Sidenorrek ez du aurkitu berarekin fusionatu nahi duen enpresarik

Euskal altzairugintza taldea osatzeko eskaintza egin zien sektoreko beste enpresa batzuei, baina ez dute nahi izan. Iaz, %30 gutxiago fakturatu zuen, baina aurten ondo hasi da autogintzari esker

Sidenorreko operari bat laminazio tren berriarekin lan egiten. Ekoizten dituen altzairu barrak ikus daitezke atzean. MARISOL / RAMIREZ.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Euskal altzairugintza talde handiaren egitasmoa jaio baino lehen hil dela dirudi. Jose Antonio Jainaga Sidenor altzairutegiko presidentea zen «nazio egitasmo» horren bultzatzaile nagusia, baina ez du «interesik» aurkitu sektoreko beste enpresetan. Tubacexen, Tubos Reunidosen eta Olarraren atea jo du azken urte eta erdian, eta ez du baiezkorik jaso: «Batek jabe bakarra du [Olarra], eta esan zidan horren inguruan ez zuela hitz egingo. Beste biak burtsan daude, eta guk exekutiboekin hitz egin dugu. Ez dute inolako interesik: elkartzeak ezer berririk ez dakarrela esan zidaten. Geldirik dago dena».

Jainagak atzo eman zituen enpresaren egoeraren inguruko xehetasunak, altzairutegiak Basaurin (Bizkaia) duen plantan martxan jarri duen laminazio tren berriaren aurkezpenean. Ekitaldian, Arantxa Tapia eta Pedro Azpiazu izan zituen alboan, Ekonomiaren Garapenaren eta Ogasun eta Ekonomia sailburuak, hurrenez hurren. Sidenorrek, izan ere, 131 milioi euroko inbertsioa egin du bi fasetan: 41 milioi 2017an, eta beste 90ak azken urtean. Horri esker, altzairu eredu berriak ekoitzi ahal izango ditu, eta altzairu berezien ekoizpenaren «abangoardian» jarri da.

Alde horretatik, Jainagak aurreratu zuen Europako Next Generation funtsetarako hautagai dela inbertsio handi hori. «Digitalizazioan aurrera egin dugu, eta, berritasunei esker, CO2 gutxiago sortuko dugu eta energia gutxiago kontsumitu. Horiek dira Europako Batasunak etorkizunera begira jarraitu nahi dituen bideak». Tapia sailburuak, hitza hartzean, berritasunek enpresaren «jasangarritasuna» hobetu dutela nabarmendu zuen, Jainagaren asmoari oniritzia emanez.

Laminazio tren berriak egingo dituen altzairuzko barrei esker, plantak 500.000 tona ekoitzi ahal izango ditu urtean. Produktu berrien %80 autogintza sektorera doaz, eta haren gorabeherek asko baldintzatzen dute Sidenorren jarduna. Iaz, esaterako, autogintzak hilabete gogorrak pasatu zituen, eta, horren eraginez, altzairutegiaren fakturazioa «%30» erori zen. Aurtengo, berriz, aurreikuspenak askoz hobeak dira: «Iazkoa hobetzea ez da zaila izango. Aurten 2016 eta 2017ko zenbakietara itzuli ahal izango garela espero dugu».

Sidenorrek, izan ere, ondo hasi du urtea, «ekoizpen mailaren %90ean». Iazko apirilean galdetu baliote halakorik aurreikustea «erokeria» litzatekeela onartu zuen Jainagak. Urte amaieran, baina, autogintza lozorrotik atera zen. «Europako autogile asko auto hibridoak egiten hasi ziren, presaka. Aurten haiek egitea garestiagoa da, kutsaduraren inguruko zergarengatik, eta gure eskaerek gora egin zuten». Hain handia izan zen gorakada, aldi baterako lan erregulazioa egiteko asmoa bertan behera utzi zuen. Halere, ez daki zenbat iraungo duen olatu onak: «Citroen, Seat, Renault eta halako autogileak erabaki gogorrak hartzen ari dira».

Argindarraz kexu

Egoeraren erradiografia eginda, beste kexu bat plazaratu zuen: argindarraren prezioa. Eta kritika zuzena egin zion Espainiako Gobernuari. «Izugarri garesti dago. Etxeetan bezala nabaritzen da gurean. Beste herrialde batzuetako altzairutegiekin alderatuta, desabantaila nabarmena da. Alemanian, esaterako, lantegi handien %85ek akordio propioak dituzte argindar enpresekin prezio hobeak adosteko. Hemen ezin dugu halakorik egin. Espainiako Gobernua ez dakit nora begira dagoen». Nabarmentzekoa da Sidenorrek labeak elektrikoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.