Sententzia alde, errealitatea kontra

Epaileek ebatzi dute Glovoren banatzaileak soldatapekoak direla. Pablo Anton da auzitara jo duten langileetako bat. Ontzat jo du ebazpena, baina salatu du enpresak legea urratzen segitzen duela: «Glovo sortu zutenak epai ditzatela».

LAB sindikatuko kideek irailean Iruñean egindako elkarretaratzea, Nafarroako Auzitegiaren aurrean, epaiketaren harira. IÑIGO URIZ / FOKU.
edurne elizondo
Nafarroako Hitza
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
«Enpresariak epai ditzatela; eraman ditzatela Glovo sortu zutenak auzitara». Horixe erran du Pablo Antonek, etxe horretako langile ohiak, Iruñeko gizarte arloko lehen aretoak Glovoko banatzaileak soldatapekoak direla ebatzi eta gero. «Gisa horretako bertze hogei sententzia badira, baina enpresak bide beretik segitzen du: ez dute legea betetzen, prozesuak luzatzen dituzte, eta egoerak langileei egiten die kalte».

Iruñeko gizarte arloko lehen aretoko sententziak, zehazki, 2018ko abuztutik 2019ko urrira Glovorentzat lan egindako bizikleta banatzaileei eragiten die. Tarte horretan, 207 banatzailek egin zuten lan enpresa horrentzat, eta,ebazpenaren arabera, banatzaile horiek lan harreman bat zuten enpresarekin; hau da, ez ziren autonomoak. Ondorioz, sententziak dio Glovok ordaindu behar dituela langile horien Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko kotizazioak: ia 249.000 euro, alegia.

Ebazpenak kontuan hartutako denbora tarte horretan aritu ziren Glovoko langileetako bat da Pablo Anton. Hiru urtez aritu zen, autonomo gisa. Ontzat eman du oraingo sententzia: «Irabazi dugu». Erantsi du, baina, ebazpenak ez duela errealitatea aldatzea lortuko. «Lehendabiziko epaiketa izan da hau; bertze bi daude martxan. Eta etorriko dira gehiago, eta enpresak segituko du legea bete gabe. Nork galtzen du? Langileek».

Oraingo sententziak langileen alde egin du, baina Antonek nabarmendu du ez dituela bere arazoak konponduko. «1.100 euroren zorra dut Gizarte Segurantzarekin». Hark azaldu du autonomoen kuota ez ordaintzea erabaki zuela Glovon aritu zen azken hilabeteetan, eta horrek eragin dio orain duen zorra. «Ez ordaintzea erabaki nuen, enpresaren aurka egiteko ordua zela uste nuelako. Bertze zenbait langilek ere eginak zituzten lehen salaketak, eta horiei autonomoen kuota itzuli zieten. Enpresak kontratatu behar gintuela aldarrikatu nahi genuen».

Ebazpenak Antonek lanean emandako bost hilabeteko epeari baino ez dio eragiten: «Hiru urtez aritu naiz autonomoen kuota ordaintzen, ordea».

Sindikatuak, auzian

Iruñeko gizarte arloko lehen aretoko ebazpena ez da irmoa oraindik, Glovok helegitea aurkezteko aukera baitu. Gisako bertzelako salaketetan hori egin du. Iruñeko epaia ondorio izan duen salaketa ofizioz aurkeztu zuen Gizarte Segurantzak, lan ikuskaritza batek egindako ikerketak autonomo faltsuak zirela ondorioztatu eta gero. Auzian parte hartu dute CCOOk, ELAk, LABek eta UGTk.

Erakundeok nabarmendu dute epaiak berretsi egin duela sindikatuek salatu izan dutena: banatzaileak soldatapeko langileak direla, alegia. Glovok dio enpresak banaketa zerbitzuaren eta banatzaileen arteko bitartekaritza lana bertzerik ez duela egiten, baina Iruñeko epaitegiak agerian utzi du Glovok antolatzen dituela banatzaileen ordutegiak eta lan baldintzak.

LABeko Zerbitzu arloko arduradun Berta Garciak «pozik» hartu du epaileen erabakia, baina erantsi du epaia «berandu» datorrela. «Langileek, bitartean,esplotazioa jasan dute, eta prekaritate handiarekin aritu dira lanean», azaldu zuen BERRIA egunkarian, ebazpenaren berri jaso eta gero.

BERRIArekin mintzatu da CCOO sindikatuko Lan Munduko Errealitate Berrien arloko idazkari Carlos De la Torre ere; hark uste du «lan handia» dagoela egiteko, oraindik, langileen baldintzak hobetzeko: «Orain, banatzaileek nahi duten ordutegian egiten dute lan, baina, oraindik ere, langilearen gaineko balorazio sistema baten arabera banatzen dituzte lan eskariak». Izan ere, tarifarik merkeena duten langileei lan gehiago ematen diete, eta lan gehien egiten dutenek dute baloraziorik onena. «Legeari izkin egiteko modu bat da», De la Torrek salatu duenez.

Enpresari «kolpe» bat

Riders X Derechos elkarteak banatzaileen egoera hobetzeko egindako lana nabarmendu du Antonek. Lan horren emaitza da, neurri batean, 2021eko abuztutik indarrean dagoenrider-en legea. «Lortu dugu kolpe bat ematea enpresari», erran du Antonek.

Legea aurrepausotzat jo du, hain zuzen, baina arazoa da ez dutela betetzen. «Sindikatuek ere arazoak dituzte Glovo Express enpresari buruzko informazioa lortzeko», salatu du enpresako langile ohi Antonek. CCOO, adibidez, ahalegindu da enpresa horren algoritmoei buruzko argibideak jasotzen, baina ez du lortu. Algoritmoen bidez, bertzeak bertze, langileak non dauden jakin dezake enpresak: «Langileen eskubideak urratzen ditu horrek», ohartarazi du CCOOk.

«Egoera horrek agerian uzten du Glovok nahi duena egiten duela; ez dute legea betetzen, baina aurrera segitzen dute. Nahi dutena egiten dute, eta ez da deus pasatzen», berretsi du Antonek. Horregatik uste du zigor bidea dela enpresa horren oraingo «zigorgabetasuna» bazter uzteko aukera eskaintzen ahal duena. Riders X Derechos elkarteak iragarri du bide hori baliatuko duela: «Zigor bidera joko dute».

Uztailean, Delivery Hero Alemaniako multinazionalak erosi zuen Glovo. Oscar Pierrek eta Sacha Michaudek sortu zuten Glovo, 2016. urtean. «Enpresak segitzen du legea urratzen; beraz, eraman ditzatela Glovo sortu zutenak auzitara, epai ditzatela enpresa sortu zutenak», berretsi du Antonek.

Iruñeko epaileen ebazpenak bide bat ireki du Glovoko langileentzat. Bide hori noraino iritsiko den, baina, ikusteko dago, sententziak ez baitu errealitatea aldatzea lortu, oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.