Inoizko eskari zorrorik handienarekin eta aurreko urteko lehen bederatzi hilabeteetan izandako irabazi garbiak bikoiztuta, balorazio positiboa egin du Siemens Gamesak, eta epe luzerako aurreikuspenak ere "baikorrak" direla nabarmendu du. Konpainiak urrian hasten du urte fiskala, eta, beraz, 2019ko lehen hiru hiruhilekoko datuak publikatu berri ditu, urritik ekainera bitartekoak: 88 milioi euroren irabazi garbiak lortu ditu lehen bederatzi hilabeteetan, iazko aldi berean lortutakoa halako bi.
Halaber, eskarien zorroa inoizko mailarik handienean dauka: "Sekula ez bezalakoa da, eta ondo orekatuta dago". 25.100 milioi eurokoa da eskari zorroa, iazko aldi berean baino %8 handiagoa. Bultzada handia eman dio azken hiruhilekoan, 4.700 milioi euroren eskariekin (iazko hirugarren hiruhilekoan baino %42 gehiago).
Irabazien gorakadaren arrazoien artean, salmenten gorakada nabarmendu du multinazionalak. Salmentak %12 handitu dira urritik ekainera bitartean, 7.283 milioi euroraino, "negozio unitate guztien bultzada handiari esker" . Bereziki, martxotik ekainera bitartean izan du bultzada handia, 2.632 milioi euroren salmentekin (+%23). Halaber, Siemens Gamesaren zor garbia 191 milioi euro zen ekainaren 30ean.
"Epe motzerako faktore kaltegarriek eragina badute ere irabazi tarteetan, Siemens Gamesak gogor eusten die epe luzerako aurreikuspenei, errekorreko eskari zorroari esker, eta eskari zorroaren dibertsifikazioari esker (dibertsifikazio geografikoa eta negozio dibertsifikazioa). Halaber, onshore [lehorreko energia eolikoa] eta offshore [itsasoko energia eolikoa] sektoreetako produkturik lehiakorrenak izateak ere bermatzen ditu aurreikuspen sendoak", azaldu du konpainiak prentsa ohar batean.