Sidenorrek Talgon sartzeko beste eskaintza bat aurkeztu du. 177 milioi euro jarri ditu mahai gainean Trilantic inbertsio funtsak tren konpainia horretan duen %29,8ko parte hartzea erosteko. Eusko Jaurlaritzaren, BBKren eta Vital Fundazioaren babesarekin aurkeztu du. Jaurlaritza Finkatuz funtsaren bidez sartuko litzateke operazio horretan.
Operazioaren baieztapen ofiziala jaso bitartean, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak eten egin du Talgoren akzioa, baina berriro zabaldu du 13:15an, eta gorakada txiki baten ondoren, %4ko atarian geratu da.
Hortik gorako prezioa ordaintzeko prest azaldu dira Sidenor eta bere aliatuak. 4,80 euro eskaini dituzte akzio bakoitzeko: 4,15 euroko kopuru finko bat tituluarengatik eta 0,65 zentimoko kopuru gehigarri bat. Gehigarri hori hainbat aldagairen araberakoa litzateke, tartean helburu ekonomiko jakin batzuk lortzea. Eskaintza hori Jose Antonio Jainaga buru duen altzairutegiak iaz eginikoa baino hobea da, ordukoan lau euro eskaini baitzituen akzioko. Sidenorrek, Jaurlaritzak eta BBK-k 45na milioi euro jarriko lituzkete akzio horiek erosteko, eta Vital Fundazioak, hogei.
Sidenorrek ez du zehaztasunik eman, baina Mikel Torres Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak baieztatu du eskaintza mahai gainean dagoela, eta Talgo enpresa estrategikoa dela argudiatuta azaldu du Jaurlaritzaren parte hartzea. Izan ere, lehia estua dago Talgoren kontrola hartzeko, Sidenor ez baita interesa duen enpresa bakarra, eta Jaurlaritzak esku hartzeko premia ikusi du.
Trilanticek hamalau eguneko epea ezarri du eskaintzak entzuteko. Ikusi beharko da Pesa eta Jupiter Wagonsen interesa eskaintza ekonomiko bilakatzen den
Pesa Poloniako konpainiak eta Jupiter Wagons Indiakoak ere publikoki adierazi dute Talgon sartzeko asmoa dutela. Baita pauso estrategikoak eman ere. Pesa Poloniako Gobernuaren industria garapenerako erakundearen menpeko enpresa bat da, eta Societe Generale bankua kontratatu zuen bere eskaintza mamitzeko. Jupiter, berriz, Talleres Alegria konpainiarekin akordio batera iritsi da Espainiako Gobernuak eskatzen duen baldintza bat betetzeko: Espainiako bazkide industrial bat izatea.
Ikusi gehiago
Trilanticek Talgoren akzioen %29,9 kontrolatzen ditu, eta iazko urtarrilaren 31z geroztik libre da bere kasa negoziatzeko. Aurretik, Pegaso sozietateko beste kideekin batera jarduteko obligazioa zuen —Abello eta Oriol familiak, eta hiruen artean %40,2 kontrolatzen zuten—. Trilanticek PWC kontratatu du jaso ditzakeen eskaintzak entzun eta kudeatzeko. Publiko egin denez, hamalau eguneko epea ireki du. Ikusi beharko da Pesaren eta Jupiter Wagonsen interesa eskaintza bihurtzen den eta ea Sidenorrena hobetzen duten.
3,91Talgoren akzioen balioa burtsan Sidenorren eskaintza ona ala txarra da? Talgok Espainiako burtsan kotizatzen du, eta atzo 3,91 euroan amaitu zuen eguna. Hori ikusita, agerikoa da iazko lau euroren eskaintza motz gelditu zela. Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak bertan behera utzi du haien kotizazioa, mugimendu bortitzak eragozteko. Sidenorren eskaintza berriak eragindako behin-behineko neurria da, eta oso ohikoa tankera horretako mugimenduetan.
Espainiako Gobernua operaziotik kanpo gelditu da, baina, Espainiako hainbat hedabidek zabaldu dutenez, sartzeko prest dago SEPI industria funtsaren bitartez. Ez litzateke harritzekoa pauso hori eman behar izatea. Trilanticek esana du 190 milioi euro nahi dituela, eta Talgoren akzioek 3,91 euro balio zuten atzo. Espainiako Gobernuak salmenta oztopatzeko ahala badu, baina aurretik erabili zuen hori Ganz-MaVag Hungariako konpainiak Talgo osoa erosteko eskaintza egin zuenean, eta horrelako mugimenduak gaizki ikusiak daude nazioarteko merkataritza erakundeetan.
Talgok 700 langileko lantegi bat du Ribabellosan (Araba); kopuru horri behin-behineko langileak eta lantegi horrentzako lan egiten duten enpresetako langileak gehitu behar zaizkio, 2.000 inguru. Arabako patronalak abenduan ohartarazi zuen Talgo deslokalizatzeko arriskua dagoela.

Bilbon sortutako konpainia izan arren, aspaldian Madrilen du egoitza Talgok, baina euskal kapitala hor sartzearen helburuetako bat da egoitza Arabara eramatea. Hala baieztatu du gaur Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, eta gaineratu du I+G ikerketa eta garapenaren arloak eta «erabakiguneak» ere Araban egon beharko luketeela. «Talgok Arabako arima du, Arabako erroak. Nik uste dut funtsezkoa dela lan egitea erabakigunea hona itzuli dadin».
bbk, tALGON ETA CAF-EN?
Sidenorren bazkideen artean BBKren rola da deigarriena. Batetik, Bizkaitik kanpoko enpresa batean inbertitu duelako, baina hori ez da berria; eta, bestetik, beste tren konpainia bateko akziodun nagusietako bat delako. CAF da konpainia hori, eta bi hilabete ere ez dira %3 handitu zuela bere akziodunen artean duen pisua. Aurretik akzioen %10,3 zituen Kutxabankeko kide gisa, eta %3 horrekin akzioen %13,2 lortu zituen. CAFek inoiz ez du Talgon sartzeko interesik eduki, baina jakina da Talgok ekoizpen arazo larriak dituela eta larri ibiliko dela onartuak dituen enkarguak betetzeko. Alegia, litekeena da BBK funtsezko lotura izatea CAFek Talgori lagundu ahal izateko.