Siemens Gamesak beste 1.262 milioi euroren galerak izan ditu azken bederatzi hilabeteetan

Egoitza Euskal Herrian duen konpainia horrek lortu du galeren erritmoa moteltzea, baina emaitza txarrei buelta eman ezinda segitzen du: 2026rako espero du berriz irabaziak izatea.

Christian Bruch Siemens Energyko burua, artxiboko irudi batean. HANNIBAL HANSCHKE /EFE
Christian Bruch Siemens Energyko burua, artxiboko irudi batean. HANNIBAL HANSCHKE /EFE
jokin sagarzazu
2024ko abuztuaren 7a
11:30
Entzun

Siemens Gamesa zenbaki gorrietan dago oraindik, azkenaldian galeren erritmoa moteltzea lortu duen arren. Azken bederatzi hilabeteetan — 2023ko urritik 2024ko ekainera —, haize erroten ekoizleak 1.262 milioi euroko zuloa egin du bere kontuetan. Galera handia da, baina iaz aldi berean egindakoa baino %66,5 txikiagoa —iaz inoizko galerarik handiena izan zituen—. Gamesa Siemens Energyren parte da, eta, Alemaniako multinazionalak jakinarazi duenez, 1.477 milioi irabazi ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Euskal konpainia izan da galerak izan dituen filial bakarra, eta horrek oso egoera ahulean uzten du taldearen barruan. 

Christian Bruch Siemens Energyko presidenteak azaldu duenez, Gamesaren emaitza txarrak 4.X eta 5.X modeloko turbinekin dituen arazoen ondorio dira oraindik. Enpresak iaz geldiarazi zuen horien salmenta, diseinuan aspaldi antzemandako hutsak zirela eta. Bruch ziur agertu da 2024a amaitu baino lehen hasiko direla berriro modelo horiek ekoizten, baina, azaldu duenez, pixkanaka egingo dute hori, eta herrialde batzuetan soilik. Belaunaldi berriko 5.X modeloekin hasteko, berriz, 2025eko hirugarren edo laugarren hiruhilekora arte itxaron beharko dela zehaztu du.

Egoitza Zamudion du enpresak, eta urtea 2.000 milioi euro ingururen galerekin amaituko du; ez du espero irabazirik 2026ra arte.

Horiek hala, gaur-gaurkoz, Siemens Gamesa itsasoko haize errotetatik soilik lortzen ari da etekina, baina ez beste adarraren galerak betetzeko lain. Etorkizunera begira, gainera, aurreikuspenak ez dira onak. Eskaerak %75,3 apaldu dira azken bederatzi hilabeteetan. Turbinekin dituen arazoei gehitu behar zaie aurten ez dituela lortu iaz bezain eskaera handiak itsasoko haize errotetan. Horrekin batera, Europan sektore osoak duen arazo berari egin behar dio aurre Siemens Gamesak: beste herrialde batzuetako eta bereziki Txinako ekoizleen lehia handiari.

Horiek horrela, egoitza Zamudion (Bizkaia) duen enpresa horrek espero du 2.000 milioi euro ingururen galerekin amaitzea urtea, eta, Bruchen arabera, ez dute irabazirik espero gutxienez 2026ra arte.

2017an integratu zen Gamesa Siemensen negozio eolikoan, eta 2020an Alemaniako taldeak enpresaren kontrol osoa hartu zuen, Iberdrolari geratzen zitzaion %8ko partaidetza eskuratu ondoren. Ordutik, galerak pilatu ditu: 2020an, 918 milioi eurorenak; 2021ean, beste 626 milioirenak; eta 2022an, 937 milioirenak.

Iaz, 4.588 milioi euroren galera errekorra izan zuen Siemens Gamesak. Eta Siemens Energy jabearen erreskatea jaso behar izan zuen, Alemaniako Estatuaren laguntzarekin. Oraingoz, konpainiak 12.000 milioi euro lortu ditu abaletan Alemanian, eta uztailean jakinarazi zuen beste 1.200 milioiren babesa emango diotela Espainiako Estatuak eta herrialdeko sei bankuk.

Kaleratze plana, aurki

Siemens Gamesa berregituratze prozesu batean dago. Duela hilabete batzuetatik iragarrita zegoen bezala, abuztuaren 1ean Vinod Philipek hartu zuen aldaketa aurrera eramateko ardura, Jochen Eickholt ordezkatuz. Zazpi urtean konpainiak izango duen laugarren kontseilari ordezkaria izango da Philip.

2.800

Langileak Euskal Herrian. Siemens Gamesak 2.800 langile inguru ditu gaur egun Euskal Herrian, bost lantokitan banatuta: Zamudion eta Mungian (Bizkaia), Asteasun (Gipuzkoa), Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa) eta Arazurin (Iruñea). Mungiako eta Asteasuko lantegiak salgai jarri zituen 2022an.

Era berean, lantaldea murrizteko prozesua abian du, eta mundu osoan 4.100 langileri eragingo die. Euskal Herrikoak Espainiako adarraren barruan daude, eta horretan 430 kaleratze izango direla jakinarazi dute. Bruchek azaldu duenez, Siemens Gamesak aurki zehaztuko du berregituraketak zer eragin izango duen lantoki bakoitzean, eta orduan hasiko ditu enplegua erregulatzeko espedientearen negoziazioak sindikatuekin. «Negoziazio prozesuaren hasieran gaude, eta oraindik goiz da zehaztasunak emateko», adierazi du Bruchek. Enpresak aurreratu duenez, lanpostu bat galtzen duten langile batzuk hazteko gaitasuna duten ataletan kokatzen saiatuko da, itsasoko haize erroten atalean eta Siemens Energy taldeko beste enpresa batzuetan. Lanpostu horiek, baina, Euskal Herritik urrun daude.

Horrez gain, taldeak Euskal Herrian geratzen zaizkion bi fabrikak saltzeko asmoa du: Mungiakoa (Bizkaia) eta Asteasukoa (Gipuzkoa). Multinazionalak Zamudion duen egoitza nagusiari eutsiko lioke, baita Iruñerrian dituen bulegoei eta logistika guneari ere. Agoizko lantegia (Nafarroa) 2020ko udan itxi zuten.

Jaurlaritza, kezkatuta

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailea «kezkatuta» agertu da Siemens Gamesaren egoeragatik. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, «oso garrantzitsua da Euskadiko industria sareari eustea eta proiektu sendoak egotea». «Horretarako ari da lanean Jaurlaritza. Tentuz baina jarrera positiboarekin, espero dugu Siemens Gamesaren egoerari buelta eman ahal izango zaiola eta konponbide bat aurkituko dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.