Moda bizkorrean marka ezagunak dira Zara, Springfield, H&M, Celio eta Bershka etxeak. Europakoak eta Amerikako Estatu Batuetakoak dira gehienak, eta azken hamarkadetan Mendebaldeko ehungintzaren merkatua monopolizatu dute prezio lehiakorrekin. Baina 2008an Txinan sortutako enpresa bat handituz joan da, ezkutuan, eta, egun, marka horietako asko gainditu ditu: Shein.
Duela gutxira arte ezezaguna zen, baina gero eta gehiago entzuten da saltzaile horren berri, gazteen artean batez ere. Tiktok, Instagram eta antzeko sare sozialetan egin da ezaguna Shein, etagazte askoren plataforma gogokoena bihurtu da arropa erosteko. Izan ere, prezio merkeak dira Txinako enpresa ezagun bilakatu duen ezaugarri nagusia; horretan ez du lehiakiderik. Haren webgunean, bi eta hiru euroko elastikoak aurkitu daitezke, eta hiru euro baino merkeagoak diren galtzak ere badaude salgai.
Sare sozialetan moda artikuluei buruzko bideoak egin eta iritzia plazaratzen duten erabiltzaileek ere asko zabaldu dute Sheinen izena. Ospe on horri eta prezio merkeei esker, atzean utzi ditu Europako arropa saltzailerik handienak. Azken hilabeteetan inbertsio pribatuen bila dabil, eta, horretarako, enpresak zer balio izan dezakeen kalkulatu dute. Financial Times-en arabera, Abu Dhabiko eta Mubadalako inbertsio funts subiranoekin urtarrilean hasitako elkarrizketetan 58.000 milioi euroko balioa aitortu zioten Sheini, Amancio Ortegaren Inditex enpresaren pare.
AEBetako merkatuan izan du bilakaerarik harrigarriena. Bloomberg-en arabera, pandemiaren aurretik, 2020ko urtarrilean,AEBetako moda azkarreko sektoreko salmenten %12 egin zituen Sheinek. 2022ko azarorako, ordea, salmenten %50 bereganatuak zituen. Enpresak 10.000 langile inguru ditu, eta 150 herrialdetan baino gehiagotan saltzen du.
Txikizkako merkataria
Sheinen negozio eredua oso ezberdina da moda azkarreko gainontzeko enpresenarekin konparatuz. Ez dute ia denda fisikorik, azken urteetan saltoki batzuk ireki badituzte ere; Bartzelonan, esaterako. Internet bidez saltzen du, Amazon eta Aliexpress plataformen antzeko aplikazio batekin. Funtsean, arropa Internet bidez saltzen duen txikizkako merkatari bat da, erraldoi bihurtua, eta Txinako milaka fabrika txikitan ekoizten ditu produktuak.
Datuak analizatzeko teknologiak erabiliz, azkar detektatzen ditu modaren munduko azken joerak, eta ekoizteko prozesua ahalik eta lasterren abiatu. Sheinek gertuko harremana du ekoizleekin, eta janzkiak azkar diseinatzeko eta produzitzeko ahalmena du. Gainera, ekoiztu eta berehala ordaintzen die, eta, hala, ekoizpen prozesua azkarra izan dadin bultzatu.
Arropa diseinatu eta ekoizteko hamar egun behar ditu gutxi gorabehera, baina, gainerako saltzaile handiek ez bezala, eskala txikian ekoizten du, diseinu bakoitzetik 100 bat ale bakarrik. Horiek salgai jartzen ditu, eta datuak analizatuz ondorioztatzen du produktu horrek arrakasta duen ala ez, ondoren erabakitzeko ale gehiago eskatu edo katalogotik kendu. Hala, produktu asko eskaintzen ditu, arrisku handirik hartu gabe. Egunero 1.000 diseinu berri jartzen ditu katalogoan; eta une oro 6.000 produktu berri ateratzeko gai dela dio Sheinek.
Bidalketa ereduak ere ezberdintzen du beste marketatik, eta hori izan da, hain zuzen, AEBetan hainbeste zabaltzeko gakoa. Izan ere, Txinako fabriketatik bertatik bidaltzen dira paketeak, eta 800 dolarretik beherako inportazioek ez dute muga zergarik ordaindu behar. Norbaitek online plataformaren bidez produktu bat erosten duenean munduko ia edozein txokotatik, Txinako fabriketatik bertatik bidaltzen diote, pakete txikietan. Zazpi eta hamabost egun artean behar dute iristeko.
Erosi, erabili eta bota
Sare sozialak dira Sheinen salmentak handitu dituzten tresnetako beste bat. Internet bidez detektatzen dituzte moda munduaren joerak, etamartxan jartzen dute berehala produktuok katalogoan salgai egoteko makineria. Sare sozialak dira marketinerako bide nagusia, eta haien bitartez ezagutarazten dituzte berritasunak. Are gehiago, milioika jarraitzaile dituzten pertsona ezagunekin kolaboratzen dute, eta joerak sortzen dituzte haien bitartez. Ondorioz, sare sozialak erosteko leku bihurtu dira gazte askorentzat, eta gehienek erosteko funtzioak aktibatu dituzte.
Baina Shein ez dago kritiketatik salbu. Ehungintzarena da munduko sektorerik kutsagarrietan bigarrena, energiarenaren atzetik. Herrialderik industrializatuenak dira arropa gehien kontsumitzen dutenak. Hain zuzen ere, horregatik egin dizkiote kritikak Sheini, sare sozialak baliatuta eta dituzten prezio merkeekin arropa erosteko beharra sortzen duelako. XXI. mendeko moda azkarra bizkortzea egotzidiote: erosi, erabili eta bota.
Shein, moda azkarra bizkortu duen enpresa
Pandemia ostean, arropa salmentak gorakada handia izan du, eta joera horrek Txinako Shein enpresa indartu du. Hura da nagusi Internet bidezko merkatuan, batez ere gazteen artean duen arrakastarengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu