Siemens Gamesako langileek babestu egin dute kaleratzeetarako aurreakordioa

Zuzendaritzak UGTrekin eta CCOOrekin adostutakoaren alde egin dute bozkatu duten langileen %90ek. Siemens Gamesak azkenean bulegoetako 129 langile botako ditu kalera.

Siemens Gamesako langileak, elkarretaratze baten ostean Sarrigurengo bulegoetara sartzen. VILLAR LOPEZ / EFE
Siemens Gamesako langileak, elkarretaratze baten ostean Sarrigurengo bulegoetara sartzen. VILLAR LOPEZ / EFE
Irune Lasa.
2025eko otsailaren 13a
15:45
Entzun

Siemens Gamesako azken erregulazio espedientea aurrera doa, botoa eman duten langileen %90ek babestu egin baitute zuzendaritzak UGTrekin eta CCOOrekin adostutako akordiorako oinarria. Hala, hasiera batean enpresak bulegoetako 430 langile kaleratuko zituela iragarri bazuen ere, orain 129 langile kaleratuko dituela adierazi du.

Ikusteko dago langile horietatik zenbat kaleratuko dituen Siemens Gamesak Euskal Herrian dituen bi bulegoetan: Zamudioko egoitza nagusian (Bizkaia) 500 langile ditu, eta 1.600, berriz, Sarrigurengo I+Geko bulegoetan (Eguesibar, Nafarroa). Bulego horietan kaleratzen ez dituztenak Madrilgo bulegoetan kaleratuko dituzte, baina ez dituzte kaleratuko taldearen ekoizpen guneetako langileak —Asteasun (Gipuzkoa) eta Mungian (Bizkaia), esaterako—.

Erregulazio espedientearen ondorioz enpresa utzi behar duten langileei 45 eguneko soldata emango diete lan egindako urteko, eta gutxieneko kalte ordaina 30.000 eurokoa izango da. 55-60 urte artekoek aurrez erretiroa hartzeko aukera izango dute; soldataren %70 eta %80 artean jasota, eta gehienez ere 80.000 euroko kalte ordaina. 61 urtetik gorakoek ere 45 eguneko soldata jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko, baina gehienez ere bi urteko soldata eskuratuko dute.

Galerekin oraindik

ELAk, enpresako beste sindikatu nagusiak, ez zuen aurreakordioarekin bat egin, «lanpostuak suntsitzea» dakarrelako, noiz eta Siemens Gamesaren jabe Siemens Energyk datozen urteetan 14.200 lanpostu huts betetzeko beharra iragarri ostean.

Dena den, badirudi Siemens Gamesak tarte bat beharko duela galeren zama gainetik kentzeko. Atzo jakinarazi zuen urritik abendura 423 milioi euro galdu dituela, iaz baino %1,3 gutxiago. Siemens Energyren aurreikuspenen arabera, bere sorgailu eolikoen atala, Siemens Gamesa, 2026. urtearen amaieran hasiko da irabaziak izaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.