Sidenor altzairutegi taldeak lana aldi baterako erregulatzeko espedientea ezartzeko asmoa du. Autogintzaren beherakadaren ondorioz hartu du erabakia, bere ekoizpenaren %70 sektore horretara zuzendua baitago. Sidenorrek dituen 1.500 langileei eragingo die, eta horietatik 1.140k Euskal Herrian dituen hiru plantetan dihardute: Basaurin (Bizkaia), Azkoitian (Gipuzkoa) eta Gasteizen. Lan jardunaren murrizketa eta espedientearen iraupena erabakitzeko dauden xehetasunak dira. Dena den, eta enpresak sindikatuekin izandako lehen hartu-emanean aditzera eman duenez, 2021eko abendura artekoa izan daiteke.
Sidenorrek atzo goizean jakinarazi zien asmoa ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuei. Bilduta zeudela, kazeta batek albistearen berri eman zuen, eta filtrazioak gaiztotu egin zuen bilerako giroa. Enpresak plazaratutako ohar batean argudiatu duenez, autogintzaren beherakadak eragin du espedientea, «alarma pizteko moduko jaitsiera bat» egon delako eskarietan, eta beste bezeroak ere —hegazkingintza, hodi enpresak…— ez direlako COVID-19aren krisiaren aurreko kopuruetara itzuli.
Horri aurre egiteko, «enplegu- eta industria-trantsizio plana» delakoa aurkeztuko die sindikatuei. Aldi baterako espedientearen helburua kaleratzeak eragoztea da, eta negoziazio mahai bat eratu nahi du sindikatuekin eta erakundeekin. Plan hori negoziatzeko dago, eta litekeena da hurrengo astean hastea bilerak. Planta guztiek bat eginda negoziatuko dute, eta enpresa arteko mahai bateratu bat eratu behar da. Mahai horretan, espediente honetako baldintzez gain, altzairutegiaren etorkizunaren nondik norakoak diseinatzen hasi beharko lirateke. Erabakigune horietan egotea sindikatuen eskaera historikoa da, baina mesfidantza dute plana zertan datzan jakin arte.
Sindikatuek zer jarrera izango duten zehaztu behar dute, baina LABek dagoeneko erabaki du ez duela aldi baterako espedientea onartzeko asmorik. Izan ere, besteak beste, lehen pauso bat iruditzen zaio neurri zorrotzagoen bidean, formak ez direlako egokiak izan, eta Sidenorrek kontuak «garbiak» dituelako. ELAk, best alde, enpresak aldi baterako erregulazioa arrazoitzeko eginiko txostena jaso nahi du lehenik, baina argi utzi du ez duela onartuko kaleratzeak edo langileen lan baldintzak okertzen dituen inolako neurririk.
Sindikatuek jarrera irmoa dute, autogintzak beherakada izan duela jakin arren Sidenorrek harro esan baitu azken urteetan emaitza onak lortu dituela. Clerbil taldeak 2016an hartu zuen altzairutegiaren ardura, eta Jose Antonio Jainaga haien ordezkariak hirurteko ona izan zela onartu zuen 2019ko azaroan eginiko agerpen batean. Are gehiago, 100 milioi euroko funtsa zutela aurreratu zuen, «merkatuan gauza errentagarriak» egiteko.
Eta nolatan egin zuen Sidenorrek horrelako gihar erakustaldia 2019an? Sindikatuen arabera, 2016-19 hirurtekoan 66 miloi euroren irabaziak lortu, eta 103 milioi banatu zituelako dibidendutan. Azken hilabeteetan, aldiz, 24 milioi euroko galera izan du, baina, LABen arabera, enpresak hamabost milioi banatu ditu dibindedutan. Hurrengo urteetarako hainbat inbertsio bidean zituen, Basauriko plantan batez ere, eta haiei eutsiko die zuzendaritzak.
Bestalde, bere oharrean, enpresak martxoan kokatu du eskaeren jaitsiera handiaren hasiera, eta deigarria da hori, udaberriko konfinamenduaren hasieran ez zuelako produkzio maila murriztu. Oinarrizko jarduera zirela argudiatu, eta hamar egunez bakarrik egon zen geldirik. Sindikatuek erabaki hura kritikatu zuten, baita COVID-19a ez zabaltzeko harturiko neurriak ere.
Sidenor taldeak 1.500 langile jarriko ditu aldi baterako lan erregulazioan
Xehetasunak zehazteko daude, baina enpresak aditzera eman du 2021eko abendura arte luzatu daitekeela. Hiru planta ditu Euskal Herrian: Basaurin, Azkoitian eta Gasteizen; eta 1.140 langile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu