Sektore publikoan aldi baterakoak baztertzen dituela ohartarazi dio Bruselak Espainiari

Baimenak hartzeko orduan eta aintzinatasunean diskriminatuta daudela uste du Europako Batzordeak. Bi hilabete eman dizkio araudia aldatzeko, eta bestela zigor prozedura zabalduko dio Espainiari.

Langile publikoen protesta bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Langile publikoen protesta bat, Gasteizen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko uztailaren 25a
18:05
Entzun

Europako Batzordeak beste behin egin dio errieta Espainiako Estatuari bere lan araudia dela eta. Oraingo honetan ez da sektore publikoan dagoen behin-behinekotasun handiarengatik, baizik eta funtzionarioen eta aldi baterako langileen arteko desberdinkeriagatik. Bi hilabete eman dizkio arazoak konpontzeko.

2014an hasi zuen Europako Batzordeak Espainiaren aurkako prozedura aldi baterako langile publikoen diskriminazioarengatik, baina orduz gero araudian hobekuntzak izan direla aitortu du. Edonola ere, uste du Espainiaren lan araudia oraindik ez datorrela guztiz bat 1999ko zuzentarau batekin. Haren arabera, onartezina da aldi baterako langile publikoek lan baldintza okerragoak izatea postua ziurtatuta daukatenek baino. Eta Espainiako legedian oraindik arazoak ikusten ditu Bruselak.

Zehazki, hiru gai hauek aipatu ditu: lan baimenak, antzinatasuna kalkulatzeko irizpideak, eta lanbide karrerak. Hiru arlo horietan «baldintza okerragoak dituzte aldi baterako langileek», esaten du Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari gaur igorritako gutunak. 

«Aurkitutako akatsak zuzentzeko», bi hilabete eman dizkio Bruselak Madrili. Hala egiten ez badu, beste urrats bat egingo dute EBko zerbitzuek: iritzi arrazoitua izeneko prozedura abiatuko dute; hau da, Espainiari eskaera formal bat egingo diote bere legedia alda dezan. Beste bi hilabeteko epea zabalduko luke eskaera horrek, eta haren bukaeran, aldaketarik ez balego, Bruselak Espainiaren aurkako salaketa jarriko luke Europako Batasuneko Justizia Auzitegian.

Beste prozedura batzuk

Aldi baterako langile publikoen lan baldintzetan ez ezik, beste gai batzuetan ere Espainiak ez du betetzen Europako Batasunaren legedi komuna, hala nola pentsio planetan, bankuak berregituratzeko prozeduretan, zerbitzu digitaletan eta aire nabigazioan. Ohi den moduan, ohartarazpen horiek beste herrialde batzuei ere egin dizkie Europako Batzordeak.

Gainera, gai batzuetan, Bruselaren errieta herrialde guztietara iristen da. Horrelakoak dira atzo jakinarazitako bi.

Lehenik, zigor prozedura ireki die Austria ez beste estatu kide guztiei, CO2 emisioen salerosketaren zuzentaraua osorik ez betetzeagatik. Iazko ekainean jarri zen indarrean zuzentarau horren azken eguneratzea, eta, haren bitartez, sektore berriek ordaindu beharko dute karbono tasa: etxebizitzetako berokuntza sistemek, errepide bidezko garraioak eta industriaren beste atal batzuek.

Bigarren prozeduran ez da salbuespen bakar bat ere. Bruselak EBko 27 kideak ohartarazi ditu hondakinen bilketan eta birziklatzean finkatutako helburuak ez betetzeagatik. EBko zuzentarauak dio beiraren, paperaren eta kartoiaren %60 birziklatu behar dela, eta metalen %50. Helburu apalagoak dituzte plastikoek (%22,5) eta egurrak (%15).

Aparailu elektrikoen eta elektronikoen hondakinak bereizita biltzeko zuzentaraua ere ez dute bete EBko kideek. Araudiak dio aurreko hiru urteetan saldutako aparailuen pisuaren %65 gutxienez jaso behar direla birziklatze zentroetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.