CCOOk iragarri du auzitara eramango duela senide bat zaintzeko lanaldia murriztua zuen langile baten kaleratzea. Pertsona horrek Intex enpresan lan egiten zuen, Andoainen (Gipuzkoa). Sindikatuaren arabera, Espainiako Gobernuak Parekotasun Legearen idazketan egindako akats batez baliatu da enpresa. Halako beste kasurik ez da ezagutu orain arte Hego Euskal Herrian.
Langile horrez gain, beste hiru kaleratu ditu enpresak, tartean osasun arazoengatik baimen medikoa zuten bi. Bezero bat galdu duela argudiatuta hartu du erabaki hori, CCOOk azaldu duenez.
Intexek ortopedia produktuak, konpresio galtzerdiak eta ehun teknikoko elastikoak fabrikatzen ditu. 30 langile baino gehiago ditu, eta %90 emakumeak dira.
Hego Euskal Herrian abuztuaren 22tik daude babesik gabe senideak zaintzeko baimenak dituztenak, Madrilen akats tekniko baten ondorioz
CCOOk salatu du «tamalgarria» dela Madrilek egindako akatsa baliatzea. Sindikatuaren iritziz, horrek erakusten du zenbait enpresak «arazo gisa» ikusten dutela langileek kontziliaziorako duten eskubidea erabiltzea, eta Intexi egotzi dio «langilearen zaurgarritasuna» kontuan ez izatea. «Erabakia are tamalgarriagoa da kontuan izanda legearen moldaketa hori akats bat dela, eta ahal bezain pronto zuzenduko dutela».
Sindikatuak auzitara eramango du kasua, gobernuak kendutakoez gain badira-eta beharginak babesteko baliabide gehiago. Langilea berriz onartzeaz gain, Intexi isuna jarri behar zaiola defendatu du.
Gauza bera esan zuen Espainiako Gobernuak ere okerraz jabetutakoan. Ziurtatu zuen inor ez dela babesik gabe geratuko: «Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak guztiz zorrotz baliatuko ditu bere ahalmenak lan eremuan edozein diskriminazio eragozteko». Gehitu zuen Europako Batasuneko jurisprudentziak langileak babesten dituela halako egoeretan.
Hego Euskal Herrian, abuztuaren 22tik daude babesik gabe senideak zaintzeko baimenak dituztenak. Berdintasun Ministerioak Langileen Arteko Parekotasun Legean egindako aldaketa bat dela eta, enpresek aukera dute ospitaleratze batengatik senideak zaintzeko bost eguneko lan baimena hartu duten langileak eta lanaldia egokitzea eskatu dutenak kaleratzeko.
Eperik ez
Gobernuak legea onartu bezain pronto aitortu zuen «nahi gabeko akats tekniko bat» izan zela eta «ahal bezain laster» zuzenduko zuela, baina ez zuen zehaztu noiz. Hori egin bitartean, Intexekoa bezalako egoerak gerta daitezke.
Uztailaren 24an onartu zuen Espainiako Kongresuak Parekotasun Legea, PP eta Vox ez beste talde guztien babesarekin. Araudi horri esker, sexu indarkeriaren biktima diren langileak kaleratu ezin direnen taldean sartu zituzten. Izatezko bikotearen, bigarren maila bitarteko ahaideen edo bizikideen istripuagatik edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo ebakuntza kirurgikoagatik bost eguneko baimena eskatu duten langileak, ordea, kanpoan utzi zituzten.
Langile horiek kaleratzeko debekua iaz sartu zuten Langileen Estatutuan, baina Berdintasun Ministerioak, Parekotasun Legea egiteko orduan, Langileen Estatutuaren aurreko bertsio bat hartu zuen oinarri, eta horren gainean egin zuen legea. Gobernuko inor ez zen horretaz konturatu, ezta legea babestu zuen talde bakar bat ere.