Sidenorrek trena hartu du

Zazpi milioi euroko inbertsioa egin du 'bloom'-ak ekoizteko; altzairu formatu hori aproposa da trengintzarako eta energia eolikoko erroten sektorerako

Garabi bat altzairuzko bi bloom barra ekoizpen lerrotik ateratzen, atzo goizean, Sidenorrek Basaurin duen lantegian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Basauri
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Sidenor autoa uzteko leku bila dabil, eta trena hartzea erabaki du. Autogintzarekin duen menpekotasuna murriztu, eta merkatua dibertsifikatzeko neurriak hartzen ari da. Asmoa da trengintzan, haize energian, eta gas eta petrolioaren industrian baliagarriak diren altzairu produktuak ekoiztea. Hitzez harago doan egitasmo bat da, gainera, zazpi milioi euroko inbertsioa egin baitu Basaurin (Bizkaia) bloom-ak ekoiztu ahal izateko —zilindro formako zazpi tonako altzairu piezak—. «Altzairu gordina salduko dugun lehen aldia da. Gure ekoizpenaren %99 barra laminatuak dira [barra zilindriko luzeak], eta, orain, barra handia ere eskainiko dugu. Erosleek euren piezak egiteko erabiliko dute altzairua», azaldu zuen atzo Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak.

Altzairua krisian dago Europan, eta Sidenorrek bolante kolpea eman behar duela ikusi du. «Gure ekoizpenaren %70 autogintzarako da, eta orekatu egin nahi dugu. Ondo legoke %50 autogintzara zuzentzea eta %50 beste sektore batzuetara. Horrek ez du esan nahi autogintzara bideratzen duguna murriztu nahi dugula, baizik ekoizpen orokorra handitu nahi dugula». Jainagak garbi utzi zuen oso gai direla egun ekoizten dutena baino gehiago merkaturatzeko, eta 2018an bloom-ekin hasi zirenetik produktu berriaren %90 euskal enpresetan saldu dutela.

Altzairu bloke handiak inguruan errazago saltzearen arrazoia garraio kostuak dira: «Gure sektorean tona bakoitza garraiatzeak 120 euro balio du, eta hori asko da», zehaztu zuen. «Altzairua kanpoan erosten duten inguruko enpresek interes berezia dute gurekin lan egiteko. Garestia da produktua Italia, Alemania edo Txekiatik ekartzea; aldiz, Beasainen (Gipuzkoa) dagoen norbaiti saltzen badiogu, gastu hori desagertu egiten da».

Jainaga ibilbide luzeko enpresaria da, eta ez du alferrikako hitzik esaten; horregatik, bere ereduan Beasain aipatu izana ez zen izan ausazko zerbait. Beasainen CAF baitago, tren enpresa. «Arrakasta handiko enpresa bat da, eta lagunduko digu, ziur nago. Hilabeteak daramatzate gure bloom-ak probatzen, eta, ikuspuntu teknikotik, gustatzen zaizkie. Esaten diguten guztia ona da. Baina prezioaren xehetasuna beti dago hor. Homologazio tekniko batzuk behar ditugu oraindik, baina ohituta gaude, autogintzan ere horrelakoak behar izaten ditugu eta». Energia eolikorako eta gasaren eta petrolioaren sektoreetako bezero potentzialak zein izan daitezkeen ez zuen zehaztu.

Jaurlaritza, fusioaren alde

Makineria berria aurkeztu zuen atzo Sidenorrek, eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua gonbidatu zuen, bertatik bertara ikus zezan. Hark Sidenorren ekimena goratu zuen. «Txalogarria da enpresa batek berrikuntzaren alde apustu egitea. Ekoizpena dibertsifikatu du, ekonomia hobetu dadin itxaron gabe». Jainagaren asmoak, baina, ez dira mugatzen Sidenorren keetara. Joan den astean, siderurgiaren euskal sektore osoa bateratzearen alde agertu zen, eta pauso batzuk emango zituela aurreratu. Tapiaren hitzetan, asmo hori «ez da berria», eta Jaurlaritzak begi onez ikusiko luke.

Onespena emateaz haratago, Jaurlaritzak mugimendu horiek «modu askotara» lagun ditzakeela esan zuen sailburuak, eta «laguntza finantzarioa» txikiena izango litzatekeela argitu. «Fusioak egitean, diru kontuak dira enpresek hobekien lotuta edukitzen dituztenak. Sektoreko lehiakideak oso handiak dira, eta, horregatik, zailtasunak daude hainbat merkatutara joateko. Alde horretatik, bat egitea beharrezkoa dela ikusiko balute, babesa emateko prest geundeke».

Tapiak, baina, sua pixka bat baretu zuen, horri buruz hitz egiteko «goizegi» delakoan, eta horrelako mugimenduek «zailtasun» asko dituztelakoan: «Tentuz ibili behar dute». Jainagak, bat egitea mahai gainean jarri zuenean, ez zituen aipatu altzairu lantegiak bakarrik: euren prozesuan altzairuaren sorrera duten enpresak ere sartu zituen; adibidez, hodiak egiten dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.