Ezusterik ezean, Sidenor buru duen euskal partzuergoaren eskaintza da, gaur-gaurkoz, Talgo tren fabrikatzailearen akziodun nagusiak mahai gainean duen bakarra. Bizkaiko enpresa siderurgikoak, Finkatuz Jaurlaritzaren funtsak eta BBK eta Vital fundazioek osatzen duten partzuergoak 177 miloi euro eskaini ditu akzioen %29,7 eskuratzearen truke. Gaur amaituko da Talgo tren konpainia erosteko eskaintzak jasotzeko epea. Egunotan, jasoko duen eskaintzaren eta jasoko ez duenaren zurrumurruen zurrunbiloan murgilduta egon da Talgo, baina, lasterketaren azken esprintean, hautagai indartsuak zirenak erretiratu dira, eta, antza denez, negoziatzeko bidea libre izango du Sidenorrek.
PFR Poloniako funts publikoak eta Indiako Jupiter Wagons tren fabrikatzaileak erakutsia zuten Talgo eskuratzeko interesa, eta bata zein bestea Sidenorren eskaintza hobetzeko moduan zeuden, gainera. Hala ere, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hasieratik hobetsi zuten Sidenorrek buru duen euskal partzuergoaren aukera, eta eskaintza hori lehiakiderik gabe geratu da. Jupiter Wagonsek baietsi du gaur erretiratuko dela, operazioa «politikoki delikatua» dela argudiatuta.
Poloniako PFR-ri dagokionez, ez dirudi eskaintza egingo duenik, Espainiako Gobernuaren babesik ez duela jakinda. Atzo, goizean goiz, Poloniako prentsan zabaldu zen PFR Pesa tren konpainiaren jabeak eskaintza berandu baino lehen aurkeztuko zuela. Talgoren %100 eskuratzeko prest zegoela, eta segurutzat jotzen zuten akzioko bost euro eskainiko zuela. Hedabide horrek argitaratutakoak eragina izan zuen burtsan, eta Talgoren akzioaren kotizazioak %4,23 gora egin zuen atzo.
Testuinguru horretan, Espainiako Ekonomia ministro Carlos Cuerpo Polonian zegoen: enpresen foro batean parte hartzen eta, bide batez, herrialde horretako garapen ekonomikoaren, azpiegituren eta finantzen alorreko hiru ministroekin bilerak egiten. Jakina da Espainiako Gobernuak Talgo enpresa ekonomiarako estrategikotzat jotzen duela —abiadura handiko trenak egiten espezializatua dago Talgo, eta Renfeko hornitzaile nagusia da—, eta erabakigunea Espainiatik ez aldentzeko ahaleginak egin izan dituela hasiera-hasieratik. Jarrera hori agerian geratu zen iazko abuztuan; Hungariako Magyar Vagon enpresak Talgo osorik erosteko 617 milioi euro eskaini zituen, eta Espainiako Gobernuak betoa jarri zion.
Euskal eskaintza
Handik bi hilabetera, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen lanean ari zela Talgok Euskal Herrian errotuta jarrai dezan. Gogoratzekoa da Talgo jatorriz euskal enpresa izan zela, haren lantegirik handiena Ribabellosan (Araba) dagoela, eta han 700 langile dituela. Horretaz gain, lurralde horretan badira ere beste enpresa asko Talgoren jardueraren inguruan lan egiten dutenak. Jaurlaritzak azaldu zuen lankidetza publiko-pribatuaren formularen alde egiten ari zela, eta, Finkatuz funts publikoarekin batera, beste enpresa batzuekin negoziatzen ari zirela eskaintza bat egin ahal izateko.
Sidenor gidari zuela, partzuergo bat osatu zuten Finkatuz Jaurlaritzaren funtsak eta BBK eta Vital Kutxa fundazioek. Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak urrian eman zuen partzuergoaren eskaintzaren berri. Talgoren akzioen %29,7 bereganatzeko prest zegoela argitu zuen. Akzioko 4,15 euro eskaini zuen, eta beste 0,65 igotzeko aukera helburuen betetze mailaren arabera: guztira 4,8 euro. %29,7ko portzentajea da, hain zuzen ere, Talgoren akziodun nagusi den Trilantic funtsak duen kopurua. Eskaintza horrek Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa bereganatu zuen. Guztira,177 milioi euro jarri dute negoziazioaren mahaian: Sidenorrek, Finkatuz-ek eta BBK-k 45na milioi euroko ekarpena eta Vital Kutxak 20koa egitea adostu zuten.
Konpromisoak bete ezinik
Sidenorren eskaintza bakarra izanda ere, ikusteko dago Trilanticek onartuko duen. Hala balitz, Talgoren arazoak konpontzeko lehen urratsa baino ez litzateke izango. Izan ere, Talgok 170 milioi euroko isuna ordaindu behar dio Renferi kontratu bat ez betetzeagatik. 2016an, Talgok 2.600 milioi euroko kontratu bat lortu zuen, Renferi abiadura handiko 30 tren berri egiteko eta haien mantentze lanak egiteko, baina ezin izan du enkargua agindutako epean bete. Gainera, tren berriek matxura ugari izan dituzte harrezkero. Renferekin ez ezik, trenak fabrikatzeko beste kontratu batzuk ere lotuta dauzka, baina ez du konpromiso guztiei aurre egiteko gaitasunik —lantegiak eta eskulan gehiago beharko luke—, eta eskaerak bete ezinik dago.
Horregatik, Jainaga buru duen partzuergoa akziodun nagusi bihurtuko balitz, orain lehian pauso bat atzera egin duten beste tren konpainiak —Poloniakoa, Indiakoa eta Txekiakoa— sartuko lirateke joko eremuan. Izan ere, haien lantegiak eta eskulana beharko bailituzke Talgok hartuak dituen konpromisoak bete ahal izateko.