Bere krisiari aurre egiteko asmoz, Siemens Gamesak iragarria zuen bulegoetako 430 langile kaleratuko zituela Euskal Herrian eta Espainian. Irailaz geroztik enplegua erregulatzeko espedientearen baldintzak negoziatzen ari dira sindikatuekin, eta gaur izandako azken bileran Alemaniako taldeak sindikatuei helarazi die kaleratutako langile kopurua murriztu egingo duela: 250 izango dira.
Azaroan eman zuen enpresak diru kontuen berri, eta, hobetzen ari diren arren, espero du 2025ean 1.300 milioi euroren galerak izango dituela. Horren ondorioz, jakina zen enpresak langileak kaleratzeko asmoa zuela gastuak murrizteko. Sindikatuen eta enpresaren arteko negoziazioak irailean hasi ziren. Oraindik ez du zehaztu horietako zenbat izango diren Zamudion eta Iruñerrian. Espedientea aurrera aterako balitz, 2017az geroztik izandako seigarrena litzateke.
Zenbait proiektutan izandako galera handiek, lehengaien garestitzeak eta bereziki martxan zeuden 4.X eta 5.X turbinekin izandako arazo teknikoek piztu dute Gamesaren krisia. Era berean, onshore negozioak sortu dizkio arazoak Siemens Gamesari, hau da, lurreko haize errotenak, eta hori da, hain zuzen ere, Euskal Herritik kudeatzen dena.
Konpainiak ia 30.000 langile ditu denera, eta horietatik 3.000 inguruk egiten dute lan Euskal Herrian: Zamudion, Mungian (Bizkaia), Asteasun (Gipuzkoa), Sarrigurenen eta Aratzurin (Nafarroa).
Geldialdiaren kudeaketa
Siemens Gamesak geratuta dauka lurreko haize erroten ekoizpena, eta, ondorioz, hainbat egunez etxera bidaliko ditu langileetako asko. Zehazki, biderkagailuen atalean aritzen diren 423 langileri eragingo dien aldi baterako erregulazio bat proposatu du. Euskal Herrian, 216 langileri eragingo die, Zamudioko bulegoetan (Bizkaia) eta Asteasuko lantegian (Gipuzkoa).
Lurreko haize erroten hegalen errotazioa elektrizitate sorgailura transmititzen duten kutxak dira biderkagailuak, eta horiek egiten dituzte Asteasun. Zamudion, berriz, atal horri lotutako bulego lanetan aritzen dira langile batzuk.
Enpresak eta sindikatuek atzo hitzartu zuten akordiorako oinarria, eta, langileen batzarretan onartuz gero, erregulazioa urte eta erdi egongo da indarrean; halere, malgutasuna izatea espero da. Haize erroten salmenta suspertzen bada, baliteke erregulazioa laburtzea, eta gehienez ere beste sei hilabete luzatu ahalko da.
LABek nabarmendu duenez, «negoziazio neketsu eta zail baten ondoren», hiru esparrutan «aurrerapen nabarmenak» eskuratu ahal izan dituzte. Horrela, erregulazioa ez da bi urtekoa izango, eta horrek iraun bitartean, enpresak langabeziako ordainsariak osatuko ditu, soldataren %85eraino, eta aparteko ordainsarien eta oporren %100eraino. Gainera, 2024 amaieran iraungitzekoa den enplegu bermearen akordioa beste hiru urtez izango da indarrean, 2027ko abenduaren 31 arte.
CCOOko iturriek agentziei jakinarazi dietenez, erregulazioak Asteasuko lantegian izango du inpakturik handiena: 190 langileetatik 170 geratu dira erregulazioan, eta %30 eta %40 txikituko diete lanaldia. Gogoratu behar da Asteasuko lantegia salgai dagoela 2022tik, Mungiakoarekin batera —han mantentze lanak egiten dituzte—. Zamudion, berriz, 78 langileetatik 46 geratu dira erregulazioaren menpe, eta %6 murriztu diete lanaldia.
Siemensek Suitzako ABB-ri saldu dio Gamesaren atal bat
Bitartean, Alemaniako multinazionalak haize erroten negozioa berregituratzen dihardu. Suitzako ABB konpainiarekin akordioa egin, eta potentzia elektronikoko atala saldu dio. Atal horrek ez du fabrikarik Euskal Herrian, baina Zamudioko bulegoetan baditu langile batzuk. Guztira laurehun behargi ditu, batez ere Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Madrilen, eta horiek —Zamudikoak barne— ABBren parte izango dira orain. Bi aldeetako batek ere ez du operazioren kostuaren berri eman.
ABBk erosi duen negozioa Gamesa Electricen parte da, eta bihurgailuak, inbertsoreak eta kontrol armairuak diseinatu eta fabrikatzen ditu haize energiako eta eguzki energiako industrietarako.
Bi enpresek luzerako lankidetza hitzarmena egin dute; hemendik aurrera, ABBk egingo ditu elektronikako gailuak Siemens Gamesako haize errotentzat. Alemaniako konpainiak nabarmendu du operazio horren bitartez «sektoreko lider teknologiko global batekin» lotuko dela, eta hori ona izango dela haize erroten negozioa errentagarri izan dadin. «ABBren aterkipean hobeto egongo gara aurrera egiteko».