Aeronautikaren sektorea «errotik» alda dezakeen Europako aire konpainia aitzindarienak euskal nortasuna du. Oso-osorik, gainera. Boga Flysharing du izena, eta enpresarien joan-etorriak erraztu nahian garatu du Yon San Martinek. Lan kontuengatik maiz bidaiatzeko ohitura duten enpresariei begira sortu du tarifa finko bidez funtzionatuko duen konpainia: hileroko kuota pagatuta, nahi adina aldiz bidaiatu ahalko dute erabiltzaileek. Gipuzkoako Merkataritza Ganberan aurkeztu zuten, atzo, erakundeen altzoan.
Ondo bidean, urte amaierarako egongo da martxan aire konpainia berria. Hondarribia eta Madril arteko joan-etorriko bina hegaldirekin ekingo dio bideari. Goizean goiz eta arratsalde hasieran irtengo dira lehenbiziko hegaldiak: Hondarribitik Madril hegoaldeko Cuatro Vientoseko aireportura, eta alderantziz. «Bigarren mailakoak aukeratu ditugu, bidaiari oldeak eragotzi eta denbora aurrezteko», dio San Martinek. Hortaz, inportantea izan daiteke Hondarribiko aireportua biziberritzeko.
Sakelakoetarako aplikazio batean egin ahalko dira erreserbak, malgutasunez —hegaldia aireratu baino ordu erdi lehenagora arte—, eta klik bat aski izango da kosturik gabe baliogabetzeko. Lehenik, hala ere, enpresarien babesa ezinbesteko du Bogak asmoa errealitate bihur dadin. Orotara, 80 enpresariren konpromisoa behar du egitasmoa bururaino eramateko.
Gutxieneko langa hori gaindituta, 2017ko erdialderako hegaldiak Bartzelonako Prat aireportura ere iristea espero du Bogak. San Martinek jakinarazi du hasiak direla jada interesa eduki dezaketen enpresekin hartu-emanetan, eta positiboa izaten ari dela erantzuna. «Ongi hartu dute, baina animatzea falta zaie, urratsa egitea».
Erabiltzaileek 1.500 euro jarri beharko dituzte berme moduan, eta, behin Boga komunitatearen parte izanda, 2.500 euroko kuota ordaindu hilero-hilero. Aldi berean lau hegalditan tokia gordetzea ahalbidetuko die horrek, mugarik gabe. 1.250 euro izango da asteburuetako tarifa. «Prezio lehiakorrak dira hilean gutxienez bost aldiz bidaiatzen dutenentzat».
Bonu horiek badaukate berezitasun bat: pertsonalak ez direnez, nahierara eskualda daitezkeela. Erabiltzaileek lau lagunekin partekatu ahalko dituzte: «Lankide batekin, senitarteko batekin...». Hilaren 15a baino lehen izena ematen dutenei ez diete inolako mugarik jarriko. «Edonor aprobetxatu ahalko da abantailez, eta bazkideek ez dute iraupen konpromisorik izango: noiznahi utz diezaiokete bazkide izateari, matrikula galduta».
Tarifa finkoak «ezkutuko kosturik» izango ez duela ziurtatu du San Martinek. Bogaren sustatzaileak jakin badaki proiektu ausarta dela, baina argi du onura esanguratsuak ekarriko dituela; batik bat, Gipuzkoaren ezaugarriei eta Hondarribiko aireportuaren berezitasunei erreparatuta. «Sektorea irauli eta hegan egiteko modu berri bat jendarteratuko du: erreminta baliotsua izango da enpresentzat, eta hondar alea jarriko du lurraldeko ongizatearen alde».
Bogak, oraingoz, hegazkin bakarra erabiliko du: BAE JETSTREAM 32, bi motorduna. «Txikia eta erosoa». Hemeretzi bidaiari garraiatzeko tokia baino ez du izango, baina, eskaria handitu ahala, ez dute baztertu handiago bat eskuratzea. Bogaren bultzatzaileak azpimarratu du bidaiariek ilara luzeak saihestuko dituztela: «Bidaia eraginkorra eta erosoa izatea lehenetsi dugu; hegazkineratzea eta lurreratzea bizkor egitea».
Aitzindari eta berritzaile
Pozik eta esker onez hartu du egitasmoa Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasun diputatu eta Ortzibiako kontseilu administrazioko presidenteorde Marisol Garmendiak: «Nola ez ditugu babestuko Gipuzkoan sortzen diren proiektu berritzaile eta aitzindariak?». Haren esanetan, horrek ematen dio Bogari balio erantsia. «Gipuzkoatik gipuzkoarrentzat sortua den neurrian, abagune paregabea da enpresarientzat». Garmendia ziur da ahaleginak mereziko duela: «Gipuzkoa mapan kokatuko du berriz, panoraman, eta erraztu egingo ditu komunikatzeko bideak». Diputatuak gehitu du Bogaren apustua bat datorrela Hondarribiko aireportuaren izaerarekin eta «ezin hobeto» asmatu duela gaur egun eskaintzen dituen aukerei zukua ateratzen. «Hori gutxi balitz, enpresen artean harreman turistikoak sustatuko ditu».
Europako egitasmo «bakarra» izanagatik —AEBetan oso hedatua dago—, euskal aire konpainia berriak badu aurrekaririk: Nort Jet, Euskal Air SA aire konpainiak 1989an komertzializatua. BBK, Vital Kutxa eta Gipuzkoako Kutxa zituen akziodun nagusi, baina Palmako aireportua (Herrialde Katalanak) izan zuen gotorleku. Bide laburra egin zuen, ordea: hiru urtera, hondoa jo zuen, Jaurlaritzaren sostengu faltagatik eta errentagarritasun arazoengatik.
Sektorea aireratzeko hegoak
Enpresarien joan-etorriak errazteko lehen euskal aire konpainia abiarazi dute: Boga Flysharing. Europan tarifa finko bidez funtzionatuko duen bakarra da. 80 bazkideren babesa behar dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu