Silikosiaren maratoi luzea

11 urteko instrukzioaren ondoren, Novograniteko eta Cosentino multinazionaleko arduradunak epaitu dituzte Bilbon. Fiskaltzak bi urtetik gorako zigorrak eskatu ditu.

Cosentino etxearen biltegi bat. Novogranitek hari erosten zion materiala. CARLOS BARBA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Abuztuaren 1ean 11 urte beteko dira Novogranit Lemoako marmoldegia (Bizkaia) hedabideetan lehen aldiz agertu zenetik. Zoritxarrerako atera ere, CCOO sindikatuaren ohar batengatik izan baitzen albiste:lantaldean sei silikosi agertu zirela salatu zuten. Gerora, zortzi izango ziren kaltetuak, eta sindikatuak epaibidean hasteko asmoa azaldu zuen. Ikerketa eta instrukzio luze baten ondoren, akusatuak hilaren 7an eseri ziren Bilboko Zigor Arloko 5. Epaitegian, eta fiskaltzak bi urte eta hiru hilabeteko zigorrak eskatu zituen haientzat. Tarte honetan, gaitzak asko erasan dio langileen osasunari.

«Ez dizut gezurrik esango: langileak atsekabetuta daude, urduri. Justiziatzat jo dezakegun edozein erabaki oso berandu iristen ari da eta». Aitortza Alfonso Riosena da, Euskadiko CCOOko osasun arloko arduradunarena. Kaltetu guztiak sindikatuko kideak dira, eta hark lagundu die epaibidean. Riosen kritika, baina, harago doa. «Tamalez, oso ohikoa da lan osasunarekin zer ikusia duten auziak hainbeste luzatzea. Enpresek badakite nola luzatu. Amiantoarekin esperientzia handia dugu. Kasu askotan, langilea epaiketa iritsi aurretik hiltzen da».

Novograniten, auzian, baina, epaiak hanka gehiago ditu. Marmoldegiko arduradunez gain—porrot egin eta itxi egin zuten—, Cosentino eta Levantina harrobietako arduradunak eta enpresako prebentzio medikua ere salatu ditu fiskaltzak. Baina zergatik bi harrobiak? Ustez beren materialen arriskuen berri garaiz eman ez zutelako.

Cosentino 2021ean 1.400 milioi euro fakturatu zituen multinazional bat da, Silestone markaren sortzailea. Levantina, berriz, Ceasarstonerena. Sukaldeetako estalkiak egiteko erabiltzen diren harrien ordezkoak dira, eta oso zabalduak daude merkatuan.Novograniteko langileek urte luzez moztu eta leundu zituzten. «Ez dira harri naturalak, kuartzoz eginiko aglomeratuak baizik», azaldu du Riosek: «Marmolak edo granitoak bezalako harri naturalen silize kopurua %20 ingurukoa izaten da. Material horietan, berriz, %95 ingurukoa da».

Silize kantitatea xehetasun garrantzitsua da, hura baita silikosia eragiten duen substantzia. «Hamahiru edo hamalau urtez landu genuen, eta marmola izan balitz bezala beti; Bermeoko kasuak agertzen hasi zirenean hasi ziren prebentzio neurri zorrotzagoak ezartzen gure artean, baina ordurako berandu zen», onartu zuen gaixoetako batek 2016an BERRIA-ri emaniko elkarrizketan. Bermeoko kasua Cid marmoldegikoa izan zen, eta aglomeratuen arriskuen zantzuak azaleratu ziren bertan. Sei langilek salatu zuten kasu hura, 2016an izan zen ebazpena, eta bi harrobiak errugabetzat jo zituzten. Epailearen ustez, emana zuten haien produktuen manipulazioak zuen arriskuaren berri.

Adosturiko kalte-ordainak

Ebazpen horri heldu diote enpresek gaiaren inguruan hitz egitean, eta azaldu dute Novograniten kasuan kalte ordain indibidualak adostu dituztela zortzi langileekin. Cosentinok akordio pribatuak lortu zituen haiekin, 25.000 eta 102.000 euro artekoak, eta akusazio partikularrak kendu zituzten. Diruak, baina, ez du bermatzen osasuna, eta Riosek azaldu du zortziek ezintasun osoa edo absolutua jaso dutela. «Eta gazteak dira, 40-50 urte ingurukoak denak. Absolutua jaso duenak 40 urte inguru izango ditu; izugarria da. Kirolzalea-edo bazara, akabo, kostata egin ahal izango duzu ahalegin handirik».

CCOOk salatu zuen urte luzez Novograniten ez zela babes neurri egokirik egon, eta horrek kalte handia egin ziela langileei. Rios: «Halakoetan beti babes neurri indibidualak lehenesten dituzte enpresek, kolektiboak baino merkeagoak direlako, baina eraginkortasun txikiagoa dute. Merkeagoa da maskara batzuk erostea harria mozteko zerran nebulizazio sistema bat edo hautsa xurgatzeko gailu bat jartzea baino. Baina horiek lehenetsi beharko lirateke, legez».

Aurrekari baten pisua

Aurrekariak ikusita, zaila dirudi arduradunak zigortzea, baina bada ekuazioa aldatu duen zerbait. Otsailean, Francisco Fernandez Cosentinok, Cosentino enpresaren jabeak, sei hilabeteko espetxe zigorra onartu zuen Vigoko (Galizia) enpresa baten aurkako epaiketa batean. Han, bost langilek hartu zuten silikosia Silestoneren hautsaren eraginez. Sei hilabeterekin ez litzateke kartzelan sartuko, baina aurrekariak pilatu ditu. Enpresaren ustez, dena den, Vigoko kasua «ezin da estrapolatu iraganeko edo etorkizuneko beste kasu batzuetara».

CCOOn ez dira iritzi berekoak. «Abokatuek ez dakite zer pisu izan dezakeen, baina berriz zigortzen badute badago espetxe zigorra bete behar izateko aukera. Negoziaturiko zigorra izan ala ez, aurrekari penalak dira».

Bilboko ebazpena aste batzuetako kontua izango da, baina ez da izango azken epaiketa. Espainian, Cosentinok aurre egin beharko die silikosiak jotako beste ehun langileren salaketei —hogei bat epaiketa—. Espainiako hainbat ekonomia hedabide berezituren arabera, enpresak atzeratu egin du burtsarako irteera, epaiketen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.