Borondatezko baja eskaera horietatik gehienak Euskal Herriko langileek egin dituzte. Guztira 142 langilek eskatu dute irteera programari atxikitzea euskal lantokietan: 105 Nafarroan, eta 37 Bizkaian. Beste ehun eskaerak horrela banatzen dira: Madrilen 58, Zaragozan hamaika, Malagan bederatzi, Burgosen zazpi, Coruñan lau, Valentzian lau, eta Errioxan, Valladoliden eta Albaceten hiru.
Beraz, ez da berdindu erregulazio txostenean idatzitako kaleratze kopurua, baina segurua da lantaldea modu nabarmenean murriztuko dela. Borondatezko beste 30 baja eskaera nahiko lituzke Siemens Gamesak, eta ikusteko dago 250 ingururekin nahiko izango ote duen. Enpresak eman duen zenbakia ez dator bat, dena den, UGT sindikatuak atzo jakinarazi zuenarekin. Hark dio 260 direla erretiro aurreratuarekin eta pizgarrien laguntzaz borondatez joatea eskatu dutenenak. Sindikatuaren ustez, «frogaturik» geratu da erregulazioa lekuz kanpo zegoela.
Enpresaren arabera, aldiz, 244 dira; horietatik 197k eskatu dute enpresako kide izateari uztea borondatez, eta 45ek aurrez erretiratzea. Datorren asteartean, hilaren 23an, sindikatuak eta zuzendaritza batzartuko dira Madrilen, eta irteera horiei legezko egitura emateko moduak aztertuko dituzte.
EDESA INDUSTRIAL
Edesako langileek egoera beltzagoa dute. Atzo azaldu zuten modu ofizialean ez dietela ezer esan, baina enpresak proiektu industriala alboratu duela, likidaziora doala Arrasateko etxetresnagilea, alegia. Baina okerrena da konkurtsoaren ondotik abiaraz daitekeen beste edozein proiektu ere oztopatzen ari dela CNA taldea, langile batzordeak salatu duenez. Hamar pertsona komertzial gisa utziko dituela iragarri du taldeak, eta horrek badu arrazoi bat: «Edesa Industrialen aktiboak bereganatu nahi du, eskualdean enplegua sortu dezakeen enpresa baten etorrera eragozteko».Prozesu honetan jabeen «fede txarra» egon dela dio LAB sindikatuak. «Konkurtsoaren bezperan, Edesa marka CNA Groupek Txinan duen adar batera eraman zuten, Asian Trade Appliances izeneko filialera». Bestalde, Fagor markaren erabilera judizializatu dutela ere gogoratu du LABek, Fagor taldeak markaren kontratua hausteko erabakiari helegitea jarrita. «Argi diogu: Fagorren izaera milaka pertsonaren lanaren ondorioa da, eta ezin dugu balio hori galtzen utzi. Fagorrek enplegua sortzearen zerbitzura egon behar du». CNAk Txinan fabrikatuz eta euskal proiekturik gabe, «ez du marka erabiltzeko eskubiderik», langileen ustez; «baina Fagor S.Coopek marka utzi beharko luke, eskualdean enplegua sortzeko proiektu industrialari bide emanez, enplegua sortuz, betiere markaren erabilera ona bermatzeko baldintzetan».
ALFA
Alfa Precisión Castingeko langileak ere (Eibar) ikusten ari dira taldeko adar hori likidazioan dela. Gipuzkoako Diputazioaren laguntza eskatu dute «jarduerari eta enpleguari eusteko». 150 langile daude lana galtzeko bidean, taldeko 130, eta batik bat Alfarentzat diharduten beste enpresa batzuetako 20 bat. Aldundiari eskatu diote likidazioa sorta bakar batean egin dadila, proiektu bat azaltzea errazteko, eta enpleguak subrogatzeko. Langile batzordeak atzo Donostiako Foru Aldundian batzarra izan zuen bitartean, lankideak kanpoaldean egon ziren pankarta baten atzean.AERNNOVA
Berantevillako (Araba) Aernnovako langile batzordeak informazioa eskatu dio zuzendaritzari taldearen akzioen jabetzaren egituran gertatzen ari diren aldaketei buruz. Halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio akzioak erosteko, Beasaingo CAFen egin duen antzera. Iazko ekainean jakin zen Tower Brook Capital LLP funtsa sartu zela Aernnovako jabetzan, eta urte bukaerarako arautzailearen baimen guztiak izango zirela aurreikusi zuten, baina langileek ez dute jaso horri buruzko informazio gehiago.Langile batzordeak dio «kezka handia» dagoela beharginen artean, taldearen geroa ez dutelako oso argi ikusten; egoera «ziurgabetasun handikoa» dela azaldu du. Langileek ez dakite zein diren akziodunen planak, eta uste dute Eusko Jaurlaritza beste alde batera begira ari dela. «Euskadiko aeronautika desegiten ari dira gutxika», dio batzordeak. Sektore estrategikoa dela gogoratu du, eta, CAFen egin duen antzera, Jaurlaritzak akzioak erosi beharko lituzkeela.