Enpresak

Siemens Energyk 3.632 milioiren galerak izan ditu, Gamesaren arazoengatik

Haize erroten modelo berriak izandako arazo teknikoek 1.600 euroko zuloa eragin diote konpainiari. Lantegiak saltzeko asmoari eusten dio, baina ez du argibiderik eman.

Siemens Gamesa Zamudion (Bizkaia) duen egoitza. ARITZ LOIOLA (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 7a
12:16
Entzun

Siemens Energyk jakinarazi du azkeneko bederatzi hilabeteetan 3.632 milioi euroren galerak izan dituela, eta gehienak Siemens Gamesa Euskal Herriko filialak eragin dituela. Iazko datuekin alderatuta, halako bost dira aurtengo galerak. Gehienak azken hiru hilabeteetan pilatu ditu: 2.931 milioi. Urrian amaituko duen urte fiskalari begira, multinazionalak aurreikusten du egoerak okerrera egingo duela, eta guztira 4.500 milioi galduko dituela.

Siemens Gamesak Zamudion (Bizkaia) du egoitza, eta Euskal Herriko bi fabriketan eta munduan zehar dituen gainerakoetan haize errotak egiten ditu, lurrekoak eta itsasokoak. Lurreko 4.X eta 5.X aerosorgailu modeloak amesgaizto bat bihurtu dira, bereziki bigarrena; bibrazioak eragiten dituzte, eta matxuratu egiten dira.

Joan den ekainaren amaieran, konpainiak aurreratu zuen turbinetan antzemandako arazo teknikoek gutxienez 1.000 milioi euroren galerak eragingo zituztela. Estimazioa, baina, txiki geratu da. Gaur kaleratutako emaitzen arabera, 1.600 milioirenak izango dira.

5.X aerosorgailuak enpresaren produktu izarra izan behar zuen, baina berrehun ale baino ez dituzte saldu. 5.X modeloa sortzeko egitasmoa 2019an abiatu zuten, Alemaniako multinazionala Gamesaren jabe egin eta bi urtera. Lehen prototipoa 2021ean jarri zuten martxan, eta, urte hartako uztailean, konpainiak onartu zuen arazoak zeudela. «Behar bezala frogatu gabeko turbinak saldu genituen. Geure anbizioen biktima bihurtu gara», adierazi du Jochen Eickholtek, Siemens Gamesako kontseilari ordezkariak

Enpresa ez da gai izan arazo tekniko horiei irtenbidea emateko. Eta horrek hainbat ondorio ditu: alde batetik, dagoeneko zerbitzuan dauden haize erroten konponketa kostuak daude. Eta, bestetik, bezeroekin sinatutako kontratuek ezartzen dituzten zigorrak. Dagoeneko martxan dauden eta matxurek eragindako geldialdiengatik elektrizitatea ekoiztera iristen ez diren aerosorgailuengatik, penalizazioak dituzte, eta, halaber, entregen atzerapenak ere beste penalizazio batzuk sortu dizkie. Horri guztiari lehengaien kostuen igoera eta inflazio handia gehitu behar zaizkio.

Konpainiako buruek azaldu dutenez, ezin da zehaztu zenbat denbora beharko duen arazoak konpontzeko, «oso konplexuak» baitira. Aditzera eman dute hornitzaileengandik datozela, eta horietako batzuk jada «baztertu» dituztela eta hautatzeko sistema «zorroztu» dutela. Gainera, aurreratu dute enpresa horiei erantzukizun ekonomikoak eskatzea aztertzen ari direla. Ikusteko dago konpainiaren galera handiek nolako eragina izango duten harentzat lan egiten duten Euskal Herriko enpresa hornitzaileentzat: iaz, 700 milioi euro inguruko erosketak egin zizkien.

Lantegien salmenta

Siemens Energyren gainerako dibisioek irabaziak izan dituzte aurten, baina Gamesaren galera handiak Alemaniako multinazionalaren beste negozioak baldintzatzen ari dira. Horiek hala, pisuzko erabakiak hartzen ari da azkenaldian. Joan den urtearen amaieran, taldeak Espainian dituen fabrika guztiak jarri zituen salgai, bat izan ezik, eta Euskal Herrian geratzen zaizkion biak ere saltzeko asmoa du: Mungiakoa (Bizkaia) eta Asteasukoa (Gipuzkoa). Multinazionalak Zamudion (Bizkaia) duen egoitzari eutsiko lioke, baita Iruñerrian dituen bulegoei eta logistika guneari ere. Agoizko (Nafarroa) lantegia 2020ko udan itxi zuten.

Emaitzen aurkezpenekin batera, konpainiak fabriken salmentari buruzko informazioa ematea espero zen, baina ez du argibiderik eman. Espainiako Cinco Días egunkari ekonomikoaren arabera, Suitzako ABB izan daiteke erosleetako bat. Sektoreko enpresa da ABB, eta sorgailu eta bihurgailu elektrikoen adarra erosteko asmoa agertu du. Madrilen, Valentzian eta Kantabrian ditu lantegiak.

Mungiako eta Asteasuko fabriketan, haize erroten palen biraketak eragiten duen energia elektrizitate sorgailura transmititzeaz arduratzen diren ekipoak egiten dituzte. Mungian 50 pertsonak egiten dute lan, eta Asteasun 350ek. Bigarren horretan lan hitzarmena berritzeko akordioa egin zuten iazko urrian. Haren arabera, lantegia salduz gero, lanpostuak, lan baldintzak eta lan kargak bermatu beharko lirateke. Maiatzean, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea jarri zuen abian enpresak, lan karga jaitsi egin dela argudiatuta.

Bulegoetan, berriz, 475 lanpostu kentzeko asmoz, enplegua erregulatzeko espediente bat iragarri zuen iazko irailean Siemens Gamesak. Prozesua amaitu berri da, eta 121 langile beste postu batzuetan hasi dira, 83k erretiro aurreratua hartuko dute, eta 139k ontzat hartu dute enpresak eskainitako kalte ordaina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.