Gutxieneko soldata

Sindikatu abertzaleak elkarrekin arituko dira Hegoalderako gutxieneko soldataren alde

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek bi bide dituzte abian horretarako: gutxieneko soldata propio baten aldeko herri ekinaldi legegilea eta hori jasoko duen lanbide arteko akordio bat. Jaurlaritzak esan du bat egiten duela helburuarekin.

Mitxel Lakuntza urrian, Bilbon, ELAren nazio ekitaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mitxel Lakuntza urrian, Bilbon, ELAren nazio ekitaldian. 1.795 euroko gutxieneko soldata legez ezartzea proposatu zuen han. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko urtarrilaren 8a
11:20
Entzun

Sindikatu abertzaleek bat egin dute Hego Euskal Herrirako lanbide arteko gutxieneko soldata propio bat lortzearen aldeko borrokan. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek gaiaren inguruko zenbait ekinaldi egin dituzte azken hilabeteetan, eta orain, elkarrekin, bi bide nagusi jorratu nahi dituzte: gutxieneko soldata propio baten aldeko HEL herri ekinaldi legegile bana aurkeztu diete Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari, eta gutxieneko soldata propioa finkatuko duen lanbide arteko akordio bat ere erdietsi nahi dute. Eusko Jaurlaritzak zehaztu du begi onez ikusten duela eskaeraren xedea.

Herri ekinaldi legegilearen helburua da Hego Euskal Herriko administrazioek legezko gutxieneko soldata arautzeko aukera izan dezatela eskatzea. Sindikatuen iritziz, gutxieneko soldata finkatzeko zenbait irizpide erabil daitezke, «baina argi dago Espainian finkatutakoa oso urrun geratzen dela Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzeko».

Garbiñe Aranburu LABen batzar nazionalean, abenduan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Garbiñe Aranburu LABen batzar nazionalean, abenduan, Bilbon. Gutxieneko soldataren aldeko presioa areagotzera deitu zuenMONIKA DEL VALLE / FOKU

Gainera, defendatu dute Hegoaldeko gizarte, kultura, sindikatu eta politika sarea beste lurraldeetakoen ezberdina dela, bai osaerari dagokionez, bai ereduari dagokionez: «Hemengo gutxieneko soldatak euskal gizarteak behin eta berriz hauteskunde sindikaletan edo mobilizazio gaitasunean erakusten duen borondate berezituari erantzun behar dio». Gainera, uste dute gutxieneko soldata propio bat izatea burujabetzaren aldeko aurrerapausoa ere izango litzatekeela: «Gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetuko ditu aberastasuna modu justuagoan banatuz».

datuak

1.134

SMIa, Hegoaldean. Urtean 15.876 euroko gutxieneko soldata gordina dago: hau da, 1.134 euro hilean hamalau ordainsaritan banatuta, edo 1.323 euro hamabitan banatuta. Nabarmen igo da Pedro Sanchezen agintaldian, hura iritsi aurretik, 2018an, 736 eurorena baitzen. Kopuru horiei gizarte kotizazioak eta errenta zerga kendu behar zaizkie.

1.802

SMICa, Iparraldean. Urtean 21.622 euroren soldata gordina dago Iparraldean, edo 17.116 eurorena soldata garbian. Hamabi ordainketa egitea denez ohikoa, hilean 1.802 euro gordin dira, eta 1.426 euro garbi.

Gaia aspaldidanik dabil sindikatuetako arduradunen ahotan. LABek 1.600 euroko gutxieneko soldataren aldeko presioa areagotuko zuela iragarri zuen abenduan; adierazi du helburu hori lortzeko bidea lanbide arteko akordio bat dela. Bilbon egindako agerraldian, Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak adierazi zuen gaur berretsi dutena: «sindikatu guztiak» daudela lanbide arteko akordio horren alde, kopuru hori «hemen eta orain» erabakitzeko. 2017an sinatu zen eragin handiena duen tankera horretako akordioa, hain zuzen EAEn adosturiko lan hitzarmenei lehentasuna ematen diena.

Herri ekinaldi legegileak, berriz, ELAk sustatu ditu. Irailean aurkeztu zuen orain Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura eraman duen proposamena: Hego Euskal Herriko soldaten beheko muga hilean 1.795 eurorena izatea, hamalau ordainketetan banatuta. «Justizia soziala benetan areagotzeko» saio bat dela ziurtatu zuen Mitxel Lakuntzak, baina baita «subiranotasun sozialaren aldeko apustu bat» ere.

Sindikatuen iragarpenaren ostean, EH Bilduk babesa agertu die HEL horiei. Koalizio subiranistak uste du Euskal Herriak betetzen dituela SMI propio bat izateko beharrezko baldintzak, eta «herri akordio garrantzitsu bat lortzeko aukera» delakoan dago. «Subiranotasun ariketa bat da, Euskal Herriak dituen baldintzak ekonomikoak eta sozialak baliatuko bailituzke langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko».

Jaurlaritza, «baldintzak sortzeko prest»

Eusko Jaurlaritzak bere oniritzia eman dio gutxieneko euskal soldata propioa ezartzeko eskaerari, bai behintzat Araba, Bizkai eta Gipuzkoar eragingo liokeena. Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua izan da babes horri hitzak jarri dizkiona, eta prest agertu da «baldintzak sortzeko» gutxieneko soldata hori gauzatuko lukeen akordioa lortze aldera.

«Gutxieneko soldata horren kopurua edo tartea ezartzeko ikerketa hasia da. Aurtengo lehen sehilekoan eman nahi genuke haren berri»MIKEL TORRESEusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua

Torresek astearteroko Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko agerraldian eman ditu azalpenak, eta zehaztu du ez dela «inolako eskuduntza berririk» behar soldata hori ezartzeko. Sindikatuekin bat egin du esatean lanbide arteko akordio bat litzakeela modurik aproposena. Bide horrek, baina, enpresarien onespena ere beharko luke, eta hor egin beharko du sukalde lan gehien Jaurlaritzak. 

Era berean, gehitu du bere sailak hasia duela gutxieneko soldata horren zenbatekoa zehazteko ikerketa, eta aurtengo lehen seihilekoan eman nahiko lukeela haren berri. «Txosten objektibo bat izango da, datu ekonomiko eta soziolaboralak aztertuta, eta ondoren ezarriko dugu gure ustez beharko lukeen, soldata, kopuru edo tartea». Tarte baten aukera aipatu izana deigarria da, patronalek esan baitute sektore guztiak ez direla berdinak eta tarte baten aukerak malgutasuna erantsi diezaiek negoziazioei. 

Negoziatzen hasteke

Sindikatuek Confebaski behin baino gehiagotan eskatu diote ardura har dezala gutxieneko soldata hobetzeko. Tamara Yague Confebaskeko presidenteak ateak itxi zizkion lanbide arteko akordioari duela bi aste egindako agerraldi batean. Hasteko, zehaztu zuen Espainiako Gobernuak duela hori ezartzeko eskuduntza, eta gehitu zuen sektoreko lan hitzarmen guztiek dutela «errealitatera egokitzen den gutxieneko soldata», eta Hego Euskal Herriko soldatak «Espainiakoak baino handiagoak direla». Halaber, adierazi zuen fiskalitatearen bitartez ere igo daitezkeela soldatak.

Dena den, esan zuen badagoela aukerarik akordio batera heltzeko: «Adituen batzordea biltzen denean eta proposamen bat egiten duenean, elkarrizketa sozialerako mahaira deituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.