Sestaon lan istripua izandako langile bat hil da

ELA sindikatuak jakinarazi du 29 urteko iturgina etxe batean lanean ari zela eta eraikineko patiora erori zela maiatzaren 16an. Atzo hil zen, ospitalean.

Lan istripu bat salatzeko elkarretaratzea Anoetan (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Lan istripu bat salatzeko elkarretaratzea Anoetan (Gipuzkoa), artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2024ko maiatzaren 31
12:15
Entzun

Lan heriotza baten berri eman du ELA sindikatuak: 29 urteko gizonezko bat hil zen atzo Sestaon (Bizkaia), maiatzaren 16an gertatutako istripu batek eragin zizkion zauri larriengatik. Gizona iturgina zen, eta Sirkus SL enpresarentzat ari zen lanean autonomo gisa, Leroy Merlin enpresak azpikontratatuta. Hilaren 16an, herriko etxebizitza batzuetan lanean ari zela, eraikineko patiora erori zen, eta ospitalean egon da ordutik.

2024. urtea hasi zenetik, 27 behargin hil dira Euskal Herrian lan istripuan: bi Araban, bost Bizkaian, bederatzi Gipuzkoan, zazpi Nafarroan, eta lau Euskal Herritik kanpo. Horietatik hiru ziren langile autonomoak.

Sindikatuak salatu duenez, langilea azpikontratatua izateak eragin zuzena izan zuen istripuan: «Azpikontratazioak kalte egiten die prebentzioari eta segurtasunari, enpresen etekin ekonomikoen mesedetan». ELAk ohartarazi du, halaber, autonomoen sektorean prekaritatea dela nagusi, «azpikontraten itzaletan eta prebentzio neurri oso eskasekin».

Hori dela eta, segurtasun politikak «goitik behera» aldatzeko eskatu die sindikatuak Euskal Herriko administrazioei: «Hori egin ezean, ez dago datu onartezin horiek iraultzerik». Horretarako, baina, «borondate politikoa» behar dela uste du sindikatuak, «eta diruaren gainetik lehenetsi pertsonen osasuna eta bizitza».

Datozen egunetan, elkarretaratzera deituko dute Sestaon, lan heriotza salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.