Siemens Gamesan lanera ez, baina grebara itzuli dira erreleboko langileak

Asteasuko lantegiko behargin talde handi bat lanuztean da martxoaren 10etik, enpresa hitzarmenaren alde, eta grebara itzultzea erabaki du gaur, egun batzuetako etenaren ondoren.

Protesta bat Asteasuko Siemens Gamesa enpresan. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2020ko apirilaren 14a
13:29
Entzun

Enpresetan beharrera itzultzeko eguna grebara itzultzekoa izan da Asteasuko (Gipuzkoa) Siemens Gamesaren lantegian. Erreleboko beharginak greba mugagabean dira martxoaren 9tik, lan hitzarmena berritzeko saioan. Koronabirusa dela eta, langileek lanuztea utzi zuten, Espainiako Gobernuak indarrean jarri zuen industria jardueraren debekuak iraun duen egunetan, eta, egoera berean egon diren milaka beharginen antzera, baimen berezi batekin egon dira, egunak itzultzeko konpromisoa hartuta.

Debekua bukatu da, ordea, eta gaur da beharrera itzultzeko eguna euskal enpresa askotan, Aste Santuko jai egunak bukatuta. Bada, Asteasuko erreleboko langileek batzarra egin dute gaur goizean, eta, zuzendaritzaren jarrera "are gogorragoa" dela ikusi dutenez, greba mugagabearekin jarraitzea deliberatu dute. Beraz, lanera ez, grebara itzultzeko eguna izan dute Siemens Gamesako dozenaka langilek Asteasuko plantan.

Birus osteko lehen greba erabakia

2018an amaitu zen enpresako hitzarmena Asteasun, eta berritzeak ekarri du lan gatazka. Soldatak eguneratzeaz gain —izoztuta daude—, azken urteetan lantegiaren barruan sortu diren langileen arteko "diskriminazioak" eta soldata arrakala txikitzeko neurriak nahi dituzte sindikatuek. Koronabirusak erdiz erdi eten du protesta, baina, geroak ekar dezakeen ziurgabetasunaren erdian, beharginek lanuztearekin aurrera egitea erabaki dute. Beraz, koronabirusaren osteko aroan, Asteasuko langileena greba mugagabe bati ekiteko lehen erabakia bihurtu da, euskal enpresei dagokienez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.