Siemens Gamesak 423 milioi euroren galerak izan ditu lehen hiruhilekoan

Itsasoko energia eolikoaren arloan eskari ugari jaso ditu konpainiak, eta iaz aldi berean baino hobeak dira emaitzak. Iragarria du Euskal Herrian kaleratzeak egingo dituela.

Siemens Gamesaren egoitza nagusia, Zamudion. LUIS TEJIDO / EFE
Siemens Gamesaren egoitza nagusia, Zamudion. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko otsailaren 12a
10:35
Entzun

Iragarri zuen moduan, zenbaki gorrietan segitzen du Siemens Gamesak: urritik abendura 423 milioi euro galdu ditu sorgailu eolikoen ekoizleak, iaz aldi berean baino %1,3 gutxiago. Azaroan egindako aurreikuspenen arabera, konpainiak 1.300 milioi euroren galerak izango ditu 2025eko ekitaldi fiskalean, eta, ondo bidean, 2026. urtean hasiko da irabaziak lortzen.

Badira hori sinisteko zantzuak. Offshore edo itsasoko energia eolikoaren arloari esker, %52 egin dute gora eskariek, eta enkarguen zorroan 2.435 milioi euro ditu Zamudioko konpainiak (Bizkaia). Ez hori bakarrik: lehen hiruhilekoan, diru sarrerak 2.418 milioi eurorenak izan dira, aurreko urtean baino %18,4 handiagoak. Besteak beste, enpresak irabazi berri du Ipar itsasorako sorgailuak egiteko 1.400 milioi euroko kontratu bat.

1.300

Siemens Gamesak 2025erako aurreikusitako galerak, milioi eurotan. Sorgailu eolikoen ekoizleak 4.439 milioi euroren galerak izan zituen 2023ko ekitaldi fiskalean, 1.734 milioi eurorenak 2024koan, eta aurten 1.300 milioi euro galduko dituela aurreikusi du. Oraingoz, 423 milioi euroren galerak izan ditu lehen hiruhilekoan. 2026an irabaziak izatea espero du.

Azken urteetan Siemens Gamesari arazoak sortu dizkiona beste ekoizpen adarra da: onshore negozioa, hau da, lurreko haize errotena, eta hori da, hain zuzen ere, Euskal Herritik kudeatzen dena. Martxan zeuden 4.X eta 5.X turbinek arazo tekniko larriak izan zituzten, enpresak geldirik izan zuen X.4 haize erroten ekoizpena, eta markak prestigioa galdu du. Enpresak 4.439 milioi euroren galerak izan zituen 2023ko ekitaldi fiskalean, eta 1.734 milioi eurorenak 2024koan.

Siemens Energyk, ordea, errentagarritasunari eusten dio dituen beste hiru negozio bideei esker: gasa, energia banatzeko sare adimentsuak eta industriaren digitalizazioa. Orotara, taldeak 463 milioi euroren irabaziak izan ditu urritik abendura. Iaz, aldi berean, 1.878 milioi euroren galerak izan zituen, nagusiki Siemens Gamesak eragindakoak. Christian Bruchek, taldeko presidenteak, azaldu du munduan elektrizitate eskaria nabarmen handitu izanaren ondorio direla emaitza «sendo» horiek.

Kaleratze gutxiago

Dena den, Siemens Gamesak kaleratzeak egiteko asmoa du oraindik. Hori bai, hasieran iragarri baino gutxiago izango dira. Lehenik, 430 izango zirela esan zuen, baina, gero, 250era jaitsi zuen kopurua. Orain, baina, 129 izango direla hitzartu du UGT eta CCOO sindikatuekin.

Ikusteko dago langile horietatik zenbat kaleratuko dituen Euskal Herrian dituen bi bulegoetan: Zamudioko egoitza nagusian 500 langile ditu, eta Sarrigurengo I+Geko bulegoetan (Eguesibar, Nafarroa), berriz, 1.600. Hor kaleratzen ez dituztenak Madrilen kaleratuko dituzte, baina ez taldeak dituen ekoizpen guneetan —Asteasun eta Mungian, esaterako—.

Siemens Gamesakoa da igandean Nafarroako industriaren alde manifestatzera deitu duten langile batzordeetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.