Gaur bi aste bete dituzte greba mugagabean Andoaingo (Gipuzkoa) Sapa enpresako langileek. Donostiako Bulebarrean egindako elkarretaratze batean azaldu dutenez, orain arte zuzendaritzak ez du «inolako mugimendurik» egin, eta negoziazioa «erabat blokeatuta» dago.
Enpresak 127 langile ditu, eta ELA sindikatuak du gehiengoa batzordean. 2012. urtetik daramate akordioa berritu gabe. Ordutik, halere, soldata igoera batzuk adostu dituzte. Besteak beste, eskaera hauek egin dituzte orain: KPItik gorako igoerak egitea, soldata arrakala amaitzea, eta lanaldi murrizketak eta azpikontratetako langileak gutxitzea, lantaldean integratuz.
Realeko presidente Jokin Aperribairen familiak zuzentzen du enpresa. Sapak armagintzara bideratzen du ekoizpena ia esklusiboki. Ofizialki, bezero bakarra du: Espainiako armada, eta Dragon 8x8 ibilgailu blindatuaren propultsio sistema fabrikatzen du. AEBetan ikerketara eta garapenera bideratutako planta bat ireki berri du.
Armagintza eta lan baldintzak
Azken urteetan emaitza oso onak izaten ari da Sapa. Besteak beste, 2021ean, 350 ibilgailuko kontratu handia egin zuen, 2.100 milioikoa. Mugikortasun elektrikoa sustatzeko Espainiako Gobernuaren ESEPE proiektu estrategikoan ere parte hartuko du.
Horrez gain, bere bezero zorroa zabaltzeko garrantzi handiko mugimendu batzuk egin ditu azkenaldian. 2021ean Indra konpainian zuen parte hartzea %5etik %8,5era handitu zuen, eta eserleku bat eskuratu administrazio kontseiluan. Indra estrategikoa izaten ari da Europako diru laguntzak erakartzeko Espainiako Gobernua bultzatzen ari den armagintza sektoreko enpresa kontzentrazioan. Gobernua da enpresaren akziodun nagusia.
«Aperribai jaunak harrotasun handiz dio Sapa punta-puntako enpresa dela, eta erreferentea nazioartean. Lan baldintzak, berriz, puntakoak izatetik oso urrun daude, eta langileen haserrea geroz eta nabariagoa da», adierazi zuen LABek, martxoaren 6an langileek Andoainen egin zuten elkarretaratzearen harira kaleratutako oharrean.