Sidenor Talgo erosteko baldintzez negoziatzen hasi da

Talgoko administrazio kontseiluak baiezkoa eman dio elkarrizketak abiatzeari.

Sidenorren fabrika, Basaurin (Bizkaia). MIGUEL TOÑA / EFE
Sidenorren fabrika, Basaurin (Bizkaia). MIGUEL TOÑA / EFE
joxerra senar
2024ko urriaren 21a
13:22
Entzun

Aurreko astean baieztatu zen Sidenorrek Talgo erosteko interesa zuela, eta Talgoko administrazio kontseiluak baietza eman dio hitz egiten hasteari. «Negoziazioetan, salerosketa posiblea aztertuko dugu, sozietateko kapitalaren ehuneko nabarmen bat bereganatzeko edo osorik erosteko», adierazi du Talgok, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera igorritako komunikatuan. Sidenorrek, berriz, adierazi du «beste urrats bat» dela eta diskrezioz lan egin nahi dutela.

Jose Antonio Jainaga enpresari bizkaitarra buru duen talde industriala Talgoren akzioen %29,9 bereganatzeko prest legoke; baina, ohar horrek berresten duen bezala, ez diote atea ixten tren ekoizlea osorik erosteari.

Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Diputazioaren babesa du mugimenduak. Jaurlaritzak jada esan dio Sidenorri operazio horren bazkide izateko prest dagoela. Halaber, Madrilek begi onez hartu du: «Babesten eta laguntzen izango gara, operazioa ongi burutu dadin», baieztatu du Oscar Puente Espainiako Gobernuko Garraio ministroak. Ez da baztertzen SEPI Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatea Talgoren kapitalean sartzea. 

Talgok 2.500 langile ditu, eta fabrika handiena, hain justu, Araban du. Ribabellosako fabrikan zazpiehun langile inguruk egiten dute lan. Akzioen %40ren jabe den akziodun talde batek —AEBetako Trilantic funtsa buru duela— bere partaidetza saldu nahi du. Urte hasieran, Magiar Vagon hungariar taldea akzio horiek erosteko prest azaldu zen, baina Espainiako Gobernuak uko egin zion eskaintzari abuztuan, segurtasun arrazoiak argudiatuta.

Operazioa gauzatuz gero, Sidenorrek bere negozioa dibertsifikatuko luke, gaur egun haren jardueraren %70 inguru autogintzari lotuta baitago. Akzioen %29,9 bereganatuz gero, ez luke erosteko eskaintza publikorik egin beharko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.