Azken hilabeteetan landutako berregituraketa planaren zertzelada batzuk eman ditu Siemens Gamesak. Jakinarazi du 4.100 lanpostu kendu nahi dituela hurrengo hilabeteetan, hau da, taldeak dituen 29.800 langileen ia %14. Kaleratze gehienak bulegoetako langileen artean egingo ditu, eta horregatik litekeena da eragin handia izatea Euskal Herrian, lan horietan aritzen direlako multinazionalaren 2.800 langileetatik gehienak: Zamudion du egoitza (Bizkaia) lurreko haize erroten atalak, eta Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa) du ingeniaritza zentrorik handiena.
Euskal Herriko langileak Espainiako adarraren barruan daude, eta horretan 430 kaleratze izango dira. Danimarkan 560 izango dira eta Alemanian, berriz, 364. Berregituraketak lantoki bakoitzean izango duen eragina uztailean zehaztuko du Siemens Gamesak, eta orduan hasiko dira enplegua erregulatzeko espedientearen negoziazioak sindikatuekin.
Hori bai, enpresak azaldu du lanpostu bat galtzen duten langile batzuk hazteko gaitasuna duten ataletan kokatzen saiatuko dela, itsasoko haize erroten (offshore) atalean eta Siemens Energy taldeko beste enpresa batzuetan. Lanpostu horiek, baina, Euskal Herritik urrun daude.
Ikusi gehiago
Enpresako ordezkariek sindikatuetako kideekin bilerak egin dituzte gaur, eta horretan azaldu dute «doikuntza» derrigorrezkoa dela enpresa onbideratzeko. Iaz 4.588 milioi euro galdu zituen, eta Siemens Energy jabearen erreskatea jaso behar izan zuen, Alemaniako Estatuaren laguntzarekin. Aurten 2.000 milioi galtzea espero du, eta asko jota 2026an itzuliko da pare egitea.
Galera horien zati bat 4.X eta 5.X turbina akastunen ondorioa dira. Konpainiaren modelo berriak dira horiek, Siemensek euskal konpainia erosi ondotik garatutakoak, baina, hutsegite asko atzeman dizkietenez, ekoizpena geratu zuten duela urtebete, eta oraindik ez dute berreskuratu.
Ekoizpena noiz abiatuko duten ez dakitela azaldu dio Efe agentziari Clara Fernandez CCOOko ordezkariak: «Aurki izango dela esan digute, baina ez digute datarik eman». Bideragarritasun plana jasotzeko zain daude sindikatuak, «zein etorkizun dugun jakiteko», baina kaleratzeen aurka mintzatu da: «Kaleratzeak ez dira inoiz enpresa baten arazoen konponbidea».
datuak
2.800Langileak Euskal Herrian. Siemens Gamesak 2.800 langile inguru ditu gaur egun Euskal Herrian, bost lantokitan banatuta: Zamudion eta Mungian (Bizkaia), Asteasun (Gipuzkoa), Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa) eta Arazurin (Iruñea). Mungiako eta Asteasuko lantegiak salgai jarri zituen 2022an.
4.588Iazko galerak, milioi eurotan. Akats teknikoen ondorioz, lurreko haize erroten ekoizpena eten zuen iazko ekainean Siemens Gamesak, eta ondorioz handitu egin ziren enpresaren galerak: 4.888 milioi izan ziren iaz, eta beste 2.000 milioi galtzea espero du aurten.
Berregituraketaren beste ondorio bat izango da Siemens Gamesa merkatu batzuetatik aterako dela, ez direlako estrategikoak. Uste denez, Indiako adarra salduko du edo bazkide bat bilatuko du, eta baliteke Txina eta Brasil ere alde batera uztea. Negozioa batez ere Europara eta AEBetara bideratuko du, merkatu horietan duelako indar handien, eta hango gobernuen aldetik babesa jaso dezakeelako Txinatik iristen diren aerosorgailu merkeen aurrean.
Produkzio atalean 1.500 lanpostu dira kentzekoak, baina horietatik gehienak Danimarkan (190) eta Portugalen (670) izango dira —azken horretan egiten dituzte palak, Vagos herriko fabrikan—.
2017an hartu zuen Siemensek Gamesa euskal konpainiaren kontrola, eta 2020an Alemaniako taldeak enpresaren jabetza osoa eskuratu zuen, Iberdrolaren %8ko partaidetza eskuratu ondoren. Orduz gero hainbat aldiz txikitu du lantaldea, baina beti galerak izan ditu.