Siemens Gamesak erdira jaitsi ditu galerak, 426 milioi euroraino

Itsasoko eolikoen atalaren salmentak ongi doaz, baina arazo teknikoak konpondu bitartean, geratuta dago lurreko eolikoena.

GERMANY SIEMENS ENERGY
Christian Bruch Siemens Energyko burua, artxiboko irudi batean. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 7a
10:10
Entzun

Emaitza gazi-gozoak eman ditu gaur Siemens Gamesak. Batetik, bere zerga urtearen lehen hiruhilekoan, urritik abendura, lortu du galerak erdira jaistea: 884 milioi euro izan ziren 2022ko azken hiruhilekoan, eta 426 milioi 2023koan. 

Enpresa eolikoaren salmentak, berriz, %4,8 handitu dira, 2.043 milioi euroraino, eta eskariek ere gora egin dute (+%0,9).

Baina emaitza horiek guztiek badute beren ifrentzua: itsasoko eolikoaren negozioaren bilakaera onari dagozkio, lurreko eolikoen atala oraindik geratuta dagoelako. Azken hori Euskal Herritik gidatzen dute, Zamudiotik (Bizkaia) eta Sarrigurendik (Nafarroa). Taldeak 2.800 langile ditu Euskal Herrian, eta horietako batzuk, Aratzurikoak (Nafarroa) greban daude orain beren lan baldintzak taldeko beste lantokietakoekin parekatzeko eskatzeko.

Siemens Gamesak bere lurreko haize erroten ekoizpena eten zuen iazko ekainean, kalitate arazoak aurkitu zituelako 4.X eta 5.X turbinetan. Konpainiaren modelo berriak dira horiek, Siemensek euskal konpainia erosi ondotik garatutakoak, baina hutsegite asko atzeman dizkiete: zimurrak dituzte palen errotoreetan, eta «zehaztu gabeko partikulak» errodamenduetan. Turbinek dar-dar egiten dute, eta apurtu egin daitezke. Taldeak bere garaian esan zuenez, X.4 motako 2.100 gailu eta X.5 motako beste 800 berrikusi beharko dituzte, baina hutsegitea «ez dago horietan guztietan».

2.000 milioiko galerak espero ditu

Arazoak konpondu bitartean, turbina horien produkzioa eten du konpainiak, eta Christian Bruch Siemens Energyko buruzagiak ez du gaur argitu noizko espero duen berriro abian jartzea. Konponketa horiek 1.600 milioi euroren kostua izango dute, eta, iraun bitartean, konpainiak itsasoko sorgailu eolikoaren ekoizpena (offshore) handituko du, arlo horretan eskari handiak dituelako.

Urte osoan Siemens Gamesak 2.000 milioi euroren galerak espero ditu, iaz egindakoen erdiak baino gutxiago (4.347 milioi), baina aurreko urteetakoak baino handiagoak (626 milioi, 2021ean; 937 milioi, 2022an). Gerta liteke azkenean zuloa uste baino txikiagoa izatea, baldin eta desinbertsioak egiten baditu. Hain zuzen ere, joan den astean Windar dorre egile espainiarraren bere zatia (%32) saldu zion Bridgepoint taldeari.

Siemens Energyren irabaziak

Siemens Gamesaren galerek haren jabe Siemens Energyren emaitzak okertu zituzten iaz: 4.588 milioi euro galdu zituen, eta horietatik 4.347 milioi euro adar eolikoari egotzi zizkion. 2024ko zerga urtea datu hobeagoekin hasi du —1.550 milioi euro irabazi ditu—, baina hori neurri handi batean izan da Indiako filial baten %18 saldu diolako Siemensi, 1.729 milioi euroren truke. 

Siemens Energyren barruan adar eolikoak bakarrik ditu arazoak, besteetan emaitza onak lortu baititu. Sare elektrikoen adarrak %33 handitu ditu bere diru sarrerak eta eskaerak, eta gasarenak, berriz, %10etik gora. Orotara, Siemens Energyren eskariak %24 handitu dira, eta inoizko handienak dira.

Gamesaren galerek negozio osoa hondora ez dezaten, Siemens Energyk 15.000 milioi euroren erreskate plan bat hitzartu du Alemaniako Gobernuarekin. Haren bitartez, bankuek 11.000 milioi euroren mailegu lerro bat zabalduko diote Siemens Energyri, eta horrekin finantzatu ahal izango ditu orain finantzaketa arazoengatik geratuta dauden proiektuak. Mailegu horietatik, 7.500 milioi euro bermatuko dizkio Berlinek. Hau da, Siemens Energyk ezin badu diru hori itzuli, Berlingo gobernuak itzuli beharko du.

Vestas irabazietara itzuli da

Siemens Gamesaren emaitza kaskarren eragile bakarra ez dira haren hutsegiteak izan. Sorgailu eolikoen negozioa errentagarritasun oso txikikoa izan da azken urteetan, parkeak enkante bidez ematen baitira, eta horietan ahalik eta preziorik txikiena eskaintzen duena izan ohi baita irabazle. Horrek ekarri du haize errota batzuk galerekin saldu behar izatea, kostu gehigarriak ezin izan direlako prezioetan islatu. Horren ondorioz, galerak izan dituzte Siemens Gamesaren lehiakideetako batzuek ere; tartean, Danimarkako Vestas. Baina 2023an hasi zen haren egoera onbideratzen: gaur jakinarazi duenez, 77 milioi euro irabazi zituen. 2022an, kontrara, 1.572 milioi galdu zituen.

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.