ELAk gero eta emakume gehiago ditu Hego Euskal Herriko enpresen langile batzordeetan. Zehazki, ordezkari guztien %41 dira emakumeak, 2019an baino lau puntu gehiago (%37). ELAko idazkari nagusiaren alboko Amaia Muñoaren iritziz, emakumeen parte hartze hori sektore feminizatuetan duten «indarraren» emaitza da.
Sindikatuaren Donostiako egoitzan eman zituzten atzo hauteskunde sindikalen azken datuak, eta, Muñoaren arabera, garrantzi handia ematen diete enpresa txikiei eta ertainei: «Gure ahaleginaren parte handi bat jartzen dugu ELAren lana ez dadin mugatu sektore tradizionaletara. Beste hainbat sektore desberdin eta txikiagoetakoetara iritsi dadila bilatzen dugu». Hala azaldu zuen Joseba Villarreal hauteskunde sindikaletako arduradunak:«Askotan hitz egiten da enpresa edo sektore handi eta ezagunez, baina ELAk enpresa txiki eta ertainetan dauka ordezkaritza handiena, eta hori uste dut azpimarragarria dela. ELA ez da soilik CAF edo Bellota, nahiz eta horiek ere garrantzitsuak diren».
ELA Hego Euskal Herriko lehen indar sindikala da oraindik ere. 2023ko apirileko kontaketaren arabera, 8.920 ordezkari ditu guztira: ordezkari guztien %36,1. Bigarren sindikatua, CCOO, alde handira dago, 4.913 ordezkari baititu (%19,9). Villarrealek adierazi zuen sindikatua «oso pozik» dagoela emaitzekin; izan ere, 2023ko apirilean iazko abenduan baino 103 ordezkari gehiago ditu.
Nafarroako emaitzak goratu zituen Villarrealek. Izan ere, hirugarren indarra da ELA, baina bigarrenetik gero eta gertuago dago. UGT da lehen indarra, baina 2006ko abendutik beherakada izan du: garai hartan, ordezkarien ia %31 ziren harenak, eta egun %24,6 dira. CCOO da bigarren indarra, %24,1ekin, eta ELAk %23,2 ditu. «Bigarren sindikatua izatetik gertuago gaude egunez egun, baita lehenengoa izatetik ere», adierazi zuen.
Muñoaren ustez, ELA izaten ari den gorakada egunero egiten duten lanaren ondorioa da: «Jendeak zergatik ematen dio botoa ELAri? Iruditzen zaiolako tresna eraginkorrena izan daitekeela». Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egin du gora, eta Araban, aldiz,behera: abenduan lurraldeko ordezkarien %37,4 ziren ELArenak, eta apirilean, %36,8. Hala ere, Araban oraindik ere lehen indarra direla gogorarazi zuen Villarrealek. Federazioka, industrian eta eraikuntzan (%37,3), zerbitzuetan (%33,9) eta Gizalan-Zerbitzu Publikoetan (%39,6) gehiengoa du, eta nabarmendu zuen alor horietan gainontzeko sindikatuekiko aldea handitu dutela.
LAB, gehien hazi dena
2006tik hona LAB da Hego Euskal Herrian ordezkaritza gehien handitu duena. 2006ko abenduan, ordezkarien %15,7 zituen (4.005), eta %19,1eko kuota du orain (4.722). Nafarroan hazi da gehien, ordezkarien %12,3 baitzituen 2006an, eta %17,3 egun. Laugarren indarra da Nafarroan, halere: ELA baino sei puntu atzerago.
Lau sindikatu nagusietatik kanpo, Hego Euskal Herriko ordezkarien %10,5 beste sindikatu txikiago batzuetakoak edo independenteak dira. Hala ere, sindikatu horietako asko sektore jakin batzuetakoak dira, eta horietako batzuetan indar nagusia dira. Adibidez, Osakidetzan SATSE bigarren indarra da, ELAren atzetik, eta EAEko hezkuntzan, Steilas da nagusi irakasleen artean.
Sektore feminizatuei esker, ELAko ordezkarien %41 emakumeak dira
Hego Euskal Herrian delegatu gehien duen sindikatua da ELA: 8.920 ditu. Bigarren indarrak halako bi ditu ia, CCOOk 4.919 ordezkari baititu. LAB da 2006tik ordezkaritza gehien handitu duena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu