Bart gauean hil da Santi Bengoa (Oleta, Araba, 1955 - Gasteiz, 2021), 1988. eta 2000. urteen artean Euskadiko CCOO sindikatuko idazkari nagusi izandakoa. 65 urte zituen, eta Gasteizko ospitale batean hil da. Mari Cruz Vicenteren senarra zen, gaur egun Espainiako sindikatu handieneko buruzagietako bat denarena.
Bengoa 1988an hautatu zuten sindikatuaren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako adarraren buru, eta bi aldiz hautatu zuten berriro. Postua utzitakoan bere lanpostura itzuli zen, Sidenor metalgintza enpresara, 2016an erretiroa hartu zuen arte. Bengoa sindikatuko buru izan zen garaian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bigarren sindikaturik handiena zen CCOO, ELAren atzetik eta LABen aurretik. Gaur egun kide gehiago dituzte bi sindikatu abertzaleek.
Bengoa, ordea, sindikatuko buru izan aurretik hasi zen sindikalgintzan. 1974. urtean, klandestinitatean, martxan jarri zuen CCOO Michelinen Gasteizko lantegian. Franco hil ostean berehala hasi zen sindikatuan postu nabarmenduak izaten, eta, besteak beste, parte hartu zuen sindikatuak 1976an Bartzelonan egindako biltzarrean.
CCOOk nabarmendu du Bengoak lan asko egin zuela sindikatuak alderdi politikoekiko independentzia izan zezan, eta sindikatuaren aniztasunaren defentsan egindako lana ere azpimarratu du.