Sarraskijaleen mehatxua

Txina bizkorrago suspertzeak aukera ematen die bere enpresei kinka txarrean dauden beste herrialdeetako enpresak erosteko. Halakorik ez gertatzeko neurriak hartzen ari da EB.

Zigor Aldama.
Shanghai
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Txina munduan beste edonon baino azkarrago suspertzen hastea abantaila izango da nazioartean zabaldu nahi duten enpresentzat. Ardoaren sektorean sumatzen hasi da joera hori. «Nazioarteko upategiak erosi edo haietan inbertsioa egin nahi duten Txinako enpresa handiek beren planei berrekin diete, atzerriko upategiak merkatu egin direlako krisi honetan», azaldu du OneBev taldeko Mario Casanovak. Txinako kapitala egoera zaila duten upategientzat lagungarri gerta daitekeela uste du, eta Asiako merkatuan sartzeko aukera ona izan dezaketela, gainera. Horrelako operazioen inguruan eszeptizismo handia sumatzen da, ordea: atzerrian muga argiak jartzen hasi dira haiek eragozteko.

Enpresak Txinako sarraskijaleeen esku ez geratzea da neurri horien helburua, krisiaz ez baliatzen uztea, nazioarteko hainbat erakunderen arabera, 2008koa baino okerragoa izango baita. Horregatik, EBko Lehia Komisario Margrethe Vestagerrek iradoki du zailtasunak dituzten enpresa estrategikoen parte hartzeen jabe egitea gobernuak, Txinako konpainiak akziodun bihurtzea eragozteko. Txinari nagusitasun teknologikoa ez erraztea litzateke azken helburua.

Etxeratzeko funtsa

«Krisiak globalizazioaren prozesuari eragingo diola begien bistako da, Txinaren irudiari kalte handia egin baitio; munduko herrialde askotan ohartu dira Txinarekiko duten muturreko mendekotasuna», esplikatu du CKGSB negozio eskolako finantza irakasle batek. «Logikoa da herrialdeek Txinarengandik babestu nahi izatea ahultasun garai honetan. Eta logikoa da, era berean, Txinako enpresek beren alde jarri nahi izatea egoera hori».

Are, Japoniak 2.200 milioi euroko funts bat jarri du martxan, bere enpresek Txina utz dezaten. Japoniako industriaren etxeratzea lortzeko helburua dute funts horren baliabide gehienek, baina Japoniaz besteko helmugak aukeratzen dituztenek 200 milioi euroko poltsa batetik laguntzak jasoko dituzte, halaber. «Epidemia hasi aurretik martxan zegoen joera, baina koronabirusak azkartu egin dezake prozesua», dio 2Open enpresako Luis Galanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.