Gustura dago BECen Pello Rodriguez (Urretxu, Gipuzkoa, 1975). Azken bi urteetan industria azoken falta nabaritu du, eta uste du haien itzulera normaltasun zantzu bat baino gehiago dela: «Azokak beharrezkoak dira».
Zergatik dira beharrezkoak?
Harreman kontua da. Ez da zer erakusten duzun, zein harreman sortzen eta mantentzen duzun baizik. Online komunikazioan jauzi handia eman da, baina harreman fisikoak beti behar du hor; ez da gauza bera. Makina bat erosten duenak inbertsio oso handia egiten du, eta konfiantza erosten du nolabait. Danobat Groupek teknologia emango dio, konponbideak... Baina batez ere konfiantza saltzen dio: makinak ez duela kale egingo eta lana ondo egingo duela. Milioi bat euro baino gehiago balio duen makina bat erosten duenak berme guztiak nahi ditu. Gero, garrantzitsua da zer egiten dugun gizarteratzea, eta, horretarako, Biurtekoa azoka aproposa da.
Negoziorik ixten al da azokan?
Bere garaian bai, eta egun, makinaren arabera, ere bai. Gurean, noizbehinka, baina ez da saltzeko azoka bat. Guk ezin dugu gure ahalmen guztia ekarri. Duela bi aste bilkura bat egin genuen, eta pabiloi oso bat behar izan genuen hamar makina erakusteko. Gure makina asko gure erakustokia baino handiagoak dira.
AFMk dio sektorea ondo dagoela? Zuen egoera nolakoa da?
Iaz eskaera marka guztiak hobetu genituen. Oso ondo ibili gara Txinan, AEBetan, Italian... AFMren datuak errealak dira. Baina ez dezagun ahaztu Italia potentzia ikaragarria dela, Alemania, Suitza... Baina Espainian ez dago bokazio industrialik, eta hori guretzat ez da ona. Sektorea ondo badago, kanpora jo dugulako doa ondo. Betidanik egin dugu, eta gehiago jo beharko dugu etorkizunean.
Zer moduz krisiekin? Zerk eragiten dizue gehien?
Gu kooperatiba gara, eta, lan karga jaisten denean, badugu modua jendea beste postu batean jartzeko, soldatak jaisteko... Krisi normaletan horrek laguntzen digu. Oraingoak zertan egiten digu kalte? Hasteko, ziurgabetasuna sortu du, herritarrak ez daude erosteko, eta horrek ekoizleei eragiten die. Gero inflazioa dago: lehengaiak, energia...; ikaragarria da. Kalte handiena lehengaien garestitzeak eta txipen gabeziak eragin digu. Gure makinak gailu elektroniko petoak dira, eta txip gabezia sekulako arazoa da. Guk lehen CNC makina bat lauzpabost hilabetean entregatzen genuen, eta orain hamar edo 11 behar ditugu. Makinak lehengai horien zain ditugu, eta horrekin kostuak igotzen dira. Guk kontratu bat ixten badugu, itxita dago, eta, prezioak igotzen badira, oso zaila da aldatzea. Salmentak ondo ibiliko dira; errentagarritasuna, ikusiko dugu.
Marjinak mantendu al daitezke?
Zaila da. Bezero batzuek ulertzen dute, konfiantzazkoek batez ere, haiek ere sufritzen dutelako. Baina beste batzuek ez dute ametitzen. Hori kudeatu egin behar da.
Zuen bezeroak zer eskatzen dizue gaur egun?
Danobat Groupen estrategia beti izan da bezeroari entzutea gauzak bereziak egiteko. Zer nahi dute? Eraginkortasun handiagoa, kalitate handiagoa eta kostu txikiagoa. Adibide bat: guk makina bat dugu sorgailu eolikoen palak ondo dauden aztertzen duena. Siemensek gure makina bat du horretarako. Bada, aldea da lehen lan hori egiteko 80 ordu behar zituela, eta, orain, hamar ordu. Hor datza eraginkortasuna.