SAPA eta Maser enpresek baztertu egin zuten Hiriko salbatzeko inbertitzea

Epaileak ohartarazi du epaiketa urtebete atzeratzeko arriskua dagoela azaroaren 10erako lekukoen deklarazio guztiak amaitzen ez badira

Hiriko Bruselan aurkeztu zen eguna, 2012ko otsailean. OLIVIER HOSLET / EFE.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hiriko ibilgailu elektrikoa sustatu zuen elkarteak, Afypaidak, konkurtso aurrekoa aurkeztu zuenetik konkurtsora pasatu arte hamazortzi hilabete igaro ziren. Administrazio konkurtsalak uste du atzerapen hori badela akusatuei porrotaren ardura leporatzeko arrazoia. Akusatuek, aldiz, bitarte horretan enpresa salbatzeko inbertitzaile bila aritu zirela adierazidute. Epaiketan inbertitzaile posible gisa aipatu diren bi enpresa nagusietako —SAPA eta Maser— buruzagiek deklaratu zuten atzoko saioan, eta, kontakturen bat edo beste egon zela azaldu zuten arren, batek zein besteak baztertu zuten proiektua salbatzeko benetako aukera seriorik egon zenik.

Hirikorentzat lehen mailako hornitzaile izan behar zuten Sapak eta Maserrek. Elektronika eta mekanika sortu behar zuten, esaterako, gurpil errobotikoak egiteko. Diru publikoaren iturria itxi zenean, haiengana jo zuten Hirikoren bultzatzaileek, EAJtik hurbileko enpresaburu taldeak.

Jose Maria Iriondo Maserreko buruzagia izan zen argiena. SPRI elkarteak eskatuta, bilera batean agertu ziren, bain ordurako ez zuten interesik proiektuan. «Oso kritikoak ginen gertatutakoarekin», azpimarratu zuen. Maserrek egindako gurpila alde batera utzi zuten Hirikon, eta, diseinua aldatuta, gurpil arrunt baten alde egin zuten. Afypaidaren eta Maserren artean, egindako lanari eta ordainketei buruz desakordio handiak zeuden.

Ibon Aperribai SAPAko arduradunak azaldu zuen interesa agertu zutela Hiriko homologatzen laguntzeko. 2012. urteko bukaera aldera egin ziren elkarrizketa horiek, baina ez zuten ezta eskaintza serio bat planteatu ere egin. Afypaidako abokatuak aurkeztu zuen SAPAren kreditu bat bideratzeko ustezko kontratu zirriborro bat. «Ez dut inoiz ikusi dokumentu hori», zehaztu zuen Aperribaik.

SAPAren interes zuzena desagertu zen, baina ez zen azken kontaktua izan. Urtebete geroago, 2013ko hondarrean, bitartekari gisa aritu ziren Kazajstango inbertitzaile batzuentzat. Defentsak saiatu dira frogatzen SAPAren interesa gehiago luzatu zela, baina ukatu egin zuen Aperribaik: «2014an ez zen negoziatu». Akusatuek Japoniako eta Irango inbertitzaileekin ere aritu ziren, baina urtebete lehenago gertatu ziren elkarrizketa horiek, 2013an.

Atzerapen arriskua orain

Ez da ohikoa merkataritza alorreko auzi batean hainbeste lekuko eta peritu deitzea, eta epaiketaren saioak bideratzeko orain arte izan diren zailtasunei beste bat gehitu zaie: epea. Azaroaren 10erako deituta dago azken saioa. Ordurako ez bada posible lekuko guztiek deklaratzea, Maria Teresa Trinidad Santos epaileak ohartarazi du epaiketa urtebete gelditu beharko litzatekeela, ez baitago aurrera jarraitzeko baldintzak betetzen dituen aretorik eskura.

Joan Villadelprat Epsiloneko burua, Armando Gaspar Hiriko proiektuko zuzendari ohia, eta Xabier Legarreta Denokinneko zuzendaria falta dira deklaratzeko. Epaileak honezkero zalantzan jarri du haien argudioak entzuteko beharra. Fiskaltzari exijituko dio zehaztu dezala zertarako nahi dituen, baina argi utzi du azalpena ez bazaio justifikatuta iruditzen, epaiketa bukatutzat jo dezakeela lekuko horien deklarazioari biderik eman gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.