Siemens Gamesak azkenean 129 langile botako ditu bulegoetan

UGTk eta CCOOk kaleratzeen baldintzak adostu dituzte zuzendaritzarekin. ELAk ez du bat egin akordioarekin.

Siemens Gamesako langileen protesta, urtarrilean. VILLAR LOPEZ / EFE
Siemens Gamesako langileen protesta, urtarrilean. VILLAR LOPEZ / EFE
Iker Aranburu.
2025eko otsailaren 7a
13:05
Entzun

Kaleratzeak izango dira aurki Siemens Gamesan ere, baina hasieran iragarritakoak baino gutxiago izango dira. Hasieran, 430 izango zirela iragarri zuen enpresak, baina gero 250era jaitsi zuen kopurua. Orain, baina, 129 izango direla hitzartu du UGT eta CCOO sindikatuekin. Ikusteko dago langile horietatik zenbat kaleratuko dituen Euskal Herrian dituen bi bulegoetan: Zamudioko egoitza nagusian (Bizkaia) 500 langile ditu, eta 1.600, berriz, Sarrigurengo I+Geko bulegoetan (Eguesibar, Nafarroa). Hor kaleratzen ez dituztenak Madrilen kaleratuko dituzte, baina ez taldeak dituen ekoizpen guneetan —Asteasun eta Mungian, esaterako—.

UGTk eman du adostutakoaren berri —hark zuen gehiengoa negoziazio mahaian—. Azaldu du «oso akordio ona» dela eta enpresako zuzendaritzak hasieran proposatutako baldintzak asko hobetu ahal izan dituztela. Horrela, enpresa uzten dutenei 45 eguneko soldata emango diete lan egindako urte bakoitzeko eta kopurua mugatu gabe; gutxieneko kalte ordaina 30.000 eurorena izango da; 55 urtetik gorakoek aldez aurretik erretiroa hartzeko aukera izango dute, eta soldataren %70 eta %85 artean jasoko dute, eta gehienez 80.000 euroren kalte ordaina; 61 urtetik gorakoek, berriz, 45 eguneko soldata, bi urteko soldataren mugarekin.

Gainera, kalean geratzen direnei enplegu bat bermatuko diete Randstaden bitartez, eta Siemens Gamesan bertan lana emango diete hutsuneak sortuz gero. Hidrogenoaren, gasaren eta sareen ataletan espero dira enplegu berri horiek.

Baldintza horiek berak izango dituzte 2029ko abenduaren 31 arte indibidualki edo taldeka kaleratuek ere.

Langileen batzarrek datorren astean bozkatuko dute proposamena.

ELAren ezezkoa

Enpresako beste sindikatu nagusiak, ELAk, ez du akordioarekin bat egin, haren esanetan adostutakoa «lanpostuak suntsitzea» delako. Sindikatu horrek gogorarazi du orain hitzartutako enplegu erregulazioa Siemensek 2016an Gamesa bereganatu zuenetik izandako zazpigarrena dela. «Orduan, bi enpresen arteko bat egiteaz hitz egin zen; ELAk salatu zuen bereganatze bat zela, eta horrekin erabakigunea hemendik urruntzen zela, kontrola galduko zela, eta ondorio larriak izango zituela enpleguan. Azkenean, hala gertatu da».

ELAk ere nabarmendu du ezen Siemens Gamesaren jabeak, Siemens Energyk, datozen urteetan 14.200 lanpostu huts betetzeko beharra iragarri duela. Hori dela eta, «orain, taldean beste lanpostu bat emateaz hitz egin beharko litzateke, baita negozio arloak sendotzeaz ere, behar den lan egonkortasuna lortzeko».

ELAk babesa eskatu die Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, «ez dadin enplegu gehiago suntsitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.