ELAk, CCOOk eta UGTk Siemens Gamesaren «kudeaketa eskasa» salatu dute, Iruñean egindako prentsaurreko batean. Langile batzordeko ordezkari gisa, gogora ekarri dute zortzi urteren buruan enplegua erregulatzeko zazpi espediente aurkeztu dituela, eta azkenekoa atzera bota dezala eskatu diote. Enpresak bulegoetako 240 langile kaleratu nahi ditu, horien artean Zamudioko (Bizkaia) eta Sarrigurengo (Eguesibar, Nafarroa) bulegoetakoak.
Sindikatuen arabera, azken zortzi urteetan hainbat lantoki behin betiko itxi dituzte, eta «errentagarritasun handiko beste hainbat» saldu, «justifikaziorik gabe».
Azken espedienteari dagokionez, paradoxa bat dagoela ikusi dute. Siemens Gamesaren talde nagusiak, Siemens Energyk, datozen urteetan 14.000 lanpostu sortzeko asmoa iragarri du. Lau negozio ataletako bat da eolikoa, eta horregatik, enplegu aurreikuspen handi horren aurrean, talde barruko ezagutza hori baliatzeko eskatu diote sindikatuek. ELA, CCOO eta UGTren arabera, «Espainian eolikoaz gain beste negozio eremu batzuk irekitzeko uzkur agertu da» orain arte taldea . «Hemen jende kualifikatua dugu, lan merkatuan topatzeko zaila dena», gaineratu dute.
Sektore eolikoaren egoeraz
Sektore eolikoaren gaur egungo arazoen inguruan, uste dute Europako enpresek «desabantaila nabarmena» dutela Txinako enpresen aldean. «Enpresa horiek protekzionismoa dute euren herrialdean, eta etengabe hazten eta hedatzen ari dira munduan».
Hala, politikariei esan diete Siemens Energyren negozio arloak sendotuz gero handitzeko aukera duela enpresak, eta, aldiz, itxiera batek «ondorio larriak» izango dituela. Beharrezkotzat jotzen dute zaharkitutako parke eolikoak berritzea, «enplegua baldintzatu dezaketen proiektuak emateko».