Talgoren akzioak erosteko lehen eskaintza egin du Sidenorrek. Jose Antonio Jainaga enpresaria buru duen talde industriala akzioen %29,9 bereganatzeko prest dago. Duela hilabete pasatxo hasi ziren negoziazioak, eta, orduan, Sidenorrek ez zuen baztertu tren ekoizlea osorik erosteko aukera, baina, oraingoz, ez da hori hautatu duen bidea.
El Correo-ren arabera, 150 milioi eurokoa da proposamena, akzioko lau eurokoa. Gaur goizean, burtsan, 3,36 euro balio zituen Talgoren akzio bakoitzak. Beraz, bakoitzagatik %19 gehiago ordaintzeko prest dago Jainagaren taldea.
Akzioen %40ren jabe den akziodun talde batekin —AEBetako Trilantic funtsa buru duela— ari da hitz egiten Sidenor. Urte hasieran, Magiar Vagon hungariar taldea akzio horiek erosteko prest azaldu zen, baina Espainiako Gobernuak uko egin zion eskaintzari abuztuan, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Hark 617 milioi euro eskaini zituen Talgoren akzio guztien truke, bost euro akzioko. Orain ere prezio hori ari da eskatzen Tritlantic: 185 milioi euro akzioen %29,9gatik.
Akziodun talde horrek Pegaso Transportation International izena du. Haren barruan daude Trilantic funtsa (%63), Oriol familia (%20) eta Juan Abello enpresaburua. Haien arteko paktu batek dio batek akzioak saldu nahi baditu besteek gauza bera egin beharko luketela, eta Trilanticek argi utzi du bere inbertsioaren zikloa amaitua dela. Tratu hori, ordea, aurten iraungiko da, eta, bazkide bakoitza akzioak bere kabuz saltzen saiatzen bada, zaildu egingo da operazioa.
Pegasotik kanpo, Torrente Blasco familiak %5,04 dauka, eta parte hartze txikiagoak dituzte Seguros Santa Luciak, Amundik eta beste batzuek. Akzioen %51 burtsan salerosten dira.
Ikusi gehiago
Eta zergatik erosi nahi ditu Sidenorrek akzioen %29,9? Bada, %30era heltzen ez denez, ez duelako erosketa eskaintza publikorik egin beharko. Negoziazioak arrakastatsuak badira, Jainaga bazkide bakarra izango da, dirua jarriko duten beste inbertitzaile batzuen laguntzarekin. Litekeena da tartean Eusko Jaurlaritza egotea, Finkatuz funtsaren bidez. Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Arabako Diputazioaren babesa du mugimenduak.
Talgok 2.500 langile ditu, Madrilen du egoitza, baina fabrika handiena, hain justu, Araban du. Ribabellosako lantegian zazpiehun behargin inguru ditu, eta gertuko enpresa askok ere harentzat lan egiten dute. Sidenorrek, berriz, bere negozioa dibertsifikatuko luke operazioa gauzatuz gero, gaur egun haren jardueraren %70 inguru autogintzari lotuta baitago.
Horrela konponduko litzateke Talgoren arazo nagusia, jabetzarena. Enpresak lan karga ziurtatuta dauka gutxienez 2030era arte; are gehiago, beste enpresa askok nahi luketen eskaera zorroa dauka, 4.000 milioitik gorakoa. Baina ezinean ari da horri aurre egiteko, eskulan eta lantegi nahikorik ez duelako. Egin ditzakeen baino tren gehiago zor ditu konpainiak.