Baliteke Talgoren mataza askatzear egotea. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den astean iragarri zuen tren ekoizle horrentzako bazkide komertzial baten bila zebiltzala, eta gaur jakin da nor den hautagai nagusia: Jose Antonio Jainaga, Sidenorreko presidentea. Zenbait inbertitzailerekin batera helduko lioke proiektuari.
Jainagak bere asmoen berri eman die jada Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta Talgoren akziodun nagusiari, Trilantic inbertsio funtsari. Negoziazioak duela aste batzuk hasi ziren, eta azken xehetasunak adosten ari dira; esaterako, funtsaren esku dauden akzioen prezioa.
El Correo-ren arabera, Jaurlaritzak adierazi dio Jainagari prest dagoela operazioan lagun izateko. Azken asteetan, Pradalesek esan du Talgoren akziodun izateko prest leudekeela, betiere proiektuaren etorkizuna bermatzen duen bazkide komertzial bat balego. Jainaga bazkide bakarra izango litzateke, dirua jarriko duten beste inbertitzaile batzuen laguntzarekin.
Erroak indartu
Horrela konponduko litzateke enpresaren arazo nagusia, jabetzarena. Talgok lan karga ziurtatuta dauka gutxienez 2030era arte; are gehiago, beste enpresa askok nahi luketen eskaera zorroa dauka, 4.000 milioitik gorakoa. Baina ezinean ari da horri aurre egiteko, eskulan eta lantegi nahikorik ez duelako. Egin ditzakeen baino tren gehiago zor ditu konpainiak.
Enpresak Euskal Herrian dituen erroak indartuko lituzke operazioak, eta hori funtsezkoa da Jaurlaritzaren babesa izateko
Sidenorreko presidentearen erabakiak, gainera, enpresak Euskal Herrian dituen erroak indartuko lituzke, eta hori funtsezkoa da Jaurlaritzaren babesa izateko. Talgo Araban sortutako konpainia bat da, nahiz eta aspalditik Madrilen duen egoitza nagusia. Ribabellosan (Araba) zazpiehun langile inguru ditu, eta enpresa hornitzaile ugari ere bai lurraldean.
Dena den, operazioa ez dago itxita oraindik. Jainagak, gehienez ere, enpresaren akzioen %29,9 erosiko ditu, hori baita Trilanticek duen kopurua. Garrantzitsua da ehunekoa, %30era heltzen ez denez EEP erosteko eskaintza publikorik ez baitu egin beharko enpresariak.
Akzioen balioa
Ikusi beharko da akzioko zenbait ordainduko duen. Talgoren afera uda osoan ibili da bolo-bolo; Espainiako Gobernuak blokeatu egin zuen Magyar Vagon Hungariako Gobernuarekin lotura zuzena duen talde batek erosteko ahalegina, «segurtasun nazionaleko arrazoiak» argudiatuta. Hark 617 milioi euro eskaini zituen Talgoren akzio guztien truke, bost euro akzioko. Atzo, burtsan, 3,32 euro zen Talgoren akzioen balioa. Prezio horretan, akzioen %29,9 123 milioi euro lirateke. Jainagaren mugimenduaren berri izatean, Talgoren akzioak %4,5 egin zuen gora, 3.47 euroraino.
Gaur egun, Pegaso Transportation International da Talgoren akziodun nagusia, tituluen %40 baititu. Haren barruan daude Trilantic funtsa (%63), Oriol familia (%20) eta Juan Abello enpresaburua. Haien arteko paktu batek dio batek akzioak saldu nahi baditu besteek gauza bera egin beharko luketela, eta Trilanticek argi utzi du bere inbertsioaren zikloa amaitua dela. Pegasotik kanpo, Torrente Blasco familiak %5,04 dauka, eta parte hartze txikiagoak dituzte Seguros Santa Luciak, Amundik eta beste batzuek. Akzioen %51 burtsan salerosten dira.