Sidenorren eskaintzak Talgoren akzioak garestitu ditu

Tren ekoizleak jakinarazi du Jainagaren taldea prest dagoela kapital osoa edo zati bat erosteko. Jaurlaritzak berretsi du operazioa babestuko lukeela.

Jose Antonio Jainaga, Bilbon egindako agerraldi batean, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jose Antonio Jainaga, Bilbon egindako agerraldi batean, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko urriaren 17a
11:55
Entzun

Talgoren akzioen prezioa %7 inguru garestitu da ostegun honetan, Sidenorrek tren ekoizlearen kapital osoa edo zati bat erosteko interesa agertu eta gero. Asteartean jakin zen Jose Antonio Jainaga enpresari bizkaitarra buru duen talde industrialak interesa zuela, eta Talgok berak atzo berretsi zuen hori, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari bidalitako jakinarazpen laburrean. Horretan ez da zehazten negoziazioak hasi diren ala ez, ezta akzioko zenbat diru ordaintzeko prest dagoen ere.

Jainagaren taldearen asmoen berri eman zuten egunetik, akzioen prezioa gora egiten ari da. Asteartean %4,52 egin zuen gora, eta atzo, %4,9. Gaur %7ra hurbildu da. Akzioaren prezioa 4 eurora gerturatzen ari da.

Sidenorren operazioa hilabete gutxiren buruan Talgo erosteko bigarren saiakera izango litzateke. Abuztuan, Espainiako Gobernuak uko egin zion Magyar Vagon hungariar taldeak aurkeztutako eskaintzari, «segurtasun nazionaleko arrazoiak» argudiatuta. Hark 617 milioi euro eskaini zituen Talgoren akzio guztien truke, bost euro akzioko. Operazioak Talgoren akziodun gehienen babesa zuen.

Sidenorrek Talgoren %29,9 kontrolatu nahi du gutxienez —hortik gora nahi izanez gero, akzioak erosteko eskaintza publiko bat egin behar du—. Jainagak behin baino gehiagotan erakutsi du bere negozioa dibertsifikatzeko asmoa, eta trenaren sektorean jarriak ditu begiak. Gaur egun, bere negozioa autogintzan kontzentratzen da batez ere. Inbertsio funts bateko kide ere bada: Mirai. 300 milioiko poltsa bat du horretarako.

Sidenorrek aurkeztutako proposamenak aukera ematen du erosketa partziala egiteko edo kapital osoa erosteko. Hori Eusko Jaurlaritzak eta Espainiak eman nahi duten laguntzaren araberakoa izango da.

Jaurlaritza, adi

Jaurlaritza operazioan sartzeko prest agertu da, Talgo euskal ekonomiarentzat enpresa estrategikoa dela uste baitu. Finkatuz funts publikoaren bidez egingo du hori. Sektoreko bigarren enpresa litzateke, CAFen akzioen %3 baitu, eta kide bat haren administrazio kontseiluan.

Prozesua hasierako fase batean dagoen arren, Sidenorrek aurrera eraman nahi duen operazioan laguntzeko prest daudela berretsi du gaur Mikel Jauregi Industria sailburuak, betiere «Talgorentzat proiektu industrial sendo bat aurkezten badu, enpresa Euskadin errotzeko modua emango duena eta industriako enplegua hobetuko duena. Baldintza horiek betetzen badira, Eusko Jaurlaritzak babestuko du».

«[Sidenorrek] Talgorentzat proiektu industrial sendo bat aurkezten badu, Eusko Jaurlaritzaren babesa izango du»

MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzako Industria sailburua

Talgo Araban sortutako konpainia bat da, nahiz eta aspalditik Madrilen duen egoitza nagusia. Ribabellosan (Araba) zazpiehun langile inguru ditu, eta enpresa hornitzaile ugari ere bai lurraldean.

Azkenaldian, baina, arazo ugari izaten ari da. Lan karga ziurtatuta dauka gutxienez 2030era arte: 4.000 milioitik gorako eskari zorroa. Baina ezinean ari da horri aurre egiteko, eskulan eta lantegi nahikorik ez duelako. Egin ditzakeen baino tren gehiago zor ditu konpainiak.

Horri aurre egiteko plan industrial bat aurkeztu zuen Magyar Vagonek. Talde horrek, Viktor Orban Hungariako presidentearen babesarekin, urrats garrantzitsuak egin ditu azken urteetan garraioaren sektorean. Talgo erosita, abiadura handiko trenak batuko lituzke bere eskaintzara, eta aukera handiagoak emango lizkioke Europako beste ekoizle handiekin lehiatzeko (Alstom, Siemens, Stadler, CAF...). Horrek eta Orbanen itzalak errezeloak eragin zituen, eta Espainiako Gobernuak betoa jarri zion operazio horri.

Gaur egun, Pegaso Transportation International da Talgoren akziodun nagusia, tituluen %40 baititu. Haren barruan daude Trilantic funtsa (%63), Oriol familia (%20) eta Juan Abello enpresaburua. Haien arteko paktu batek dio batek akzioak saldu nahi baditu besteek gauza bera egin beharko luketela, eta Trilanticek argi utzi du bere inbertsioaren zikloa amaitua dela. Pegasotik kanpo, Torrente Blasco familiak %5,04 dauka, eta parte hartze txikiagoak dituzte Seguros Santa Luciak, Amundik eta beste batzuek. Akzioen %51 burtsan salerosten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.