2012ko otsailaren 11z geroztik, enpresa batek langile bat kalera dezake bi hilabetean gaixoaldian bederatzi egun modu tartekatuan egoten bada —lan istripuak eta haurdunaldiarekin lotutako halabeharrak hortik kanpo geratzen dira—. Hori besterik ez du behar enpresak langilea kaleratzeko 20 eguneko kalte-ordainak emanda, urtebeteko mugarekin. Baina Mariano Rajoyren gobernua haratago joan nahi du absentismoari eta langileen osasunari dagokienez, eta aldi baterako ezintasunari dagokion dekretua lantzen ari da ilbeltzaz geroztik. Gaur bukatuko da proiektuari helegiteak aurkezteko epea, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren atarian (igandean izango da).
Fatima Bañez Espainiako Enplegu ministroaren proiektuak eskumen gehiago emango dizkie mutualitateei langileen aldi baterako ezintasunak kudeatzeko. Soilik osasun zerbitzu publikoek eman dezakete orain senda-agiria. Haatik, dekretu proiektuak jasotzen du mutualitateek senda-agiria ematea proposatzea, eta lau eguneko epean Osakidetzaren erantzunik ez bada, hura gauzatzea. Administrazioaren «isiltasuna» ontzat joko luke, hortaz. Orain hamabost egun dituzte zerbitzu publikoek senda-agiria emateko proposamenei erantzuteko, eta ez bada erantzunik iristen, baztertu egiten da. Epeak murriztuko dituzte laster, ordea, eta erabaki hori gogor salatu dute sindikatuek, zerbitzu publikoen erantzunak sarritan lau egun baino gehiago behar izaten dituztelako, «medikuarekin hitzordua eskatzen denean bezala».
«90eko hamarkadan hasitako pribatizazio prozesu baten barruan ulertu behar da proiektua», dio Leire Txakartegi ELAko lan osasuneko arloko arduradunak. «Poliki egin dute, baina helburua garbi edukita: mutualitateek senda-agiriak zuzenean ematea».
Mutualitateak ezin baitira neutraltzat jo auzi honetan. Enpresari elkargoek kontrolatzen dituzte. «Irizpide ekonomikoak osasun irizpideen gainetik dituzten enpresak dira; patronala dago atzean». Mutualitateek patronalarekin duten lotura ulertzeko datu esanguratsua ematen du Txakartegik. «Mutualia gure erkidegoaren mutualitate handienaren kudeatzaile nagusia Confebaskeko presidente Miguel Anjel Lujua da. Horrekin dena esanda dago».
Senda-agiria ematea erabakitzeko ahalaz gain, langileen historia klinikoak ezagutzeko eskubidea emango die PPko gobernuak mutualitateei. «Lehen egunetik aldi baterako gaixoaldi horren kontrola hartuko dute», dio Txakartegik. Alderantziz, ordea, ez. Mutualitateek ez diete zertan zerbitzu publikoei euren informazioa emango. Gaitz baten jatorria lanekoa den frogatzea zailagoa izango du langileak, «eta Osakidetzako medikuen profesionaltasuna auzitan jarriko dute».
Langileek ahalik eta lan etenaldi gutxien hartzea da PPren proiektuaren helburua. Azken urteotan nabarmen jaitsi dira hala gaixoaldiak nola haien iraupena, ez bakarrik langabezia hazi eta pertsona gutxiago dagoelako lanean, langileek lan etenaldirik egin nahi ez dutelako baizik. «Oraingo errealitatea da jendeak ez duela gaixoaldian egon nahi», dio ELAko kideak; «arazoa ez da absentismoa, presentismoa baizik, lanera gaixo joatea».
Gaixo agiria hartu edo eman?
«Absentismoa eta gaixoaldia nahasten dituen ideia» zabaldu du patronalak azken urteotan, «oso modu interesatuan», Ibon ZubielaLABeko lan osasuneko idazkariaren arabera. «Langileak ez du gaixo agiria hartzen; medikuak ematen dio gaixo agiria, gaixo dagoelako. Lortu dute gaixoaldian dagoen langilea susmagarritzat jotzea».
PPk esku artean duen proiektua onartuz gero, «langileen interesen kalterako» mutualitateak izango dira gaixoaldi horien zaindari, orain baino gehiago. «Mutualitateek ez dute sendatzen; infiltratu egiten dituzte langileak, mina kentzeko, goi mailako kirolariekin egiten den bezala», azaldu du; «langilearen gaixoaldia ahalik eta gehien murrizteko».
Hain zuzen, Bañezen proiektuak gaixoaldian egoteko eta senda-agiria jasotzeko epeak aldatuko ditu. Gaixotasunaren araberakoa izango dira epeak, protokolo baten barruan betiere. Ezintasuna bost egun baino gutxiagokoa izango dela aurreikusten badu, Gizarte Segurantzako medikuak gaixo agiria eta senda-agiria batera emango ditu. «Nik ez dut nahi senda-agiria jaso gaixo egonik; bosgarren egunean medikuak nire osasun egoera aztertzea nahi dut», dio LABeko kideak. Finean, PPren gobernua prestatzen ari den dekretuari «zentralizatzailea eta pribatizatzailea» iritzi dio Zubielak, «langileen eskubideen aurkakoa berriro».
Osakidetzaren bizkar
Baina langileen gaixoaldi motak aztertu ondoren diseinatutako protokoloa da Madrilgo gobernua prestatu duena. Gaixoaldi gehienak (%65etik gora) hamabost egun baino gutxiagokoak dira, eta horien artean bost egunekoak dira gehienak. Hala ere, egun guztien %10 inguru baino ez dira bi aste irauten duten horiek.
Publiko-pribatu eztabaidan kokatzen dute dekretu proiektua sindikatuek, nolanahi ere. Mutualitateek mila milioiko irabaziak dituzte Espainian, eta onartzeko dagoen proiektuak tresna gehiago emango lizkieke lan jatorria duten gaixotasunak gaixotasun arrunt gisa jotzeko, eta haien kostuak Osakidetzara igortzeko.
Euskadiko CCOOren idazkari nagusi Unai Sordok Osakidetzak bere gain hartzen duen «gehiegizko kostua» salatu du aste honetan. Mutualitateen irabaziak «gaixotasun askoren lan jatorriaren ukazioarekin dute lotura», haren ustez. «Ez da posible CCOOk Osakidetzak baino lan jatorriko gaixotasun gehiago antzematea». Sindikatu horrek lan jatorriko 4.000 gorreria baino gehiago etzeman dituela azaldu du Sordok.
Bañezek mahaian duen proiektuari buruz Sordok dio «langileak gaixo egonda ere lanean egotea» eragingo duela. Mutualitateek eskuduntza gehiago jasotzeak «osasun sistema bikoitza» sortzea ekar dezakeela uste du. Langileak mutualitateek kudeatuko dituzte, eta Osakidetzak lanean ari ez direnak, erretiratuak eta langabeak, adibidez. Aukera horri «oso arriskutsua» iritzi dio, osasun zerbitzu publikoaren gainbehera ekar dezakeelako.
Senda-agiria emateko ahala eman nahi die PPk mutualitateei
Langileen aldi baterako ezintasunen inguruko dekretu proiektuak ahalmen gehiago emango dizkie mutualitateeiSindikatuek pribatizaziotzat jo dute, eta salatu dute langileen kalterako izango dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu