Sei milioi pertsonak bi urtetik gora daramate langabezian, Europan

Egiturazko langabezia okerrera egiten ari dela ohartarazi du OITk. Inbertsio publikoari bultzada koordinatua emateko eskatu die erakundeak gobernuei. Langile txiroen jaitsiera moteldu da

Langabezia eta migrazio ekonomikoak salatzeko, sindikatuek ekintza bat antolatu zuten Kroazian, iaz. ANTONIO BAT / EFE.
Ivan Santamaria.
2017ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Ziurgabetasunaren eta hazkundearen indar faltaren eraginez, zailtzen ari da krisiak enpleguan eragin zuen hondamendiari buelta ematea. OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak 2017. urterako joera nagusiak aztertu ditu txosten batean, eta kezkagarriak dira ondorio nagusiak. Egungo hazkunde mailarekin, langabezia ez da murrizten ari, kontrakoa baizik. Herrialde aurreratuetan arazo bihurtzen ari da egiturazko langabezia, eta garatzeko bidean direnetan okerrera egin du langile txiroen egoerak.

Luzaroko langabeziak Europan duen egoerari buruz ohartarazi du erakundeak. Sei milioi pertsonak bi urte baino gehiago daramate lana aurkitu ezinik. Hamar langabetik hiru dira. Egoera horretan gutxienez urtebete igaro dute langabeen ia erdiek (%48,7). «Egiturazko enplegua okerrera egiten ari den seinaleak badaude», azpimarratu du txostenak, eta antzera gertatzen ari da AEBetan eta Kanadan.

Europako Batasunean enplegu sorrera eskasa da oraindik, eta OITk ez du hobekuntzarik ikusten lanpostuen kalitatean. Batasuneko bost langiletik batek du aldi baterako kontratua, eta %14k lanaldi partzialak dituzte. Horrelako lanpostuak izatera behartuta daudenak geroz eta gehiago dira. Aldi baterako langileen %62k gogoz kontra sinatzen dute halako kontratu bat, eta kopurua %27 da lanaldi partziala dutenen artean.

Langabezia gora, berriro

Munduko hazkunde globala %3,1 izan zen joan den urtean, azken sei urteetako eskasena. Atzeraldiak eta krisiak lekualdatu egin dira herrialde garatuetatik garatzeko bidean diren herrialdeetara. Ekonomiaren martxa hori ez da aski langabezia kontrolpean izateko. Lanpostuak sortzen dira, bai, baina ez dira nahikoa merkatura iristen den eskulan berri guztia berdintzeko. Aurten langabezia globala hamarren bat igoko dela aurreikusi du OITk: 3,4 milioi lagun gehiago dira beharrik gabe. 2018. urterako ez da aldaketa handirik espero, eta beste 2,7 milioi langabe gehituko lirateke. Iragarpenak betetzen badira, azken urteotako hobekuntzaren parte bat galduko du enpleguak, eta, berriro ere, 200 milioi langaberen langa gaindituko da.

«Bi erronka ditugu aurrez aurre: munduko krisi ekonomiko eta sozialaren kalteak konpontzea, eta kalitatezko enpleguak sortzea urtero lan merkatura sartzen diren dozenaka milioi pertsonarentzat», azaldu du OITko zuzendari nagusiak, Guy Ryderrek. Egoera bideratzen laguntzeko ahalegin koordinatua eskatu die erakundeak gobernuei. Itzulita: aurrekontu publikoetan gastu handiagoa eskatu dutenen taldeari gehitu zaio OITren ahotsa.

Bi aukera aztertu ditu txostenean. Luzera begirako geldialdi egoera —kontsumo eta inbertsio eskaera apala— indartzen bada, iragarritako langabe kopurua 1,3 milioi pertsona handitu litzateke datozen bi urteetan, eta bereziki herrialde aurreratuei kalte egingo lieke.

Aldiz, kontrako efektua luke inbertsioaren bultzada publiko batek. Ekonomiari berehalako astindua emango lioke, eta epe ertainera begirako beldurrak uxatuko lituzke. Horri esker, bi urtean 2,7 milioi langabe gutxiago egotea posible litzateke, OITren ustez.

Lanpostu ahulak

Gorabidean eta garatzeko bidean diren herrialdeetan bestelako erronkak badira. Txostenean nabarmendu dute enplegu ahulaoso hedatuta dagoela oraindik. Soldatarik gabeko familia langileak edo autonomoak enplegu guztiaren %42 dira. Hasi berri den urtean 1.400 milioi lagun izango dira, Txinan edo Indian dauden biztanleak baino gehiago. «Gorabidean diren herrialdeetako langileen erdiek lanpostu ahula dute, eta bostetik lau dira garatzekobidean diren herrialdeetan», Steve Tobin elkarteko ekonomista eta txostenaren egilearen hitzetan.

Bestalde, langile txiroen kopuruak beheraka segitzen du, baina jaitsieraren erritmoa moteldu da.Helburu ekonomikoak dituen migrazioa eta ezinegona hauspotzen ditu halako egoera batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.