Industria

Siemens Energyk negozio eolikoari eutsi nahi dio, galera handiak izan arren

Christian Bruch taldeko presidentearen arabera, «eztabaidatik kanpo dago» lurreko haize erroten lantokiak ixtea. Bi urte atzeratuta, espero dute Siemens Gamesa 2026an errentagarri izatea.

Christian Bruch Siemens Energy taldeko presidentea, azaroaren 8an. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
joxerra senar
2023ko azaroaren 15a
11:11
Entzun

«Sektore eolikoaren zailtasunek taldeko beste negozio atalen emaitza bikainak estali dituzte». Urteko kontu ekonomikoen aurkezpenean, Christian Bruch Siemens Energyko presidenteak aitortu du «oso etsigarria» dela egoera, baina «sektore eolikoaren aldeko apustuari» eutsiko diotela. Gamesaren lantokiak itxi eta kaleratzeak egingo dituen galdetuta, erantzun du ez duela plan zehatzik: «Eztabaidatik kanpo dago hori. Espainian presentzia izan nahi dugu aurrerantzean ere».

Urteko emaitzen aurkezpenean, azaldu du negozio eolikoak taldearen errentagarritasuna zamatu duela: Siemens Energyk 4.588 milioi euro galdu ditu iazko urritik irailera bitartean, eta Siemens Gamesak 4.400 milioi euroren galera izan du epe horretan. Azken asteetan zabaldutakoarekin bat dator datu hori.

Municheko egoitza nagusian egindako agerraldian, Bruchek berretsi du asteartean, kapital merkatuen egunean, emango dutela etorkizunera begirako asmoen berri. Xehetasun horiek ezagutu zain, gaur egindako adierazpenek baikortasun puntu bat eragin dezakete Hego Euskal Herrian dituen lantokietan: Zamudion, Mungian (Bizkaia), Sarrigurenen (Nafarroa) eta Asteasun (Gipuzkoa), alegia. 2.800 langile ditu guztira.

«Ez gara korrika aterako»

Nahiz eta galerak handiak izan, ez dute asmorik sektore eolikoa uzteko. «Konbentzituta gaude egoerari buelta eman diezaiokegula. Ez gara korrika aterako». Egoeraren ondorioz, Siemens Gamesa errentagarri egiteko helburua bi urte atzeratu dutela, 2024tik 2026ra. Haren esanetan, lurreko zein itsasoko haize erroten estrategia berrikusi beharra dago.

Hala, ikusi nahi dute zer eremutan egotea den «zentzuzkoa», zer produktu den hobe egitea, non murriztu ditzaketen kostuak... Europa eta Amerikako Estatu Batuak «merkatu nagusiak» izango dira aurrerantzean ere. Bruchen arabera, azterketa horretan ikusi beharra dute merkatuz merkatu inbertsioak merezi ote dien, Txinako lehiakideei aurre egiteko moduan diren...

Bermeen akordioa

Taldearen bi heren errentagarri izan arren, hazkundearekin jarraitzeko arazoak ditu Siemens Energyk. Izan ere, 112.000 milioi euroren eskariak ditu guztira, eta horietatik %45 azken urtean lortu ditu. Inbertsio horrek guztiak bermeak behar ditu: «Gure sektorearen praktika da bezeroen erreklamazioei aurre egiteko bermeak izatea». Bruchen arabera, bankuek eurek eskaintzen dituzte, eta enpresek tasa bat ordaintzen diete trukean. Inbertsioaren arriskua estaltzeko tresnok, baina, «oso gutxitan» aktibatzen dira; kasuen %0,2tan, Bruchen arabera.

Alta, galera handien ondorioz, azkenaldian arazoak izan ditu bermeak lortzeko, eta horrek eragotzi egiten dio «hazkundearen erritmoari eustea». Horregatik jo du Alemaniako Gobernuarengana eta bankuengana: Bankuek 12.500 milioi euroren bermeak eskaini dituzte, eta gobernuak, 7.500 milioi eurorenak. Bruchek zehaztu du ez dela erreskate bat: «Zergadunei ez zaie ezer kostatuko. Alderantziz, ongi badoa, diru sarrerak izango dira, eta gobernuak kobratuko du, aseguru etxe baten gisan».

Akordioaren hirugarren hanka Siemens bera da, Siemens Energyren %25en jabea. Indiako negozioaren %18 saldu dio Siemensi, merkatuko prezioan baino %5 merkeago. 2.100 milioi euro lortu ditu. Maria Ferrero finantza zuzendariaren arabera, garrantzitsuena ez da prezioa, «likidezia lortzea» baizik, eta diru sarrera horrek «balantzea hobetzeko» balioko du.

Halaber, saldutako partaidetzaren %5 bermeen operaziorako erabiliko du taldeak: 1.000 milioi euro inguru. «Aseguru moduko bat izango da gobernuarentzat eta bankuentzat, haietara jotzeko %0,2ko arrisku urrun horri aurre egiteko».

Alemaniaz gain, Siemens Energy «beste gobernuekin» negoziatzen ari da. Horietako bat izango da Espainiakoa. Industria Ministerioko iturriek baieztatu dute Berlinekin eta bankuekin negoziatzen ari direla bermeak jartzeko.

Turbinen arazoa

Siemens Energyk ekainean jakinarazi zuen lurreko haize erroten bi turbinekin (4.x eta 5.x) arazo teknikoak zituela, eta gerora berretsi zuen kalte ordainei eta konponketa lanei aurre egiteko 1.600 milioi euroren hornidurak jarri zituela. Gaur, Bruchek zehaztu du talde barruko zein kanpoko adituek azterketa lanak amaitzear dituztela eta ez dutela arazo gehigarririk atzeman.

5.x turbinaren merkaturatzea eten egin dute, eta ez du aurreratu noiz itzuliko den. «Berrikusten ari gara hori, eta espero dugu datozen asteetan edo hilabeteetan iragarri ahal izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.