Ataka zailean dago etxetresnen sektorea Euskal Herrian. Aurreko hamarkadan, oso sonatuak izan ziren bi enpresa handi itxi zituzten: Mondragon taldearen ikurretako bat izandako Fagor Etxetresnak, eta Candy garbigailu lantegia Bergaran (Gipuzkoa). Orain, beste olatu batek jo du sektorea. SDA Factoryk berretsi egin du Gasteizen duen planta itxi egingo duela eta han lan egiten duten 55 langileak kaleratuko dituela. Ezkirozko (Nafarroa) BSHko 660 langileek agian bide berean izango direla ohartarazi dute.
Gaur amaitu da SDA Factoryren enplegu erregulazio espedientea negoziatzeko aldia, eta zuzendaritza eta sindikatuak ez dira ados jarri. LABek azaldu duenez —sindikatu horrek du gehiengoa batzordean—, langileek ez dute enpresaren aldetik dirurik jasoko, eta Fogasa Soldatak Bermatzeko Funtsera jo beharko dute, zor zaien soldataren zatia eta kaleratzeengatik gutxieneko kalte ordainen bat jaso ahal izateko. Sindikatuak gogoratu duenez, lantaldearen batez besteko adina handia da, eta horrek asko zaildu dezake beste lanen bat aurkitzeko aukera.
ELKARRIZKETA
Azken lau urteetan, bata bestearen atzetik kateatu dituzte enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak. Azkena iazko abenduaren 31n amaitu zen. Hori luzatzeko negoziazio prozesu bete-betean zeudela jakin zuten langileek hartzekodunen konkurtsoan sartu zela enpresa, eta urtarril hasieran zuzendaritzak lantegi batzordeari berretsi zion lantegia ixteko asmoa zuela. Enpresaren jabeek diote ezin diotela aurre egin azken urteetan pilatutako galerei, baina, langileen ustez, «aldez aurretik pentsatutako estrategia» baten ondorioa da itxiera.
«Iruzur» salaketa
LABen arabera, «eskrupulurik gabe» jokatu du zuzendaritzak. «Kutxan eskua sartu dute, hutsik utzi arte eta likidazioa ez zen beste aukerarik gabe utzi arte. Azken urteetako erregulazio espedienteek denbora irabazteko eta iruzurrezko operazio hau babesteko baino ez dute balio izan».
Lisatzeko gailuak egiten ditu Gasteizko SDA Factoryk, Ehari-Gobeu industrialdean. Ufesa zenak sortu zuen lantegia, eta oraindik haren marka erabiltzen dute handik irteten diren produktuetan. Aurreko jabea Alemaniako BSH zen —hain zuzen ere itxiera espedientea aurkeztu duen Ezkirozko lantegiaren jabea—. Gasteizko planta, baina, Kataluniako B&B Trendsek erosi zuen 2018an. LABek salatu duenez, BSHk euro batean saldu zuen lantegia, eta, trukean, hogei milioi eurotik gora eman zizkion B&B Trendsi. Horrez gain, ordutik hona enpresaren jabeek 14,5 milioitik gorako dibidenduak jaso dituztela nabarmendu du.
B&B Trendsen esku geratu zenean Gasteizko lantegiak 240 langile zituen, eta gaur egun 55 daude. LABek gogoratu duenez, Kataluniako taldeak erosi aurretik, enpresak lan karga handia eta irabaziak zituen.
Gasteizko plantarena «deslokalizazio kasu argi bat» da, langile batzordearen arabera. B&Bk beste lantegi bat dauka Bartzelonan, eta, salatu duenez, hara bideratu nahi du Arabako plantako produkzioa.
Ez dute argitu hurrengo urratsak zeintzuk izango diren, baina ez dute baztertzen auzitara jotzea, zuzendaritzak lege iruzurra egin duelakoan. «Ahal dugun fronte guztietan borrokatuko gara». Erakundeentzako mezua ere izan du LABek. Salatu duenez, «salerosketa operazioaren» berri izan arren, ez dute ezer egin. «Bizkarrean zapladatxo asko, baina laguntzarik ez».