da udazkena izatea sinadurak aurkezterako.
Horrez gain, mobilizazioak ere egingo dituzte, eta gutxieneko soldataren inguruko jardunaldi zientifiko batzuk antolatuko dituzte maiatzaren 16an. Itxura guztien arabera, gutxieneko soldata izango da aurtengo Maiatzaren Leheneko eskaera, eta ikusi beharko da mobilizazioen bidez nora iristeko prest dauden. Greba orokorren bat udazkenean? Ez dute halakorik aipatu agerraldian. Sindikatuek, izan ere, itxaropen handia dute HELak parlamentuetan eragin ditzakeen eztabaiden inguruan.
Kopurua? Oraindik ez
Sindikatu abertzaleek gutxieneko soldatarako kopuru bat adostu dute baina ez dute jendaurrean jakinarazi. Hurrengo egunetako bileretan aurkeztuko dute proposamena. LHKan eginiko lehen bileraren aurretik 1.600 eurokoa behar zuela zioen LABek; ELAk, berriz, 1.795ekoa. Biak ala biak kopuru gordinak dira (ez garbiak), eta hamalau ordainketa egitea planteatzen dute. Jaurlaritzak ere badu eskaintza propioa, baina oraindik zehazten ari da. Urtarrilean ikerketa bat kontratatu zuen, gutxieneko soldatak zenbatekoa behar duen kalkulatzeko. Ikertalde aholkularitzak egingo du ikerketa, eta sei hilabeteko epea du, beraz, uda baino lehenago ez dute emaitzarik jakinaraziko. 15.000 euroko kostua izan du ikerketa horrek.