Sidenorrek erosketa bat egin du Valentzian, Sagunton txatarraren sektorean diharduen enpresa bat bereganatuta: AMR Aguilar Metal Recycling. Euskal altzairugintza taldearen asmoa txatar hornidura eta haren prezioa ziurtatzea da, bi aldagaiak oso aldakorrak baitira orain.
AMRk industriarako txatarra sortzen du, Saguntoko industria eremuan automobilgintzako zenbait fabrika handi daudela baliatuta. Txatar egilearen kokapena garraiorako ere egokia da, Saguntoko portutik 300 bat metrora dituelako lantegiak, eta bost kilometrora merkantzietarako tren terminal bat. Haren bidez bidal dezake txatarra Sidenorrera.
Hurrengo hiru hilabeteetan mamituko da salerosketa, eta haren zenbatekorik ez du jakinarazi Jose Antonio Jainagaren taldeak. Sidenorren arabera, «industriarako txatarra bezalako lehengai funtsezko baten horniduran segurtasuna» dakarkio erosketak.