Aluminiozko tutu txikiak ekoizten dituen SETE enpresa ixtear dagoela ohartarazi du LAB sindikatuak. Iragarri duenez, baliteke jardunaren amaiera «berehala» gertatzea, eta ondorioz, hango 65 langileak kalean geldituko dira. 2019an Aluex Argentinako enpresak erosi zuen, eta azken urteetan langileek hainbatetan salatu dituzte soldatak kobratzeko arazoak.
Litekeena da SETE enpresaren ia ehun urteko ibilbidea amaitzear egotea. 1933an Pasaian sortua, 1996az geroztik Hernanin du egoitza, eta, LABen arabera, etorkizun oso iluna du. Izan ere, langile batzordeak salatu du konpainia «egoera tamalgarrian» dagoela eta aurki itxiko duela.
Azken urteetan gorabehera asko izan ditu SETE enpresak. 2018an hartzekodunen zerrendan sartu zen, eta 2019an Aluex Argentinako enpresak erosi zuen. Aluminiozko ontziak egiten ditu Aluex enpresak, eta bazirudien Hernaniko enpresa bideragarri bihurtuko zuela, baina langile batzordeak nabarmendu du ez dituela bete ekoizpen prozesua berritzeko eginiko promesak.
Langileek, izan ere, zuzendarien kudeaketa txarrari egozten diote ixteko arriskua. Langileek diotenez, enpresak badu eskari poltsa —urtean 110 milioi ontzi, tutu eta ekoizteko ahalmena du, eta besteak beste elikadura eta farmazia sektoreko enpresak hornitzen ditu—, baina nabarmendu dute egungo egoera «prozesu kaotiko» baten ondorio dela.
Egoerari aurre egiteko, batzordeak zenbait eskaera egin dizkio enpresari: inbertsio berriak egitea, bideragarritasun planak diseinatzea, ekoizpen prozesuak aldatzea… Baina, salatu dutenez, «jabeek axolagabe» erantzun diete. Kudeaketa txar horren ondorio da, halaber, langileek soldatak ez kobratu izana edo kobratzeko arazo handiak eduki izana.