Siemensek burua altxatu duela dirudi, baina oraindik ere kostako zaio krisi egoeratik ateratzea. Zamudioko konpainiak (Bizkaia) nabarmen murriztu ditu aurreko ekitaldian bildutako itzelezko 4.439 milioi euroren galerak, eta 2024ko ekitaldi fiskala 1.734 milioi euroren galera «apalagoekin» itxiko du. Ondo bidean, 2026. urterako hasiko da irabaziak lortzen.
Hala adierazten dute Siemens Energyk, Gamesaren enpresa nagusiak, atzo aurkeztutako zenbakiek. Christian Bruch presidenteak argi utzi oraindik ez dutela gainditu Gamesak bizi duen krisia, baina egoera irauli eta errentagarritasuna berreskuratuko dutelakoan dago. Ziurtatu du hori, ordea, 2026. urtea baino lehen ez dela gertatuko, hau da, 2025eko zenbakiak ere txarrak izango direla: 1.300 milioi euro inguruko galerak aurreikusi dituzte, aurten baino %27 gutxiago.
Dena den, Bruchek uste du enpresa errekuperatuko dela, energia berriztagarrien eskaria areagotzen ari delako munduan eta urtez urte %2,7 hazten ari delako elektrizitate kontsumoa. Gamesak, gainera, 40.000 milioi euroko eskari poltsa du, Siemens Energy talde osoak duenaren %32,5. Taldeak 1.335 milioi euroren irabazi garbiak izan ditu aurten, Euskal Herriko filialak lagundu ez arren.
Gamesaren krisia eragin dute zenbait proiektutan izandako galera handiek, lehengaien garestitzeak eta, bereziki, martxan zeuden 4.X eta 5.X turbinekin izandako arazo teknikoek. Iazko udatik aurtengo irailera arte, enpresak geldirik izan du X.4 haize erroten ekoizpena. 5.X motakoak ere saltzen ari da, baina 2025 amaierara arte ez da hasiko horiek egiten. Markak prestigio galera izan du, eta horren aurkako borrokan dabil; «ohiko merkatuak» berreskuratu nahi ditu.
Kaleratzeak
Gastuak murrizteko, besteak beste, mundu osoan 4.000 langile kaleratzeko asmoa du Gamesak; tartean, Euskal Herriko eta Espainiako 430 bulego langile inguru. Euskal Herrian, egun, 2.100 langile ditu bulegoetan beharrean: 1.600 Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa) eta 500 Zamudion. Enpresak ia 30.000 langile ditu denera. Irailean hasi ziren sindikatuen eta enpresaren arteko negoziazioak, baina oraindik ez dute akordiorik erdietsi.
Onshore negozioak sortu dizkio arazoak Siemens Gamesari, hau da, lurreko haize errotenak, eta hori da, hain zuzen ere, Euskal Herritik kudeatzen dena. Offshore edo itsasoko energia eolikoaren arloan, berriz, hobeto ari da konpainia, eta horren erakusle da atzo kontratu mardula eman ziola Iberdrolaren Britainiako adarrak, ScottishPower izenekoak. East Anglia itsasoko parke eolikoa (Ingalaterra) hornitzeko 64 haize errota erraldoi jarri beharko ditu, SG 14-236 modelokoak. Horren truke mila milioi libera esterlina jasoko ditu, hau da, 1.200 milioi eurotik gora. Haize errotak Hullen egingo dituzte, Ingalaterra ekialdean.
Bermeen zama kendu nahi du gainetik
Turbinekin izandako arazo tekniko ugarien ondorioz, azken bi urteetan krisi latzari egin behar izan dio aurre Siemens Gamesak. Hainbestekoa izan zen hondamendia, Alemaniako Gobernuak Siemens Energy erreskatatu behar izan zuen iaz. Estatuak bermatu zituen enpresak jaso zituen 12.000 milioi euroko bermeetatik 7.500 milioi.
Berme horiek 2026. urtera arte egongo dira indarrean, baina Maria Ferrano Siemens Energyko finantza zuzendariak azaldu duenez, zama hori murrizten hasteko fasean dago enpresa. Ez du esan, ordea, zehazki noiz hasiko diren: «Hiruhilekoz hiruhileko aztertuko dugu egoera». Aurten, Alemaniako Gobernuari 100 milioi euro inguru ordaindu dizkiote, eta datorren urtean «zertxobait gehiago» pagatuko diotela aurreikusi dute.
Taldeak 1.335 milioi euroren irabazi garbiak izan ditu azken ekitaldi fiskalean, baina, Berlinek ezarritako mugengatik, ezingo du akziodunen artean dibidendurik banatu.